GARA
BILBO

«Behin eta berriro», matxismoaz kontzientziatzeko «escape room»a

«Escape room» batek bezala funtzionatzen duen «Behin eta berriro» erakusketa Basaurin egongo da aurrerantzean, Marienea emakumeen etxean. Gazteak eta nerabeak indarkeria matxistaren inguruan kontzientziatzea du helburu ekimenak.

Melgosa sailburua, gune berezi honen aurkezpenean.
Melgosa sailburua, gune berezi honen aurkezpenean. (IREKIA)

Barakaldon sortu zuten “Behin eta berriro” erakusketa, escape room modura aurkeztua. Gazteak indarkeria matxistaren inguruan kontzientziatzea du xede, eta Basaurin egongo da aurrerantzean.

Agintzari kooperatibako hezitzaile taldeak egindako proiektua da, gazteak eta nerabeak indarkeria matxistaren inguruan sentsibilizatzea helburu duena. Bertan, eguneroko bizitzako zenbait espazio islatzen dituzte, indarkeria matxistaren agertoki izan daitezkeenak, audio deigarriz lagunduta. Hala nola haurrentzako gela bat, gazteentzako lonja bat, eskola jazarpena egiten den ikasgela bat edo epaiketa bateko ikuspegi gela bat.

Nerea Melgosa Lakuako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politika Sailburuaren hitzetan, «oso hunkigarria» da erakusketa. Atzo izan zen erakusketan, Emakundeko zuzendari Miren Elgarresta, Basauriko alkate Asier Iragorri eta Berdintasunerako zinegotzi Isabel Cadavalarekin batera.

Melgosak aditzera eman zuenez, Emakundek joan den urtean jasotako datuen arabera, 1.867 dira indarkeria matxistaren biktima diren edo izan diren 30 urtetik beherako emakumeak. Aurkeztutako zifra «beldurgarritzat» jo zuen sailburuak.

Halaber, Melgosak azaldu zuen indarkeria pairatu duten emakumeen arretan espezializatutako Lakuako Gobernuaren telefonoak (900 840 111, bertara bideratzen dituzte estatu mailako 016 zenbakiko deiak) 1.379 emakume artatu zituela joan den urtean. Emakume haietako 149k 30 urte baino gutxiago zituzten eta 5 adingabeak ziren.

Sailburuak Zeuk Esan (116 111) Familien eta Haurren Zuzendaritzaren Agintzaren zerbitzuaren 2022ko jarduera-memoriako datuak ere azaldu zituen. Iaz 1.058 dei jaso zituzten, horietatik 22 nerabezaroko genero indarkeriaren kasuekin lotutakoak.

Testuingurua honakoa izanik, Melgosak prebentzioaren garrantzia nabarmendu zuen Basaurin, gazteen artean bereziki: «Hemen sentsibilizatzen diren eta berdintasunezko eta emakumeenganako indarkeriarik gabeko gizarte batera bidean protagonista izango diren mutilek, zein erakusketari esker indarkeriaren edo harreman toxiko baten zantzuak antzemango dituzten emakume gazteek tresna gehiago izango dituzte hari aurre egiteko edo ekiditeko».

Jarduera Marienea-Basauriko Emakumeen Etxean egin daiteke eta 45 minutuko iraupena dauka. 15 urtetik gorako edozein pertsonak har dezake, gehienez hamar pertsonako taldetan.