GARA
BAIONA

Kooperatiba bilakatuko da Mediabask, garatzen segitzeko

Gogoeta «luze eta aberats» baten ondotik, interes kolektiboko kooperatiba-sozietate bilakatuko da Mediabask hedabidea. Proiektua aurkezteko, ondoko asteetan tokiko bilkurak izanen dira.

Astekari berrituaren aurkezpena, 2021eko urrian.
Astekari berrituaren aurkezpena, 2021eko urrian. (Guillaume FAUVEAU)

Iparla Baigura Komunikazioa elkartearen barne gogoeta «luze eta aberats» baten ondotik eta langileen ikusmoldea kontuan harturik, Mediabask hedabidea interes kolektiboko kooperatiba-sozietate (SCIC) bilakatuko da. Urrats horren berri xehea emateko, maiatzean eta ekainean tokiko bilkurak iraganen dira Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako 17 udalerritan.

Mediabasken webgunean irakur daitekeenez -asmoaren gaineko informazio guztia han atzematen ahal da-, orain abiatu den kanpainan bazkideak xerkatuko ditu Mediabaskek, «proiektu kolektibo horren obratzeko eta gauzatzeko xedearekin». Bazkideak kooperatiban engaiatuko dira eta enpresaren parte bat erosiko dute, akziodun bilakatuz eta boto bat izanik kooperatibaren biltzar nagusietan.

Mediabask 2015eko urtarrilean sortu zen, eta, Iparla Baigura elkartean antolaturik, paperezko astekaria, Mediabask webgunea eta Kazeta.eus euskara hutsezko ataria izan ditu gaur arteko hiru proiektuak. Komunikazio proiektu honen garapenak aurrera segitzen du, ordea, eta 2024ko hastapenetan irratia ere sortuko da, eskaintza dibertsifikatuz.

Webgunean dioenez, «bere sorreratik, Mediabaskek garapen handia izan du. Irakurle kopurua boskoiztu egin da; bere eskaintzak, astekaria eta bi online guneak, 2021ean berritu ziren; langile kopurua nabarmen handitu da. Gaurko Mediabaskek antza handirik ez du 2015ekoarekin eta, hortaz, ezin da 2015ean bezala kudeatu. Urratsa egin behar dugu garatzen segi dezan, eta horrek oinarri juridiko eta ekonomiko sendoa eskatzen du».

TOKIKO BILKURAK

Proiektua aurkezteko, Mediabaskek 17 tokiko bilkura antolatu ditu datozen aste hauetarako. Datorren asteartean izango da estreinakoa, 20.00etan Mauleko Zerbitzugunean. Biharamunean, ordu berean, Izurako Herriko Etxean egingo dute hitzordua, eta maiatzaren 25ean, orduan ere 20.00etan, Ortzaizeko Denen Etxean. Hil honetako azken biak Baigorrin (antzinako herriko etxean), 30ean, eta Donibane Garazin (Cite Administrative gelan), 31n, egingo dituzte, iluntzeko zortzietan.

Ekainean Hazparne, Itsasu, Uztaritze, Ezpeleta, Arbona, Biarritz, Baiona, Azkaine, Ziburu, Senpere, Urruña eta Hendaia bisitatuko dituzte.