GARA
DONOSTIA

Hileko mingarria duten pertsonek gaurtik aurrera laneko baja eska dezakete

Menstruazio mingarria duten Hego Euskal Herriko pertsonek aldi baterako baja eskatu ahal izango dute gaurtik aurrera, egun honetan bertan sartuko baita indarrean sexu- eta ugalketa eskubideak arautuko dituen lege espainiarra. Orobat, abortu baten ostean -borondatezkoa izan ala ez- baja hartzeko eskubidea ere gaurtik aurrera bermatuko da lege honen bitartez.

Arau berriak ez du laneko bajarik eskatzeko baldintzarik ezartzen, baina familia-medikuak egiaztatu beharko du egoera, edozein gaixotasun arruntekin egiten den bezala. Bestalde, legeak ez du prestazio ekonomikoaren zenbatekoa zehazten. Hala ere, momentu honetan, kontingentzia arruntengatiko bajak oinarri arautzailearen %60 izaten da laugarren egunetik 20. egunera bitartean, eta %75 21. egunetik aurrera. Litekeena da modu honetara ordaintzea hileko mingarriengatik eta haurdunaldia eteteagatik hartutako bajak ere.

Lana egiteko ezgaitzen duen hileko mingarria duten pertsonen kasuan, ala haurdunaldia eten dutenen kasuan, onuraduna aldi baterako ezintasun egoeran dagoen bitartean ordainduko da prestazio ekonomikoa. Arauak ez du ordainsaria jasotzeko egun kopuru zehatzik ezartzen.