Buruketa subrogatua
Kolpea gero nirea! Eguneroko prentsa asteburuan irakurtzen dut nik arreta handiagoz, astean zehar mahaiaren izkinan metatuta; bai, hortxe, pastilla-kutxaren ondoan. Hortaz, astekariak dira, egunkariak baino. Aitor dut! Eta zapatu goizaren lasaian begiratzen dut, nire patxadan beti ere. Politika ofizialaren kontuak (hauteskunde gauean kantuak ere izan daitezke egoitza handi batzuen aurrealdean) azkenerako uzten ditut, horko albisteak ez direlako normalean berri izaten, denbora eusle baizik. Zaharrak berri edo, eta batzuetan berriak zahar ere, denetarik baita Getsemaniren ortuan!
Tira, Murgoitio hori, behingoz harira! Barkatu bai, non nengoen? A! Prentsan! Total, paperezko orriz orri ibiltzen naiz hasiera batean arreta izenburuetan jartzen, eta horren arabera erabakitzen du nire buruak letra larria atzean utzi edo letra xehea irakurtzera pasa. Eta horrela jakin dut zelan doazen antxoaren eta berdelaren kanpainak, zelan udal hauteskundeenak, zelan euskararen kontrako epaienak…
Eta horra! Euskal Filologia non eta Erdal Filologiaren barruan sartu gura dutela leitu dut, arnasbiderik izango ez duen gunean sartu ere. Nonbait, jakintza-arloen birbanaketa ari dira beheko Estatu horretan egiten eta halaxe bururatu ei zaie. Jakina, euskaraz bururatzeko burua behar da, eta burua izateko burujabe behar da izan, osterantzean buruketa subrogatua da gurea. Erdal Filologia hori Espainiar Zuzenbide Filosofian sartuko balute sikiera, ulertuko nukeen zurikeria hori. Jakintza-arloak! Arlotan dauka jakintzak arazorik handiena! Arloen banaketa transgenikoan!
Hortaz, termometrotan orain, atmosferikoak beroa markatzen du eta ekonomikoak hoztu egin du batzuen aurreikuspena. Abiadura handiko dezelerazioa, tunelean. Ama, ama! Gorriak ikusiko! Osasuna, behintzat!

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak

ASKE TOMA EL TESTIGO DEL HATORTXU EN ATARRABIA

Un ertzaina fue jefe de Seguridad de Osakidetza con documentación falsa

Un esquiador de Irun, entre los tres fallecidos por un alud en Panticosa
