GARA
IRUN

Irundar guztientzako alardea antola dezala eskatu diote Udalari

Jose Antonio Santano alkateari zuzendutako gutuna argitaratu du Irungo Alarde Parekidearen Batzordeak, herritar denentzako alarde bat antola dezala eskatuz Udalari. Iaz ere egin zuen eskaera hori; ez zuen erantzunik jaso, ordea.

24 urte dira Irunen bi alarde egiten direla: bata, emakumeak kantineren paperean baizik onartzen ez dituena; bestea, ez baztertzailea, Emakunderen eta Gipuzkoako Aldundiaren babes ekonomikoarekin norbanako talde batek antolatua, parte hartu nahi duen ororentzat.

«Alardea mendeetan eta mendeetan antolatu du Herriko Etxeak; areago, udal ez baina kontzeju huts zelarik ere antolatzen zuen, eta XIX. mendearen bigarren erdialdeaz geroztik eutsi dio gaur egun ezagutzen dugun erari. Uste dugu gure hiriak Udalak antolatutako alardea merezi duela berriro», defendatu du Batzordeak.

Berdintasun printzipioa

Emakume eta gizonen arteko berdintasun printzipioa ordenamendu juridikoan jasota dagoela gogorarazi du, eta Autonomia Estatutuak ere ezartzen duela botere publikoen eginbeharra, baldintzak sustatu eta oztopoak gainditzekoa, «pertsonek eta beraien taldeek berdintasun benetako eta eraginkorra lor dezaten».

«Emakume eta gizonen arteko berdintasuna betebehar moral eta politikoa da, emakumeen eskubideak bermatzea dakarrena, baita pertsona guztientzat aukera berak eraikitzea ere», gaineratu du.

Batzordeak zuzenean dei egin die arduradun politikoei, benetako berdintasuna ezinezko egiten duten oztopoak desager daitezen, jai giroan eta esparru orotan.