GARA
BILBO

Juan Jose Etxeberria da Deustuko Unibertsitateko errektore berria

Juan Jose Etxeberria.
Juan Jose Etxeberria. (DEUSTUKO UNIBERTSITATEA)

Deustuko Unibertsitateak Juan Jose Etxeberria Sagastume Zuzenbide Fakultateko irakasle titular eta Unibertsitate Elkarteko eta 2030 Agendako errektoreordea izendatu du errektore, gobernu kontseiluak proposatu ondoren eta Kultura eta Hezkuntzarako dikasterioaren oniritziarekin.

Hirugarren eta azken agintaldia bukatu duen Jose Maria Guiberten lekua hartuko du Etxeberriak. Guibertek Boston College-ko “Gasson Chair” kargua beteko du 2023-2024 ikasturtean. Errektore berriak kargua noiz hartuko duen laster jakinaraziko da, Deustuko Unibertsitateak ohar batean adierazi duenez.

Juan Jose Etxeberria (Tolosa, 1966) 1984an sartu zen Jesusen Lagundian eta 1995ean apaiztu zen. Deustuko Unibertsitatean, Parisko Institutu Katolikoan eta Erromako Gregoriar Unibertsitatean egin zuen prestakuntza akademikoa. Erroman Zuzenbide Kanonikoan doktoratu zen.

Zuzenbide Fakultateko irakasle titularra da eta Zuzenbidearen Filosofia irakasten du. Loiolako probintziako jesuiten probintziala izan zen 2008tik 2014ra, «Espainiako probintzian» Estatuko jesuita mota desberdinak bakar batean bateratu ziren arte. Aurretik, Zuzenbide Fakultateko dekanorde eta Izaera eta Misioko errektoreordea izan zen. 2015etik hainbat kargu izan ditu Deustuko Unibertsitatean, hala nola Unibertsitate Elkarteko errektoreorde.

Era berean, Zuzenbide Naturala eta Zuzenbide Kanonikoa irakasgaiak eman ditu Deustuko Unibertsitatean; Eliz Elkarteen Zuzenbidea, Erromako Unibertsitate Gregoriarrean; eta Adiskidetze Sakramentuaren Zuzenbidea, Parisko Sevres zentroan. Lan ugari argitaratu ditu.