Iker IBARLUZEA
Meteorologoa
AZKEN PUNTUA

Mendi lasterketak eta eguraldia

Igande honetan Zegama-Aizkorri mendi maratoi entzutetsua izango da. Eguraldiak ez du batere lagunduko, eta korrikalari bat baino gehiago zertxobait urdurituko zituen horrek. Baina zenbaterainoko eragina dauka eguraldiak, azken urteetan hain modan jarri den mendi lasterketetan?

Ba kasu honetan eguraldia dena da. Hau da, dena eguraldiak baldintzatua izango da. Bai ibilbidea bera, baita korrikalariaren sasoi fisikoa ere.

Kasu honetan parametro meteorologiko guztiak dira garrantzitsuak, baina ni parametro batean zentratuko nintzateke: hezetasunean. Korrikalaria lasterketa betean dagoenean eta berotzen doan heinean, gorputzak izerdia sortzen du, gorputza pilatzen ari den berotasun hori azaletik kanporatu eta lurruntzeko.

Baina hezetasun handia dagoenean, gorputzak izerditzen duenean, izerdi hori ez da lurruntzen, gorputzari bere barneko beroa kanporatzea zailduz. Horrekin bero kolpeak izateko aukera asko handitzen da, baita gorputza azkarrago nekatzekoa ere.

Hotza eta hezetasuna gehitzen direnean, aldiz, hotzak gorputzean sartzeko gaitasun handiagoa du, hipotermia kasuak areagotuz. Eta horri guztiari haize zakarra gehituz gero, komeriak.

Igande honetan haizea, hotza eta hezetasuna ziurtaturik daude. Zaindu daitezela korrikalariak.