Arnaitz GORRITI
SASKIBALOIA

Heidegerren falta eta Steven Enochen aldeko apustu antzua

Pibotak ez du izan espero zen eboluziorik eta Max Heidegger da bigarren antolatzailea. Peñarroyak bere ohiko errotazioa goitik behera aldatu zuen iragan larunbatean eta apustua ez zitzaion ongi atera.

Steven Enoch, kale egin duen Baskoniaren «arma sekretua».
Steven Enoch, kale egin duen Baskoniaren «arma sekretua». (Raul BOGAJO | FOKU)

Saski Baskoniak gaur gauean jokatuko du play offetako bigarren partida (21.00), larunbatean Joventuten aurka lehen partida galdu ostean.

Gironan jokatu gabe geratu ostean, bistakoa zen Giedraitisek larunbatean Joventuten aurka jokatuko zuela; 33 minutu eman zituen kantxan hegaleko lituaniarrak. Kontua da jokalari bat baztertu behar zuela deialditik Joan Peñarroyak Giedraitisi lekua egiteko. Euroligako lanak amaitu ostean, Max Heidegger eta Steven Enoch izan dira deialdietatik kanpo gehienetan geratu diren jokalariak.

Hori dela eta, harrigarria izan zen Heidegger kanpoan lagatzea larunbatean Joventuten aurka jokatzeko. Pierria Henryren lekuan iritsi zenetik, Israelgo pasaportea duen antolatzaileak Baskoniaren partida guztiak jokatu ditu. ACBn 16 neurketa izan dira eta batez beste 9,0 puntu eta 3,6 asistentzia erdietsi ditu 19 minutuan. Thompsoni atsedena emateaz gain, bestalde, Howard, Marinkovic eta Kurucs eskolta lanera bultzatu ditu Heideggerrek, aipatu hiru jokalariek taldearen gidaritza baino bertute hobeak dauzkatelako: jaurtiketa, Howard eta Marinkovicek; defentsako lana, Kurucsek.

ENOCH, ATZEKOZ AURRERA

Alabaina, Enochen alde apustu egin zuen larunbatean Peñarroyak. Jakina da Ante Tomic dela Joventuten jokalari garrantzitsuena, Kyle Guy edo besteren distira gorabehera. Pibot kroaziarrak 36 urte ditu dagoeneko eta zenbait gabezia ere bai. Horrez gain, Kopako final-laurdenetan, aurreneko erdian batez ere, Enochen defentsa lan ona burutu zuen Tomicen aurrean, eta aurrekari hori gogoan, Enochen alde apustu egin zuen Peñarroyak. Sei minutu jokatu zituen pibotak. Ez zuen punturik saskiratu, bi errebote eskuratu zituen eta baloi bat galdu. Tomicek puntu bakarra sartu zuen tarte horretan, baina markagailua 8-16 zela laga zuen Enochek kantxa, gehiago ez itzultzeko.

Aurten 7,6 puntu eta 5 errebote lortu ditu Enochek batez beste, 18 minutu pasatxo jokatuz. Iaz 9,1 puntu eta 4,7 errebote lortu zituen, minutu bat gehiago jokatuta batez beste. Askoz gehiago espero zen pibot estatubatuarrarengandik eta honek ez du espero bezala erantzun. Erasoan maila handia du, baina defentsan, batez ere laguntzak egin eta bere egokitzapena berreskuratzeko orduan, arazo handiak ditu.

BEHIN-BEHINEKO KONPONKETAK

Thompson eta Howard elkarrekin ziren hasierako bostekoan eta Marinkovic Thompsonen lekuan sartu zen aurreneko errotazioan. Laurdenaren azken lau minutuetan 4-12ko partziala lortu zuen Joventutek. Tarte horretan Thompsonek Markus Howard ordezkatu zuen eta, bigarren pertsonala egin zuelako, Kurucs sartu zen Tennesseekoaren lekuan.

Orotara, Thompsonek 28 minutu jokatu zituen; 8, aurreneko erdian, eta bigarren erdia, osorik. Kurucsek bi minutu baino ez zituen izan eta Marinkovicek 11 minutu, ia ezer ez atsedenalditik aurrera, falten ondorioz. Howardek, berriz, bigarren eta laugarren laurdenean 11na puntu sartu bazituen ere, Baskoniaren joko askoz logikoagoa egin zuen eskolta moduan, antolatzaile lanetan baino.

Zertarako orduan, errotazio aldaketa hau? Enochek Heidegger deialditik kanpo laga zuen, baina aurreneko laurdenaz geroztik ez zuen segundorik ere jokatu. Bestetik, Joan Peñarroyak, fidatzeko moduko bigarren antolatzaile baten faltan, aurreneko erdiko esperimentuak alde batera laga zituen, 20 minutu horietan desorekatu zitzaion partida nolabait orekatu nahian.

Egia da Pierria Henryren afera lehertu zenetik hona Baskoniak arazo handiak izan dituela antolatzaile postuan Thompsoni atsedena ematerakoan. «Ez gara Joventuten joko fisikoa berdintzeko kapaz izan. Beren barruko jokoa zaintzen ahalegindu gara eta kanpokoa ez dugu kontuan hartu. Joventutek energia gehiago erakutsi du eta ez gara horri buelta emateko gai izan», esan zuen, penetan, Joan Peñarroyak.

Zer egin liteke gaur? Max Heidegerrek ez dio energiarik eta gaitasun fisikorik emango Baskoniari. Ildo horretan, Baskoniaren apustuak logika osoa dauka. Baina azken hilabeteetako errotazioaren dinamika berreskuratuko luke, are gehiago entrenatzaileak Enochengan konfiantzarik ez duela kontuan izanda. Energia, joko fisikoa, defentsa eta denboraldian zehar egin duen horretan konfiantza izatea; hori da, bestalde, Baskoniak egin dezakeen onena. Galtzekoak galdu ditu dagoeneko; beraz, gaurtik aurrera, irabazteko dauka dena.