Zuriñe IGLESIAS
Elkarrizketa
ENERITZ ITURRIAGA
Eneicat taldeko zuzendaria

«World Tour taldeentzat Itzulia pizgarria izaten hasi da»

Eneritz Iturriaga (Abadiño, 1980) Eneicat taldeko zuzendariarekin elkartu da GARA, Itzuliaren inguruko balorazioa egiteko. Iturriagak dioenez, taldearen filosofia beti da «erasoa jotzea», eta Itzulian hori egiten saiatu dira; batik bat, ihesaldietan sartuta. Txirrindulari ohiak nabarmendu du telebistak ikusgarritasuna eman diola emakumezkoen txirrindularitzari.

(Raul BOGAJO | FOKU)

 

Eneritz Iturriaga ez da geldirik egotekoa. Mugikorra sutan du, hamaika mezu ditu Whatsappean. Orain dela bost urte, 2019an, Eneicat taldea sortu zuen. Leon, Euskal Herria eta Kolonbia aldean mugitzen da. Eneicatek gorengo talde bat du, eta beste bi gazte mailan. Horrez gain, urte hasieran Abadiñon txirrindularitzako lehen eskola sortu zuen. [Elkarrizketa itzulia korritu eta ondorengo astean egina da].

Itzulia korritu berri duzue. Nola joan da lasterketa?

Hiru egunetan eguraldi txarra egin du, eta ez dugu izan eroriko larririk; beraz, pozik. Kirol arloan, lehen 30 sailkatuen artean bi txirrindulari sartu ditugu eta oso-oso pozik gaude. Eta ez da bakarrik bi txirrindulari hor sartzea. Gure taldea oso gaztea da, batez besteko adina 23 urtekoa da. Horrek esan nahi du etorkizuna dugula. Bi Itzuli egin ditugu eta pasa den urtetik gauzak asko hobetu dira; jende gehiago dago, txirrindulari gehiago daude...

Etapa batean agindu hau eman zenuen. «Bai ala bai, taldeko txirrindulari batek sartu behar du ihesaldian». Eskola zaharrekoa zara.

Bai. Txirrindularitzan World Tour taldeak daude, hamabost dira, eta beste guztiak Kontinentalak gara. Espainiako Vueltan bigarren talde Kontinental onena izan ginen, eta lehen hamabost talde onenen artean sartu ginen. Euren aurrekontua 3-4 milioi ingurukoa da, eta gurea ez da iristen haien laurden batera ere. Diferentzia handia da, eta horregatik garrantzitsua da guretzat ihesaldi batean sartzea. Badakigu nortzuek irabazten duten, lehen hamabostak betikoak dira. Bost urte hauetan gure filosofia ez dugu galdu: beti erasoa jotzea. Agian ez ditugu emaitza onak izango, baina txirrindulari moduan sekulako formakuntza izango dute.

Zertan nabaritu duzu aldea iazko Itzulitik aurtengora?

Antolakuntzan eta ibilbideetan -bueno, ordutegiak pixka bat arraroak izan dira aurten- baina, batez ere, etorri diren taldeetan. Pasa den urtean hiru-lau World Tour egon ziren, eta aurten kasik denak etorri dira. Horrek esan nahi du World Tour taldeentzat Itzulia pizgarria izaten hasi dela.

Ikusteko erakargarria izan da. Hori positiboa da, ezta?

Oso positiboa da. Gizonezkoen Itzulian egon nintzen komentarista moduan, eta denak kexatzen ziren jaitsiera asko zeudelako. Baina, azkenean, ikuskizuna horrek ematen du. Aurtengo gizonezkoen Itzuliak egundoko ikuskizuna izan du, azkenengo momentura arte ez da jakin nork irabaziko zuen. Eta emakumezkoetan ere apur bat hori gertatu da. Lehenengo minututik ikuskizuna egon da. Gainera, Espainiako Vueltan Demi Volleringek eta Van Vleutenek lehia polita izan zuten, eta hori ere Itzulian ikusi da. Oso polita izan da, azkeneko egunean Volerringek bere taldekideari utzi zion joaten eta lasterketari buelta bat eman zioten. Hori garrantzitsua da jendeak pantailatik begiak ez altxatzeko.

Telebista sartzea ere garrantzitsua izan da.

Bai, oso. Pasa den urtean esaten zuten: «Ene! Lehen Frantziako Tourra». Ez, barkatu, ez da lehen Frantziako Tourra. Gogoratu Joanek [Somarribak] irabazitakoak. Gertatzen dena da aurreneko aldia dela hainbeste telebista katetan eta herrialdetan ematen dutela. Beraz, telebista sartuz gero, edozein kiroletan, bai txirrindularitzan, bai futbolean, edo dena delakoan, hor hasten da apur bat kirolaren gorakada. Horregatik da oso garrantzitsua ia lasterketa guztiak telebistan ematea.

Itzulian ere ikusi da txirrindulari onenen eta gainerakoen artean aldea handia dela.

Bai, ikusi besterik ez dago nire taldeko bi bikiak [Lucia eta Laura Luiz Perez]. 19 urte dituzte. Lucia Vueltan hirugarren espainiar onena izan zen. Pasa den urtean gazte mailan zegoen eta aurten munstro horiekin korritzen ari da. Sekulako aldea dago. Imajinatu 18 urterekin korritzen dituzula 70 kilometro, eta gero, ehun eta piko. Orain hasi da txirrindularitza apur bat profesionalizatzen eta hori World Tourrentzat oso ondo dago, taldean sartzen diren gazteei ematen dizkietelako pare bat urte. Baina atzetik gatozen guztiontzat saltoa handia da. Oraindik hiru-lau koska ditugu igotzeko.

Kasualitatea al da Herbehereetako txirrindulariak izatea onenak?

Herbehereetako txirrindulariak ni ibiltzen nintzenean ere onenak ziren, baita italiarrak ere. Uste dut herrialde batek dirua jartzen badu kirola goraka doala. Diruak zerikusi handia du. Bai Euskal Herri mailan, baita Espainian ere, uste dut emakumezkoen txirrindularitza pixka bat gehiago baloratzen hasi direla, eta dirua sartzen ari dira. Hori bai, alde hori ezin da derrepentean desagertu. Hemendik bost urtera, ordea, bai.

Euskal Herrian, adibidez, Laboral Kutxak apustua egin du.

Esan dudan moduan, baliabideak daudenean profesionalizatu egin daiteke eta hor ikusten da emaitza. Datorren urterako baldintza batzuk ipini dituzte Espainia mailan UCI Kontinental mailako taldea izateko, gutxieneko batzuk bete beharko dira, eta hor bai egongo dela galbahe bat. Ikusiko dugu ea zenbatek pasatzen dugun. Eta hori ere beste aurrerapauso bat izango da.

Frantziako Tourrean gizonezkoen azkeneko etapak bat egingo du emakumezkoen lehenarekin. Horrelakoek balio dute andrazkoen txirrindularitzara zaleak erakartzeko?

Bai, oso garrantzitsua da. Baina nik orain dela hamabost urte korritzen nuenean Munduko Kopako lasterketetan, Fleche Wallonne, Flanders, Amstel Gold Race... mutilen egun berean egiten genuen, eta sekulako zaletasuna zegoen. Jendea joaten zen asteburu pasa hori ikustera, eta horrek uste dut hobetu egiten duela, eta ia lasterketa guztiak hasi dira horrela egiten. Podiumean ere, mutilek eta neskek saria aldi berean jasotzea aurrerapauso garrantzitsua da.

Nondik etorri zitzaizun Eneicat sortzeko ideia?

Txirrindularitza utzi nuenean nahiko nazkatuta utzi nuen, eta ez nuen ezer jakin nahi horretaz. Baina azkenean mundu honetan ibili garen guztiok faltan botatzen dugu. Orduan, handik lau-bost urtera bizikletan aritzen ziren bost neskari laguntzen egon ginen, musu-truk. Orduan esan genuen: zergatik ez dugu talde bat egiten? Cafes Baquerekin gu izan ginen lehen neskak sartzen. Konturatu ginen gazteekin egiten genuen lana oso ondo zegoela, baina gero etortzen zen talde handi bat eta txirrindulariak kentzen zizkiguten. Guk lan zikina egiten genuen.

Zein ziren talde handi horiek? Adibidez, Bizkaia-Durango?

Bai, hori da. Urte hartako bi neska orain Movistarren daude. Sandra Alonso gurekin hasi zen Bizkaia-Durangora joan baino arinago, eta Gloria Rodriguez murtziarra da bestea. Ni haurdun geratu nintzen, eta oso konplikatua izan zen haurdunaldia. Urtebete geldituta egon ginen, urtebetean buruari buelta asko eman nizkion, eta orduan sortu genuen Eneicat taldea. Hasieran oso gaizki pasatu genuen. Baina orain, bost urteren ostean, proiektua finkatuta dago, eta ez hori bakarrik: gorako taldeaz gain, bi talde gehiago ditugu, eskolak ditugu... Eneicaten guztira kasik 55 andrazko txirrindulari daude.

Italiara joan behar izan zenuen korritzera, hemen aukera falta zegoelako.

Bai, beti esan dut: nik eduki ez nuen aukera orain besteek izatea nahi dut. Gainera, lanak bete egiten nau. Kirolari ohiak izan garenontzat oso zaila da hutsune hori betetzea; ez duzu betetzen ez lanarekin ez familiarekin. Orduan, ulertu nuenean zelan bete nezakeen hutsunea, esan nuen: ‘hori da nire bidea’. Eta nire txirrindulariei askotan esaten diet ezin dutela imajinatu zein aukera duten, nik lan askorekin egin behar izan nuen horra iritsi direlako.

Hamabi urte egin zenituen profesionaletan. Garaipen onak lortuta.

Niretzat bereziena ez da irabaztea. Lehenengo Olinpiar Jokoak izan ziren berezienak, 2004an Grezian. Hara joatea sekulakoa izan zen. Lau hilabete lehenago eroriko bat izan nuen, eta 50 puntu baino gehiago eman zizkidaten aurpegian, masailezurra apurtu nuen eta koman egon nintzen. Eta oraindik ez nekien Olinpiar Jokoetara joango nintzen ala ez. Asko ikasi nuen; oraintxe goian zaude, eta oraintxe behean. Hortik aurrera txirrindularitzaz nuen ikuspuntua asko aldatu zen, eta psikologikoki beste lanketa bat egiten hasi nintzen. Erabat aldatu ninduen bizitakoak. Urte asko neramatzan gora, gora eta gora, eta ez nuen izan beherakadarik, eta hori izan zen aurrenekoa. Eta oso gogorra izan zen. Orduan konturatzen zara lauzpabost lagun bakarrik dituzula.

Asko aldatu al da txirrindularitza geroztik?

Korritzeko modua iguala da: zoro batzuen antzera joaten ginen eta orain ere horrela joaten dira. Egia da orain dena askoz ere neurtuagoa dagoela; ez dakit zenbat watt-etara joaten direla... Hala ere, ero moduan joaten dira. Van Vleutenek, jakinda ez dela txirrindulari indartsuena, erasora jotzen du. Aldaketa handiena baliabideetan dago. Egia da orain agian tropela azkarrago doala baina, kontuan hartuta guk genituen baliabideak, nahiko azkar korritzen genuen. Lehen profesionalak 20 ziren eta orain 100 bat dira.

Zer du hobetzeko emakumezkoen txirrindularitzak?

Puf! Hobetzeko? Gauza asko. Beti konparatzen gaituzte gizonezkoen araudiarekin, eta hori ezin da horrela izan. Gizonezkoenak emakumezkoenak baino 100 urte gehiago ditu eta ezin gara ipini euren parera. Esan nahi dut: asko hobetu dugu, eta oraindik asko dugu hobetzeko, baina ezin dugu euren araudia oinarri hartu. Berdintasuna ezin da egon, proiektu batek 100 urte baditu eta beste batek zero. Gure pausoak eman behar ditugu, eta zer gertatzen ari da? World Tourreko hamabost talde daudela eta ez dagoela txirrindularirik, eta hori arazo bat da. Bat-batean dirua heldu da talde profesionaletara. Baina harrobia zer? Hori landu beharko litzateke.

Euskal Herrian ba al dago harrobirik?

Baietz uste dut. Hala ere, nire ustez, apur bat gaizki antolatuta dago.

Zergatik?

Ezin direlako eduki bat-batean hiru talde kontinental. Hiru edo lau, direnak. Egin bat patxadaz eta kito. Gizonezkoetan Euskaltel bakarra dugu, ezta? Antolamenduak diferentea izan beharko luke, eta hor bai, harrobia izan. Uste dut ez dagoela lekua hiru talde kontinentalentzat. Eta nik nahi badut datorren urtean talde euskalduna izan?

Orduan, indarrak batzea besterik ez duzue.

Puf! Oso gaitza da, ikusita nor dagoen talde bakoitzean. Datorren urtean araudiak jarriko du nor bere lekuan. Aurrerapauso garrantzitsua dator hurrengo urtean: ikusiko da zenbat UCI talde dauden.