Pasaiako segadako poliziak identifikatzeko bigarren saioa egingo da bihar

Martxoaren 28ko identifikazio saiora agertu ez ziren hiru poliziak Donostiako auzitegietara deituta daude bihar, Pasaiako segadatik bizirik atera zen Joseba Merinok egiazta dezan ea haietako inork 1984ko sarraskian parte hartu zuen.
Aurreko identifikazio saiora hiru polizia agertu ziren, eta Merinok ez zuen bakar bat ere ezagutu. Komando Autonomo Antikapitalistetako lau kideren heriotza eragin zuen tiroketaren arduradunen bat seinalatzeko bigarren aukera izango du, beraz, bihar. Bitartean, Pasaia Argitu plataformak elkarretaratzea deitu du Donostiako Justizia Auzitegiaren aurrean, 10.00etan, “Pasaiako sarraskia ikertu eta argitu!” lelopean.
Joan den martxoaren 22an 39 urte bete ziren Estatu espainoleko segurtasun indarrek Dionisio Aizpuru “Kurro”, Jose Mari Izura “Pelu”, Pedro Mari Isart “Pelitxo” eta Rafael Delas “Txapas” hil zituztenetik, eta senideek gertatutakoa argitzeko hainbat auzibide hartu dituzte geroztik.
Orain gutxi lortu zuten kasua berriro irekitzea. Hori dela-eta, identifikazio saioa deitu zuten auzitegiek martxoaren 28an. Agertzeko agindua zuten zazpi polizietatik hiru baino ez ziren aurkeztu.
HIRU URTEZ GORDETA
Bestalde, Lakuako Gobernuak eskatuta, EHUko Unesco giza eskubideen eta botere publikoen katedrak Pasaiako kasuaren inguruan egindako txostena zabaldu zen hedabideetan. Hiru urte zeramatzan eginda, baina pasatu den martxora arte senideek ez zuten dokumentu horren berririk izan. Horregatik, Gasteizko Gobernuak kasua argitzeko jarritako oztopoak salatu zituzten.

Piden cuentas por la contratación pública de dos directivos de Solaria

El PNV cesa a tres ediles de Getxo imputados por el derribo del palacete

Euskal Estatua helburu, egitekoa eta zuzendaritza eraberritu ditu Sortuk

«A esta generación le toca poner las bases del Estado vasco»
