GARA
DONOSTIA

Pasaiako segadako poliziak identifikatzeko saioarekin bat elkarretaratzera deitu dute

Bihar 39 urte beteko dira Poliziak Pasaiako badian Dioni Aizpuru, Jose Mari Izura, Rafa Delas eta Pedro Mari Isart hil zituenetik. Lore eskaintza egingo da bihar, eta ekitaldi nagusia, larunbatean. Martxoaren 28an, bestalde, auziak aurrera egin lezake poliziak identifikatzeko saioarekin.

Pasaiako sarraskiaren urteurreneko 2021eko ekitaldia.
Pasaiako sarraskiaren urteurreneko 2021eko ekitaldia. (Gotzon ARANBURU | FOKU)

Pasaiako segadaren 39. urteurrenak leiho ireki bat dakar: Joseba Merinok, sarraski hartatik bizirik ateratzea lortu zuenak, RTVEren webgunean polizietako bat ezagutu ostean, zazpi agenteren arteko errekonozimendu proba batean hura identifikatzeko aukera izango du martxoaren 28an. Egun horretan Donostiako Auzitegi Nagusiaren aurrean elkarretaratzea egingo dute hainbat herritarrek, “Pasaiako sarraskia ikertu eta argitu” lelopean, goizeko hamarretan.

Urteurreneko ekitaldi nagusia, aldiz, larunbaterako deitu du Pasaia Argitu taldeak. 19.00etan hasiko da, Azpeitiko Azoka Plazan. Urtero egiten duten bezala, justizia, egia eta errekonozimendua eskatzeko zita izango da asteburukoa, eta, antolatzaileek prentsari igorritako ohar batean aurreratu dutenez, erbesteak esanahi berezia hartuko du aurten.

Bihar 39 urte beteko dira Polizia espainolak Pasaiako badian Komando Autonomo Antikapitalistetako Dioni Aizpuru, Jose Mari izura, Rafa Delas eta Pedro Mari Isart hil zituenetik. Horrela, senide eta gertukoek lore eskaintza egingo dute, Azpeitiko Enparan dorretxearen atzeko monolitoan, 19.00etan.

1984ko martxoaren 22a

Polizia espainolak dena lotuta zuen 1984ko martxoaren 22rako. Egun batzuk lehenago Rosa Jimeno oriotarra bahitu eta torturatu zuen, eta bere kideekin Pasaiako badian hitzordua egitera behartu. Itsasontziz iritsi ziren Santa Isabel gazteluaren parera Dionisio Aizpuru “Kurro”, Pedro Mari Isart “Pelitxo”, Rafael Delas “Txapas”, Jose Maria Isidro Izura “Pelu” eta Joseba Merino. Azken honek soilik lortu zuen Poliziaren segadatik bizirik ateratzea. 113 bala zulo zenbatu zituzten egun hartan hil zituzten lau kideen gorpuetan.

Ordutik, 39 urtez, hildakoen senide eta gertukoak justizia, erreparazio eta memoriaren alde borrokan aritu dira. Ez da, baina, lan erraza izan, kasua hainbatetan artxibatu baitute epaileek 1987tik. Orain, 39 urtera, aukera bat daukate, martxoaren 28an egingo den errekonozimendu probarekin.