Dabid LAZKANOITURBURU

Finlandia bai, Suedia ez

Turkiako Parlamentuak oniritzia eman eta gero, Finlandia eta herrialde honek Errusiarekin mugan dituen 1.300 kilometroak NATOnsartuko dira.

Beti da albiste txarra edozein erakunde militar handitzea, HDP alderdi kurduaren abstentzioak gogora ekarri duen bezala.

Recep Tayyip Erdogan sultan neotomandarraren Turkiak, ordea, NATOren ateak itxita mantentzen ditu Suediarentzat, iheslari kurduei babesa ematen dielako.

Ez da bakarra. Viktor Orban presidente pan-magiarraren alderdiak (Fidesz), Hungariako Parlamentuan gehiengo zabala duenak, Finlandiari baietz esan dio, baina Suediari oraingoz itxaron egin beharko duela.

«Nagusitasun morala» eta «errespetu falta» leporatzen dizkio Budapestek Stockholmeko Gobernuari, Orbanek bultzatzen dituen lege atzerakoiak salatzeagatik. Europar Batasunak ere jomugan ditu asmoak.

Harritzekoa da bi herrialdeek Errusiaren mesedetan erakusten duten adostasuna, baita denboren gestio diplomatikoan ere. Geopolitikan garai berriak eta erabat korapilatsuak bizi ditugun seinale.

Dena den, harrigarriena zera da: Turkiari edonon, AEBetatik Errusiara, onartzen zaion xantaia egiteko ahalmena, gehienetan kurduen bizkar gainean.

Zer esanik ez, Hungariak -Polonia ahaztu gabe- Europar Batasunaren barnean egiten duen sator-lanari buruz.

Agian «NATO ez!» lelo historikoari eta urte honetan erantsi zaion «Putinen Errusia ere ez!» aldarrikapenari beste bat gehitu behar litzaioke: «Erdoganen Turkiari ez, Orbanen Hungariari ere ez!»