Ion GARATE
NAIZ IRRATIA
Elkarrizketa
joseba Ezkurdia
Aspeko pilotaria

«Ez dut beldurrik; sakearekin eta bigarren pilotakadekin min egin behar dut irabazteko»

Txapelketa hasaterako pilatutako zalantza gehienak uxatuta, iazko azpitxapelduna finalaren atarian da berriz ere. Hori bai, Manomanistan estuen hartu duen arerioetako bat gainditu beharko du, Jokin Altuna, iazkoa errepikatzeko.

(Iñigo URIZ | FOKU)

 

Txapelketa ez zenuen nahi bezain ondo hasi, lesioaren ondorioz. Zuk aipatzen zenuen erritmoa hartzea pixka bat kostatzen ari zitzaizula, baina Peio Etxeberriaren aurka dagoeneko osatuagoa ikusi zaitugu. Hobekuntza izan da, ezta?

Bai. Azkenean normala da. 16-18 egun ezer egin gabe egon nintzen, hanka ongi jartzen bakarrik eta entrenatu gabe. Erritmoa galdu nuen erabat, eta poliki-poliki sentsazioak berreskuratzen eta hobetzen joan naiz. Egia esan, Peioren kontra ez nintzen guztiz ondo aritu, baina behintzat minik gabe, inongo arazorik gabe, eta horrek asko balio du burua lasaitzeko. Peioren aurkako partida ondoren beste entrenamendu gogorrak sartu ditut eta, egia esan, alde horretatik inolako aitzakiarik gabe.

Peioren aurka %100ean ez zinen egon akaso, baina finalerdietara begira bai?

Bai, badakit %100 eman beharko dudala partida borrokatu nahi badut. Egia da gaur gustura entrenatu dudala, eta sentsazio onekin. Ez dago aitzakiarik. Ongi aurkitzen naiz. Partida luzatu zenean Peioren aurka, ikusi zen pixka bat nekatuta amaitu nuela, buelta ezin emanda bezala. Baina ez dut beldurrik partida luzatzen badugu. Eta ea zer ateratzen den.

Larunbat honetan hitzordua Jokin Altunaren aurka duzu. Momentu onean da Jokin, joko oso ona erakutsiz; baina Elordiren aurka, esaterako, asko sufritu zuen. Nola ikusten duzu amezketarra?

Oso-oso ongi. Txispa bereziarekin, fisikoki ere oso ongi. Eta badakit partida oso-oso gogorra dudala aurretik. Baina ilusioarekin nago, esperantzarekin; eta nirea egiten badut, aukerak izango ditudala uste dut. Elordiren kontra partida gogorra egin zuen. Biek partida ona jokatu zuten, eta bukaeran ikusi zen, Jokinen arriskatzeko momentua iritsi zenean, oso ongi bukatu zuela, partida oso ondo irakurri zuela azken txanpa horretan. Ikusten da zein klase duen.

Elkarren aurka asko jokatutakoak zarete, partida garrantzitsu asko tartean. Honek zaildu edo erraztu egiten ditu lanak? Hau da, gauzak argiago ditu batek, edo burua gehiago nahasten da?

Ni saiatzen naiz gauzei hainbeste buelta ez ematen. Nire lanean saiatu, nire barruko sentsazioak ahalik onenak izaten saiatu, eta listo. Azkenean, Buruz Buru, Lau eta Erdian edo Binakakoan elkarren aurka jokatzea asko tokatu zaigu, eta normala da. Norberaren edo bestearen akatsak edo puntu ahulak zeintzuk diren ikusten duzu, baina gero partidetan zaila da. Ni nire buruan zentratzen saiatzen naiz, eta sentsazioak ahalik onenak izaten. Hori lortuz gero, badakit irabazteko aukerak izango ditudala.

Larunbatean gakoa non egon daiteke? Partida gogor bat iraupen aldetik, batez ere, akaso Altunaren mesedetan izango ote da?

Agian bai. Baina esan dut: ez dut beldurrik. Ondo zentratuta jokatu behar dut, sakearekin asmatu behar dut, bigarren pilotakada horiekin mina egin behar dut, irabazi nahi badut. Hori argi daukat: bai sakearekin eta bai bigarren pilotakadarekin hobetu behar dut, eta ea asmatzen dudan.

Datutxo batzuk ere badira hor. Buruz Burukoan gurutzatu zaretenean, amezketarraren mesedetan erori dira partidak, iazko ligaxkakoa kenduta, eskuko minez ez zuelako jokatu. Lau eta Erdikoan, ordea, finaletan behintzat badirudi neurria hartuta diozula. Mesede egiten al dio Buruz Burukoak Altunari eta Lau eta Erdikoak zuri?

Denetik pasatzen da. Lau eta Erdian berak ere irabazi izan dit. Buruz Burukoan ez dut aukerarik izan irabazteko. Baina partida oso gogorrak jokatu ditugu elkarren kontra. Bi urte jarraian txapelketan adar berean tokatu zitzaigun eta bi partida oso gogor jokatu genituen. Daukadan sentsazioa da partida horiek detaileengatik eskapatu zitzaizkidala. Azkenean detaile horiek oso garrantzitsuak dira partida garrantzitsu hauetan. Detaile horiek kontrolatzen saiatu behar dugu. Buruz Burukoan oraindik ez dut aukera izan irabazteko, eta espero dut hurbil egotea aukera hori.

Buruz Burukoa da palmaresean falta zaizun txapela, hiru handiak irabazteko. Honek presiorik eragiten al dizu? Begiz jota al duzu aukera hori edo ez al duzu burua galtzen horretan?

Ez. Beti esan dut gustatuko litzaidakeela amaitzea karrera hiru txapel horiekin, baina ez dut burua gehiegi jaten. Agian bai duela urte batzuk, pixka bat obsesio bezala; baina azkeneko 2-3 urte hauetan lasai nago, lan ahalik onena egiten saiatzen naiz txapelketa guztietan. Nire mailarik onena ematen saiatu, eta listo. Etortzen bada, ongi etorria izango da. Eta ez bada etortzen, ezin naiz kexatu egindako ibilbideaz. Gustura nago, eta ibilbide hau ahalik eta gehien luzatzen saiatuko naiz, goi puntu horretan ahalik eta denbora gehien mantentzeko. Helburua hori da, eta ea lortzen dugun.

Aitor Elordik eman zuen ezustekoa aurreko asteburuan, Dario ere hortxe dugu finalerdietan. Izen berriak indartsu datoz.

Bai. Betidanik dakigu Dariok lan oso ona egiten duela. Dohain ikaragarriak ditu Buruz Burukoan jokatzeko. Haren kontrako partida zaila da beti. Eta Elordi aurtengo ezustekoa da. Sekulako urtea egiten ari da; Lau eta Erditik hasita, maila ikusgarria ematen ari da eta asko jokatzen ari da. Bi pilotari gazte dira. Ikusiko da nork lortzen duen finalerako txartel hori. Nik uste dut hau ona dela pilotararentzat.