Iker LAGRENADE
SARA

Marina Hirigoyen, abeltzaintzaren ondarea babestu nahi duen gaztea

Dagoeneko sei hilabete badira Marina Hirigoyenek, 23 urteko saratarrak, 500 manex burugorrik osaturiko artaldea hezten duela. Gurasoei lekukoa hartuta, haien jardunari segida eman nahi izan dio horrela. Urtero Larhun mendirantz transhumantzia eginez, mende bat baino gehiagoko familia tradizioa iraunarazteko asmo irmoa du artzain gazteak.

Marina Hirigoyen, Aitalaba etxaldean, bere zakurrekin.
Marina Hirigoyen, Aitalaba etxaldean, bere zakurrekin. (Guillaume FAUVEAU)

Oinetakoak jantzi, beharrezko zaizkionak soinean hartu eta mendi hegaletara joan, ardiekin topatzeko. Hori da Marina Hirigoyenen plazera. Aitalaba etxaldea familia negozio bat da. Lekukoa hartuz, gaztea 1916az geroztik urtero Larhunera transhumantzia egiten duen ahaidetzaren laugarren belaunaldia da.

Laborantzako baxo profesionala ukan-eta, 2017an laborantza enpresaren analisia, gidaritza eta estrategia Lanbide Heziketa hasi zuen Donapaleun. Urtebete geroago utzi zuen, etxaldean lanean hasteko. «Txikitan bete-betean ari nintzen hemen. Ondotik, nerabezaroan, alde egin behar izan nuen. Beste norbait joatean konturatu nintzen biziki ontsa nintzela etxean», aitortu du Mediabask atarian.

Gurasoek erretreta hartu eta berehala, 2022ko uztailean instalatu zen etxaldean, aitak berak bultzaturik: «Etxaldearen %20 atxiki du. Horrek oin bat etxaldean eta begi bat nigan ukaiteko aukera ematen dio», azaldu du irribarrez. Gaur erabakiaz harro bada ere, apustua egitea ez zen erraza izan: «Erabakia hartzeko beldur nintzen, gaztea bainintzen. Laborantza munduan denek erraten zidaten zozokeria bat egiten ari nintzela. Oinordetzaren pisua ere hor da, are gehiago neska izanik».

Urtero, udaberrian zein udazkenaren amaieran, aldaketa handiaren unea izaten da. Bostehun manexek uda mendian iragaten dute, lautadako 30 hektareak belarrak ontzeko erabiliak diren bitartean. «Aita eta biok astean bizpahiru aldiz joaten gara mendira, plazeragatik gehiago, antolaketa honek ekartzen duenagatik baino», adierazi du hazleak.

Mendia, arriskuan

Urtearen gainerakoan, azarotik maiatzera bitartean, kabalak lautadan egoten dira eta egunean birritan tratatzen dituzte. AOP (jatorri izendapena) irizpideak betez, esnea saltzen dute Agour gasnategian. «Antzinako eran lan egiten dugu, bazka onarekin eta elikagaia ahalik gehien murriztuz. Ez ditugu batere bultzatzen eta ez dira hain emankorrak, baina esnearen kalitatea hor da», ziurtatu du gazteak.

Marina Hirigoyenek «bere» mendia eta bertan bizi diren animaliak maite ditu. «Garai batean, artalde eta hazle anitz baziren, kohesio moduko bat bazen». Gaur egun, jende anitz heldu da mendira aisialdirako. Ardiak beldurtiak dira, eta uhalik gabeko zakurrek sakabanaturik aurkitzen dira maiz. «Honek gainditzen gaitu. Uste dut lehentasunak argi ezarri beharko liratekeela, eta animaliak dira. Haiek atxikitzen dituzte gure mendiak, haiek moldatzen dituzte gure paisaiak. Alde egiten badugu, hemendik urte batzuetara inork ezingo du mendira joan», deitoratu du.

Zailtasunak gorabehera, ez luke ogibidea beste ezergatik aldatuko: «Ez naiz ordutegiak ukaiteko egina, biziki estresagarria iruditzen zait. Jakina, lan anitz bada, baina horren ondoan munduko bulegorik ederrena dugu». Abereen zale amorratua, ardiez gain, lau zakur eta behorrak ere baditu, familiaren ukuiluan behien lekua hartu dutenak: «Behiak maite ditut, baina beldur handia diet; beraz, ezinezkoa zen atxikitzea». Duela hiru urtetik «plazerarengatik» hazten ditu behorrak.

Etorkizunean artaldearen tamaina murrizteko asmoa du, esnearen eraldaketan murgiltzeko -«ez gasnagintzan, gasna aski badelako, mamia edo ardi esnearekin eginiko kosmetikoak baizik»-, aldi berean zaldien lanketa garatzen duen bitartean.