Iraitz MATEO
DONOSTIA

Mari Carmenen etxearen enkantea geratzeko eskatu dute Sabadell parean

Bosson Investimets funtsak enkantean jarri du Mari Carmen donostiarraren etxea; abal gisa erabili zuen, bere alabaren mailegu bat ordaintzeko. Alaba mailegua ordaintzeko prest agertu arren, Sabadell banketxeak eta funtsak ezezkoa esan diote. Enkantea gera dadin eskatzeko elkarretaratzea egin zuten atzo Donostian.

Mari Carmen, erdian, atzo Donostian Sabadell banketxe parean eginiko elkarretaratzean.
Mari Carmen, erdian, atzo Donostian Sabadell banketxe parean eginiko elkarretaratzean. (Gorka RUBIO | FOKU)

Alokairu Benta Berri, Kaleratzeak Stop eta Inquilinos Azora plataformek elkarretaratzea egin zuten atzo Sabadell banketxearen parean, Donostian, Mari Carmenen eta haren alaba Vanessaren egoera salatzeko. Alabak negozio bat martxan jartzeko behar zuen 55.000 euroko mailegua bere etxearekin abalatu zuen Mari Carmenek; negozioa gaizki atera zen, ordea, eta 2020ko urrian hipoteka exekuziorako demanda aurkeztu zuen banketxeak. 2022ko udaberrian Bosson Investiments funtsari saldu zion zuzenean mailegu hori, eta hark, berriki, enkante eskaera egin zuen Donostiako Lehen Auzialdiko Epaitegian.

Mari Carmen eta Vanessa zaurgarritasun egoeran dauden ama-alabak dira; 69 urte beteak ditu lehenak, eta 1.040 euroko alargun pentsioa jasotzen du; alabak, aldiz, ostalaritzan lan egiten du, eta adingabeko seme bat dauka. Elkarretaratzean eskatu zuten enkantea gelditzeko eta bost urteko kadentzia izateko, kuota murriztuarekin, banku jardunbide egokien kodeak ezartzen duen bezala, 19/2022 legeak.

Vanessak GARAri azaldu zion zein izan den bizitako egoera: «Hasiera batean, garai txar bat izan nuen lanean, eta gutun baten bidez jakinarazi ziguten amaren pisua enbargatuko zigutela. Akordio batera iritsi ginen banketxearekin: gutxiago, baina ordaintzen jarraitu nuen. Baina konfinamendua iritsi zen, eta lan egiteari utzi behar izan nion eta, ondorioz, ordaintzeari. Beste gutun bat iritsi zitzaigun, eta han esan ziguten gure mailegua funts putre bati saldu ziotela, eta funts putre horrek zuzenean enkantean jarri duela amaren etxebizitza». Beraiekin ez dutela inolako harremanik izan salatu zuen Vanessak, eta adierazi bera orain arte, gutxiago, baina ordain- tzen aritu dela. «Hori esan nienean, esan zidaten orain arte ordaindutakoa Sabadelleko nire kontura itzuliko zutela, beraiek ez zutela hartuko».

Orain, bost urteko kadentziara heltzea dute helburu. «Nik ordaintzen jarraitu nahi dut, hasieran proposatutako kantitatea ezin dut ordaindu, baina akordio batera iritsi gaitezke, pertsona zaugarrientzako legeak zehazten duen bezala», gaineratu zuen.

Etxebizitza eskubide bat dela defendatu zuten agerraldian, eta Donostian «pisu turistiko edota luxuzko etxebizitzak» egiten ari direla, «batzuen negozioen alde».

HERRITARREN BABESA

Elkarretaratzean, etxebizitzaren aldeko eta funts putreen aurkako plataformez gain, sindikatu eta eragile ezberdinek parte hartu zuten: CCOO LAB, Steilas, Caritas eta Satorralaiak.

Mahaian, Mari Carmenekin eserita, Irungo Angel Miguel eta Donostiako Maria Mar eta Ramona zeuden, egoera antzekoan dauden kideak. EH Bilduko eta Elkarrekin Podemoseko ordezkariak ere han izan ziren; azaldu zuten prest daudela Donostiako Udalak, beste batzuetan egin gisa, bitartekari lanak egin ditzan enkantea eragozteko.

MAILEGUEN SALMENTA

Azken urteetako zenbait datu ere agertu zituzten. Sabadellek 2018tik orain arte funts putreei mailegu berankorrak saltzeagatik 19.000 milioi euro baino gehiago eskuratu dituela salatu zuten: «Eta iaz, gainerako banketxeek bezala, 859 milioiko irabazi historikoak izan zituen».

Donostian funts putreek duten eragina ere salatu zuten: «Espainiako eta Euskal Herriko etxejabe nagusiak dira, etxebizitzaren gaineko hipoteka maileguen zorroak edukitzeaz gain, alokairuaren merkatua ere kontrolatzen dute, prezioen igoerarekin espekulatuz edo kontratuak ez berrituz».