Estibalitz EZKERRA
Literatur kritikaria

Konferentziak

Udaberriko oporren garaia da martxoa erdialdea AEBetako egutegi akademikoan, katolizismoa erlijio nagusia den herrialdeetako Aste Santuaren antzeko lan etenaldia (batzuentzat), erlijio ospakizunen aitzakiarik gabe.

Konferentzien garaia izaten da, uste zabaldua baita, ikasleak oporretan daudenez, irakasleek ez dutela bidaiatzeko oztoporik izango. Konferentzietara joatea lana ere bada, ordea, eta ez beti ekonomikoki bideragarria. Hainbat amu erabili ohi dituzte parte hartzea sustatzeko, hala nola kokalekua (hiri ezagunak eta, konferentziatik kanpo, haietan egin daitekeena), aspaldi ikusi gabeko lankide zein ikaskide ohiekin elkartzeko parada eta, jakina, intelektualki estimulagarriak izango diren solasaldiak izateko aukera.

Aitortzen dut ikasle nintzen garaian gehiago gozatzen nituela halako ekitaldiak, urteekin betebehar bat (gehiago) bihurtu zaizkidala. Hala ere, hitzaldi zerrendari begiratu eta sorpresaren bat aurkitu izan dut, oraingoan, esaterako, Hanya Yanagihararen obrari buruzko mahai inguru bat, bere lanek eragin duten erakargarritasuna zein arbuioa (trauma zein tortura porno bezala deskribatu dituzte bere nobelak) aztertzeko xedearekin. Irakurri ditut Yanagihararen nobelak, eta ez nuke esango plazer bat izan denik, ez gaiak asaldagarriak direlako baizik eta lehen nobela, bigarrena, eta hirugarrena irakurtzen amaitu ostean buruan bueltaka zebilkidan galdera zelako: eta honek guztiak zer helburu du?