Jon GARMENDIA
Idazlea

Seinalea

Bozkatu ez duena ere bere herriko emaitzei begira dago gaur. Gezurra dio axola ez zaiola eta kanpainari begirik eskaini ez diola dioenak. Gezurraren inguruan kokatzea politika, ohitura zahar bat, agintea herritarrei iruzur eginaz baliatzeko totalitarismo berria delako agian; aurrez gauzak aldatzeko promesa egin baina gauzak betiko antzera jarraitu gero.

Betiko moduan, behartsuak behartsu. Baina elite aberats eta agintari iruzurgileena denbora kontua da gurean, geroz eta marjen guttiago dute nahieran jarduteko. Herria ez da txepela, hala ikusten badute ere. Herria ezgauza da beharbada, itsualdian zeri heldu eta zeri jarraitu ez duelako argi, baina ikusmena berreskuratzen duenean indartsua eta ekilea da. Gezurra antzematen du, eta inertziak aldatu egingo ditu. Georges Clemençauk, Monet margolariaren laguna zen estatu-gizonak, zioen «On ne ment jamais autant qu'avant les élections, pendant la guerre et après la chasse»; berak iradoki omen zion Emile Zolari “J’accuse” izenburua, prentsako inoizko artikulurik eraginkorrena. Ezkorrek ezetz erranen badidate ere, orain ez dute nehor engainatzen, edo, behintzat, ez lehen bezainbat.

Joxe Gartziak erran zuen Tapia eta Leturiaren bidez «Hauteskundeak dira hemen urtean lau aldiz bederen, aurretik denak irabazle eta berdin ondoren. Emazu botoa, ez izan tontoa, horrenbestekin nahikoa. Izan praktikoa, demokratikoa, botazazu betikoa».