Ane URKIRI ANSOLA
EIBAR
EH ITZULIA

Tourreko irabazle Vingegaardek bereganatuko ditu foku guztiak

Daniel Felipe Martinezek (Ineos) iazko garaipena errepikatu nahiko du eta, horretarako, talde indartsua lagun izango du, tartean Omar Fraile eta Jonathan Castroviejo euskaldunak. Guztira, 22 euskal txirrindulari egongo dira Gasteizko irteera lerroan.

Mailloten diseinu berria ere aurkeztu zuten Eibarko Coliseo antzokian, irabazlearentzako txapelarekin batera.
Mailloten diseinu berria ere aurkeztu zuten Eibarko Coliseo antzokian, irabazlearentzako txapelarekin batera. (Jon URBE | FOKU)

Tourrerako 99 egun falta badira, Euskal Herriko Itzulia gainean dugun seinale da. Zehazki, 10 egun falta dira Gasteizen hasiko den lehendabiziko etaparako. Atzo aurkezpen ekitaldia egin zuten Eibarko Coliseo antzokian. Hor gertu bukatuko da aurtengo edizioa, Arrateko mendikateko eremua okupatua izango baitu Espainiako eta Frantziako usakume tiro txapelketak.

Duela hilabete iragarri zituzten sei etapetako xehetasunak. Atzoko ekitaldian mailloten diseinu berriek eta lehiatuko diren txirrindularien behin-behineko zerrendak bereganatu zuten arreta, babesle eta laguntzaile guztiei eskerrak helarazteko protokoloa ahantzi gabe. Aurkezpenean egon ziren Lakuako Gobernuko Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendari Gorka Iturriaga, Gipuzkoako Foru Aldundiko homologo Goizane Alvarez, Eibarko alkate Jon Iraola eta babesle pribatuetako ordezkariak.

Nabarmentzekoa, hala ere, Bahrain Victorious taldeko kirol zuzendari Neil Stephensek presentzia izan zen, publikoaren artean. Mikel Landa eta Pello Bilbao daude zazpi txirrindularien zerrendan eta buruarekin baieztatu zuten sailkapen nagusia irabazteko asmoz datozela.

Sailkapen nagusirako borroka horretan lehia estua izango da, Ineos taldeak iazko txapeldun Daniel Felipe Martinez izango baitu lider eta honek sekulako laguntza izango du, Omar Fraile -Santurtzi-Santurtzi laugarren etaparen diseinatzailea- eta Jonathan Castroviejo tartean direla; baita Egan Bernal kolonbiarra ere, zeina, lesio larriaren ostean, gutxika-gutxika, maila errekuperatzen ari den.

161 TXIRRINDULARI

Alaphilippe gabe -iaz Vianan bukatu zen bigarren etapa irabazi zuen-, Vingegaard (Jumbo Visma) izango da jarraitu beharreko beste txirrindularietako bat. Tourreko egungo txapelduna da eta Pogacarri estu hartu diezaiokeen lasterkari bakanetakoa da. UAE Team taldea esloveniarra gabe lehiatuko da, baina sekulako taldea osatu du Adam Yates, Juan Ayuso, Brandon McNulty eta Davide Formolorekin, besteak beste.

Ion Izagirre izango da Cofidiseko liderra. Ormaiztegikoak iazko Itzulian erdietsitakoa berdintzea edo hobetzea izango du helburutzat: Arraten gailendu zen eta sailkapen nagusian bigarren bukatu zuen. Horretarako, taldean izango du Jonathan Lastra.

Alex Aranburu eta Gorka Izagirre Movistarren deialdian izango dira; Euskaltel Euskadik Mikel Bizkarra, Asier Etxeberria, Unai Iribar, Txomin Juaristi eta Gotzon Martin deitu ditu; Kern Pharmak, Jon Agirre, Igor Arrieta, Iñigo Elosegi eta Ibon Ruiz; Caja Ruralek, Jokin Murgialday eta Jon Barrenetxea; Burgos BH taldearekin arituko da Ander Okamika lekeitiarra; eta Total Energies-ekin dator Victor de la Parte gasteiztarra.

Richard Carapaz (Education First) txapeldun olinpikoa, Luis Leon Sanchez (Astana), Cristian Rodriguez (Team Arkea), Buchmann (Bora), Simon Yates (Team Jayco), Rui Costa (Intermarche), Remi Cavagna (Soudal Quick-Step) dira, besteak beste, aurtengo edizioan zeresana eman dezaketen txirrindulariak, ezustekoei inoiz aterik itxi gabe.