Euskarari hats berria emateko hizkuntza politika ausarta galdetzen
VII. Inkesta Soziolinguistikoak utzitako datuak zein Euskararen Erakunde Publikoak (EEP) kudeatzen duen diru-funtsaren izoztea agortze-sintoma gisa hartuta, euskalgintzak karrikara joko du egoera irauliko duen hizkuntza-politika ausarta aldarrikatzeko. Hitzordua, larunbatean, Suprefetura aitzinean, Baionan.

Azterketak euskaraz galdetzeko soilik ez, oro har euskarari hats berria emanen dion hizkuntza-politika ausarta aldarrikatzeko mobilizazioa iraganen da apirilaren 22an Baionan. Orain arte martxan eman den markoak agortze-sintoma argiak erakusten dituela eta egungo egoerari zein etorkizuneko erronkei erantzun ahal izateko joko-eremu berria zehaztu beharra dagoela azpimarratuta, jendarteari karrikara irteteko deia egin diote hainbat eragilek, Euskal Konfederazioaren babespean indarrak batuta.
«Euskarak bizi behar du» lelo hutsa bilakatu ez dadin, zangoak lurrean jartzea lagungarri izan daiteke.
Zer nolako egoeran dago euskara ofiziala ez den lurraldean? Zer etorkizun ahal du espero urtero milaka biztanle berri erakartzen dituen lurraldean?
Nafarroako eta Lakuako gobernuekin elkarlanean bost urtean behin sustatzen duen VII. Inkesta Soziolinguistikoak Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoan utzitako datuak plazaratu zituen Euskararen Erakunde Publikoak (EEP) iragan martxoaren 31n Baionan.
Baxo azterketak baliatzen duen nota- sistema eredu harturik, esan daiteke euskarak ozta-ozta gainditu duela erabilerari buruzko azken neurketa, aipamen edo domina berezirik gabe.
300 EUSKALDUN, 5.500 ERDALDUN.
Hizkuntzari buruzko neurketak 300 euskaldun gehiago zenbatu ditu azken bost urtean hiru lurraldeetan; orotara 51.500 euskaldun, Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoan.
Epe horretan, hizkuntza hartzaileen, hau da, hizkuntza ulertzen duten baina euskaraz hitz egiteko gai ez diren herritarren, kopurua emendatu da.
700 euskara hartzaile gehiago daude orotara 24.000 herritar biltzen dituen kategoria horretan, inkestaren arabera.
Baikortasun neurritsuz hartu behar dira aipaturiko datuak, euskarak hizkuntza koofiziala ez den heinean erronka demografikoaren aurrean lehia zaila duela ahantzi gabe. Hala, azken bost urtean biztanleria %2,6 hazi da. Hots, 5.500 erdaldun gehiago bizi dira hiru lurraldeetan.
Ipar Euskal Herriko Garapen Kontseiluak egindako aurreikuspenen arabera, hamarkada batean 50.000 biztanle gehiago izango ditu Ipar Euskal Herriak.
Oso bestelako eremuetan bezala -laborantzatik etxebizitzaren auzira- hizkuntzaren garapen arloan tokiko politikak garatzeko gaitasuna berreskuratu ezean, gizarteak zailtasunak ditu orekak atxikitzeko.
Hazkunde demografikoak badu eragina euskaldun portzentajeari begira. 1996an %26,4 ziren euskaldunak Ipar Euskal Herrian. 2016an, ordea, %20,6. Hots, beherako joera baieztatu da, nahiz eta baikortasunez har daitekeen azken neurketan galera hori arindu izana. Iaz euskaldunen batez bestekoa %20,1ean kokatu zen. Adinari so eginda, euskararen erabilera 16 eta 24 urtekoen artean baizik ez da emendatu, azkeneko inkesta soziolinguistikoaren arabera (+%0,7), eta kontrako ispiluan galera handia izan da 65 urtekoen artean, adin tarte horretan zazpi puntuko jaitsiera izan baitu.
ETORKIZUNA IKASGELETAN.
Euskararen etorkizuna ikasgeletan dagoela entzuten da sarritan erabakitzaile politikoen ahotik Ipar Euskal Herrian. Hezkuntza eredu ezberdinetan euskarak duen garapenari begiratzea ez da inoiz sobera.
Horri buruz galdetuta, VII. Inkesta Soziolinguistikoaren arabera, euskarazko murgiltze eredua herritarren %18,6ren hautua da eta, betiere hamarkada bateko ibilbidea aintzat harturik, frantsesa eta euskara tartekatzen dituen eredu elebidunaren alde egin duten herritarrak %37,5 dira.
Murgiltze ereduaren eremutik, euskaraz jarduten duten irakasle eta ikasleentzako bermeak eskatzeak bultzatzen du gehienbat Seaska Baionan egingo den martxan parte hartzera. Aurten, borroka luzearen ondotik, ikastolek brebeta azterketa osoki euskaraz egitea lortu badute ere, lizeoko azken urtean egiten den baxoari dagokionez (selektibitatearen antzekoa), ez da aurrerapausorik izan.
Hala, apirilaren 22ko deialdira batzeko orduan Peio Jorajuria Seaskako lehendakariak adierazi zuen azterketak euskaraz egiteko ezintasuna «gure hizkuntzak bizi duen zentzugabekeriaren beste adierazle bat» dela.
Bestalde, 4,2 puntu hazi da hezkuntza elebidunaren aldeko hautua Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoan. Kasu horretan ere herritarren nahia eta erakundeena ez datoz bat. Zeren jakin behar da hezkuntza eredu hori hautatzen duten gurasoentzat euskara ez dela eskubide bat, baizik eta borondate anitzen uztarketa konplexu baten ondorioa.
Kasurik onenean, akordio sistema horrek eskola edo gela elebidun berri bat irabaztera eramaten du. Aurten bere 40. urtemuga ospatzen du sare giristinoan euskarazko irakaskuntza bultzatzen duen Euskal Haziak elkarteak.
Christelle Pucheuk argiki laburbiltzen du zein den egoera. Deitoratu zuenez, «haur bakar bat aski da eskola frantses hutsean segurtatzeko; euskaraz izan dadin, berriz, gurasoen, irakasleen, herriko etxeen eta Hezkuntza Ikuskaritzaren baimenak lortu behar dira».
Ama-eskolan aitzinamendu nabarmenak izan badira ere, horrek ezin du ezkutatu kolegiora eta lizeora igarotakoan euskarak jasaten duen ezabatze prozesua.
SAIL ELEBIDUNA KINKA LARRIAN
Aho bilorik gabe mintzatu da, bestetik, Euskara Geroan sarea. «Aurten akordiorik gabe, ikasleen zertifikazio helburua kolegio bukaeran, 3.enean, B2 mailatik B1 mailara pasa da», salatu du agiri baten bidez.
Sare elebidunean irakasle euskaldunak biltzen dituen sareak azaldu duenez, lizeoari buruzko azken erreformak sail elebiduna «opzio» gisa arautu du. «Euskara ez denez hizkuntza ofiziala Frantzian, ezin da LV1 edo lehen hizkuntza gisa hautatu», zehaztu du sareak.
Zer esanik ez frantziar Estatuan unibertsitaterako orientatze prozesua kudeatzen duen Parcoursup plataformaren baitan; hor sail elebiduna ez da agertu ere egiten.
«Seaskak brebeta euskaraz pasatzeko eskubidea berreskuratu du, baina aukera ez zaie sail elebiduneko ikasleei ireki», oroitarazi du elkarteak.
Hain zuzen, Biga Bai -sare publikoa- eta Euskal Haziak -ikastetxe giristinoak- elkarteekin batera gutuna izenpetu du Euskara Geroanek. Eskutitz horretan Pap Ndiaye Hezkuntza ministroari galdetu diote sail elebidunetan ikasten duten ikasleek aukera izan dezatela brebetako zientzietako proba euskaraz idazteko.
«Ikasleek euskaraz ikasi nahi dute, baina gaur egungo hezkuntzako baldintzek ez dute hori ahalbidetzen, euskararen kontrako politika linguistikoa indarrean delako»; hori salatu ondotik, sare elebidunean jarduten duten eragileek larunbatean, 17.00etan, Baionako Suprefeturatik abiatuko den martxara batzeko deia egin dute.
Alta, lehenagotik heldu diote martxa horri Estitxu Robles kolegioko hogei bat ikaslek. Hain zuzen, azterketak euskaraz galdetzeko Hezkuntza Errektoretzaren egoitzatik, hots, Bordeletik, Baionara arteko distantzia bizikletekin eginen dute.
Asteartean ekin zioten ibilbideari, etzi Baionako helmugara heltzeko asmoz.
Era berean, euskarari etorkizuna emateko oso bestelako eremuetan pedalkadak egunero-egunero ematen dituzten beste hainbat arlotako eragileek pairatzen duten prekaritatea salatzeko ere balioko du larunbateko mobilizazioak.
AEK izan zen horren harira alarma gorria piztu zuen lehena. Iazko urrian agerraldia egin zuten euskaltegietako langileek Baionan, bertako erakundeei baliabide duinak eskatzeko. Geroztik beraiek bezala kexu diren beste egituretako hainbat ordezkari mintzatu dira.
Aisialdirako eskaintza euskaraz bermatzen duen Uda Leku elkartea da horietako bat. Bere lehendakari Xabi Ibarbourek nabarmendu duenez, «herri ezberdinetako harrera guneak beteak dira eta animazio arloko eragile gehienak zailtasunetan dira animatzaileak ezin aurkituz eta ondorioz familien beharrei ezin erantzunez». Elkarte bereko kide Maddi Bordagarayk gehitu duenez, «egiazko hizkuntza politika publiko bat balitz, ez genituzke bost aisialdi zentro euskaldun, baizik eta 22, kantonamendu bakoitzeko bat».
Alta, funtsezko garapen hori ezin da gauzatu gaur indarrean dagoen finantzaketa sistemaren bidez. Iaz Uda Leku elkarteak 64 herritako haurrak hartu zituen, baina hamalau tokiko erakundek soilik babesten dute diruz elkartea.
Ondorioz, Uda Lekuk herriko etxeetatik jasotzen ez dituen dirulaguntzen hutsunea Euskararen Erakunde Publikoak, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak sustaturiko diru-funtsetatik jasotako 179.000 euroekin estali behar izan zuen iaz. Kezkaz mintzatu da elkartea, eta AEK-ko langileek eginiko oharra bere eginez «soldata militanteak» kobratuz ezin dela luzaroan bizi ohartarazi du.
Beste alor batetik, Ximun Carrerek euskara transmititzeko eta euskal hiztun osoen kopurua handitzeko komunikazioa faktore saihetsezina dela azpimarratuz, finantzabide iraunkorra galdegin du Euskal Hedabideak elkartearen izenean. Hala, elkartea osatzen duten bost hedabideek -Kazeta.eus, Kanaldude, Euskal Irratiak, “Ipar Euskal Herriko Hitza” eta “Herria” astekariak- agiria plazaratu dute beren irakurle, ikusle eta entzuleak apirilaren 22ko martxan parte hartzera deituz.
AURREKONTUA IZOZTURIK
Izan ere, Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoan euskaraz jarduten duten eragileek beren lana aurrera eramateko premiazkoa duten diru-funtsa ez da emendatu.
Ipar Euskal Herrian hizkuntza politikaz arduratzen den egiturak, EEPk, orotara 1.930.000 euro kudeatuko ditu aurten.
Azkeneko bost urteetan 400.000 euroko ekarpena bermatu du, bestetik, Gasteizko Gobernuak, euskalgintzako eragileek behar dituzten aldeko baliabide gehiago mobilizatu gabe.
«Gure aurrekontuak ez direnez aldatzen, ez dago epe luzerako dirulaguntzak ekartzeko gaitasunik», adierazi zuen Antton Curutcharryk, aurten funts horren bidez banatuko diren ekarpenen bilduma aurkezteko agerraldian.
Euskal Konfederazioren izenean, galdera pausatu du horren harira Sebastien Castetek: «Hizkuntza politika bera bizirauten duten elkarteek ez badute nahikoa baliabide, zer gero du politika horrek?».
Herritarrek euskarari agertzen dioten atxikimenduari erantzuteko eta, horrekin batera, egunerokotasunean euskarari hauspoa emanez jarduten duten egitura eta langileen premiak asetzeko egungo sistematik «hizkuntza politika ausart» batera igarotzeko tenorea dela aldarrikatzeko, karrikak betetzera deitu du euskalgintzak. Ipar Euskal Herriko eragile sozial eta politikoetatik heldutako sostenguari, besteak beste, Euskal Herriko Ikastolen Elkartearena, Euskalgintzaren Kontseiluarena, ikasle mugimenduarena zein Hexagonoan hizkuntza gutxituetan jarduten duten 188 ikastetxe biltzen dituen Eskolim sarearena gehitu behar zaie.
Duela bi urte Baionan “Euskarak murgiltzea behar du” lelopean 10.000 lagun bildu zituen martxa jendetsua bezain askotarikoa, beraz.

Irainak txapeldunari bere hizkuntza erabiltzeagatik

Un llamamiento a la esperanza en el último adiós a «Peixoto»

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra

La adicción a la pregabalina no para de crecer en los márgenes
