Surflari Ernegatua

Hawaiiar begi-argiak

Ez dira asko geratzen, Hawaiiko hawaiiarrak; alegia, haien kolonizatzaileen antza gutxi duten bertako herritarrak. Duela egun gutxi joan zen Dane Kealoha, oraindik surf egiteko «estilo hawaiiarra» mantentzen zuen azken mohikanoa. Berak eta bere lagun hawaiiarrek estilo propioa landu zuten 70eko hamarkadan, oraindik bertakoak azal ilunak zirenean. Ohikoa baino makurtuago joaten ziren eta oinak ere taularen aurrealdean kokatzen zituzten, atzealdean gehiegi zapaldu gabe, eta horrela taula mugitzeko soilik ertzak erabiltzen zituzten.

Geroago, taula txikien iraultza iritsi zenean estilo estatubatuarra eta australiarra gailentzen hasi ziren mundu osoan eta Hawaiiko olatuetan ere kolonizatzaileen oinordekoak ugaritzen hasi ziren. Testuinguru horretan, Dane Kealoha, Michel eta Derek Ho anaiek, Tony Moniz, Buttons Kaluhiokalani eta halako surflari bikainek munduko hoberenen artean zirela erakutsi zuten eta haiek ordezkatu zuten Hawaii 80eko hamarkadan.

Haietako batzuek hawaiieraz hitz egin eta beren arbasoen kultura defendatzen zuten irmoki. Adibide ezagunena Aikau familiarena da. Ekintza kultural, baina batez ere politiko bat egiten ari zela desagertu zen Edie Aikau Ozeano Bareko ur gardenetan. Gaur egun bere izena darama Waimeako badian egiten den olatu handietako txapelketa ospetsuak, baina antolatzaileak ilehoriak dira eta parte hartzaile gehienak ere bai. Haien seme-alabak hawaiieraz bataiatzen dituzte eta hawaiiarren hizkuntza eta kultura modu folklorikoan erabiltzen dituzte «errespetua zor» omen zaielako.

Hori baita egungo Hawaiiko surflarien profila. Begi-argiak, ilehoriak eta izen hawaiiarrekoak baina abizen estatubatuarrekin. Beren oinordekoek egindako sarraskien erantzukizunik hartu nahi ez dutenak, folklorean bai baina tradizioan sakonduko ez dutenak. Horrela desagerraraziko dituzte, ia nahi gabe, hainbeste maite duten eta bertako sentitzen diren Hawaiiko kultura eta hizkuntza.

Kolonizazio orok bi aro baititu, lehena bortitza (bertakoak hil, bortxatu, umiliatu eta abar), erlatiboki denbora tarte laburrean gauzatzen dena, eta bigarrena ia ikusezina, denbora luzean gauzatzen dena eta kolonizatzaileen oinordekoek hiritar gisa, beren eskubide eta betebeharrekin, burutzen dutena. Lehen multzoa osatzen dutenak «kolonizatzaile gaiztoak» dira, bigarren multzoa osatzen dutenak, ordea, «hiritar soilak», baina finean, nahiz eta metodo desberdinak erabili, nahita edo nahi gabe, haien presentzia hutsak ondorio bakar batera darama kolonizatuen etorkizuna; alegia, desagerpenera. Izan ere, kolonizatzaileen hizkuntza eta arauak derrigorrezkoak bilakatzen dira, bertakoen kultura eta hizkuntza-eskubidez mozorrotuta desagertzera kondenatzen diren bitartean.

Hawaiin gertatu den eta gertatzen den istorio baten kronika da, baina ez zaizue ezaguna egiten?