GARA
BAIONA
ETXEBIZITZA DUINAREN ALDEKO MANIFESTAZIOA

Baionak «aski!» esan die etxebizitza eskubidea urratzen duten politikei

Atzo arratsaldez, apirilaren lehenengoarekin, milaka herritarrek erantzun zioten Herrian Bizi plataformak Baionan egin zuen deialdiari. Bigarren etxebizitzen fenomenoaren aitzinean, «Stop! Aski!» ildoa abiatuko dutela iragarri zuten antolatzaileek.

«Stop! Aski!» esan zieten bigarren etxebizitzei.
«Stop! Aski!» esan zieten bigarren etxebizitzei. (Patxi BELTZAITZ)

Baionako karrikak beste behin ere etxebizitza eskubidearen aldeko topaleku bilakatu ziren atzo. 32 eragile biltzen dituen “Herrian Bizi-Se loger au Pays” plataformak deiturik, arratsaldeko 15.30ak aldera Pirinio Atlantikoetako Suprefetura aitzinetik etxebizitza eskubidearen alde abiatu zen manifestazioan 3.500 lagun bildu ziren, antolatzaileen arabera.

Hitzorduaren aurretik ere -berez 15.00etan hastekoa zen martxa-, Lapurdiko hiriburuko karriketan, bero zen giroa. Kantak, jan-edanak eta festa giroak batu zituzten hainbat lagun Roland Barthes zelaigune estalian. Eta modu berean abiatu zen manifestazioa, indartsu, euria agertu zen arren. «Aberatsak zergapetu, ez maizterrak», «Turismo inbaditzaileegia, gure etxeetan bizi nahi dugu» eta antzeko mezuak erakutsi zituzten herritarrek.

Manifestazioaren gibelean, elkarteetako, sindikatuetako eta laborantza, ekonomia, arte, kirol eta kultur arloetako pertsonak batu ziren eta, horiekin batera, baita tokiko eta hainbat sentsibilitatetako auzapez eta hautetsiak ere.

BORROKAREN GARRANTZIA

Manifestazioa hasi aurretik, baina, plataformako ordezkariak herritarrengana zuzendu ziren. Hitza hartu zutenen artean izan ziren Maialen Errotabehere eta Txomin Heguy. Bozeramaile hauek azpimarratu zuten herri mobilizazioak aldaketak eragiten dituela, eta 2021eko azaroaren 21ean etxebizitza eskubidearen alde egin zen manifestazioa hartu zuten adibidetzat. Ordukoan 8.000 pertsona mobilizatzea lortu zuen Herrian Bizi plataformak eta deialdi horren bidetik biderkatu diren ekimenen segidan, besteak beste, etxebizitza turistikoei mugak ezartzeko hautetsiek onartu konpentsazio araua ekarri zuten gogora lorpen gisa.

Horrez gain, nabarmendu zuten duela urte eta erdi eginiko martxak bultzatu zuela Eric Spitz Pirinio Atlantikoetako prefeta ohia alokairuak mugatzeko Euskal Elkargoaren dispositiboan sartzeko hautagaitza sustengatzera.

«Garaipen hori indar kolektiboarena da, fenomeno horri aurre egiteko aterabide bat eraikitzeko mobilizatu den lurralde batena», adierazi zuten.

Hala ere, «egoera konpondua izatetik oso urrun» dagoela ohartarazi zuten bozeramaileek: «Merkatu libreak oraindik ere eragin kaltegarriak ditu. Higiezinen krisiak Ipar Euskal Herriko gizartearen atal guztiak ukitzen ditu, bereziki babesik gabe daudenak eta behar handien dutenak, baina baita erdi mailako klaseak ere». Gaineratu zuten, zentzu horretan, urtero ehunka direla lurraldean zenbatzen diren bigarren etxebizitzak, egungo 45.000ko kopurura ailegatu arte -edo, bestela esanda, Ipar Euskal Herriko etxebizitza guztien %20-.

Etxebizitza sozialen alorrean «eskasia ikaragarria» dagoela ere aipatu zuen plataformak eta egoera jasanezin bilakatzen ari dela salatu zuen; hainbeste, ezen egun bigarren etxebizitzak sozialak baino bi aldiz gehiago baitira.

Alor honetan, Herrian Bizi-k defendatu du etxebizitza sozialari lehentasuna ematea, bizitokien %40 gutxienez alokairu sozialen parkea hornitzera zuzenduta eta beste %20 baldintza sozialen araberako salerosketara bideratuta.

Izan ere, eraikuntza berrien hedapenak laborantza lur gehiago jateak eta lurralde antolaketaren ondorio ekologikoek geroari buruz eragin handia dutela ohartarazi zuen Errotabeherek.

BIGARREN ETXEBIZITZAK BEGIZ JOTA

Hala eta guztiz ere, fatalismora ez dutela joko argi utzi zuten plataformako ordezkariek eta Ipar Euskal Herrian etxebizitza bat saldu edo erosteko asmoa duten herritarrengana zuzendu ziren. «2024ko urtarrilaren 1etik goiti, ez dugu onartuko bizitoki nagusia den etxebizitza bakar bat ere erosia izatea bigarren etxebizitza bilakatzeko. Publikoki, tokiko biztanleek herrialdean ostatu hartzeko eta bizitzeko duten eskubidearen aurkako eraso zuzen eta onartezintzat hartuko dugu», ohartarazi zuten Maialen Errotabeherek eta Txomin Heguyek.

Hori dela eta, anbiguotasunik gabeko mezua zabaldu zuten larunbat arratsaldez Baionan, eta zehazki Ipar Euskal Herrian bigarren etxebizitza bat eskuratzeko asmoa dutenei begira jarri ziren. Horrela, “Stop! Aski!” lema erabiliko dute aurrerantzean egoitza bat bigarren etxebizitza bilakatzen den aldiro. Adierazpen horiek egin ziren momentu berean, manifestariek QR kode bat eta “StopAski” idatziak zituzten afixak erakutsi zituzten. Kode horrek “Bigarren etxebizitza bat eskuratu nahi dutenei zuzendua” izenburua duen manifestu batera bideratzen du; sinatzeko aukera zabalik da jadanik.

Bestalde, ondoko hilabeteetan, Etxebizitzen Tokiko Planaren urteko jarraipena, Tokiko Hirigintza Planak eta SCOT Lurralde Koherentzia Eskema «hitzordu garrantzitsuak» izanen direla aitzinatu zuten. «Bereziki erne egonen gara hautetsien engaiamenduak ondorio zehatzetan jarraituak izan daitezen. Tokiko hautetsien ardura osoa baita», adierazi zuten jende multzo handiaren aitzinean.

Gogorarazi behar da martxoaren 21ean plataformak txosten bat argitaratu zuela, eta etxebizitza sozialaren inguruko nondik norako bat nahiz neurri zehatz gehiago aurkeztu zituela dokumentu horren baitan.

«Espekulazioaren eta merkatu librearen aitzinean, denek etxebizitza bat izateko dugun eskubidea gutxi batzuek bi edo hiru izatearen gainetik jarria izan dadin, soilik antolaketa kolektiboak, elkar laguntzak eta herri mobilizazioak ahalbidetuko digute egoera iraultzea eta biharko garaipenak elkarrekin eraikitzea!», aldarrikatu zuen Herrian Biziplataformak.