GARA
IRUÑEA

Zonifikazioarekin amaitzeko aldarria dakar Nafarroa Oinezen abestiak

Iruñean aurkeztu zuten abestia.
Iruñean aurkeztu zuten abestia. (NAFARROA OINEZ)

“Nafarroa osoan bai!” izango da aurtengo Nafarroa Oinez jaiari doinua jarriko dion abestia. Atzo aurkeztu zuten Iruñean, eta Iñigo Orellak, Andra Mari Ikastolako zuzendari pedagogikoak, azaldu zuenez, «euskararen ofizialtasunaren eskaera Nafarroa osorako» helarazteko asmoa du lanak. Musika Joseba Tapiak egin du, eta letraz Maddalen Arzallus arduratu da. Ahotsa, baina, Olaia Inziarte, Nerea Erbiti, eta Maider Ansa nafarrek eta Leire Letu eta Kristina Aranzabe gipuzkoarrek jarri diote.

Iñigo Orellak azaldu zuen bezala, «euskararen arnasgunea izateko helburuari» erantzunez eutsi dio Nafarroa Oinezek abestiaren gaiari. Bere hitzetan, «letran ageri den ‘bai’ eta ‘ez’ jokoarekin, Nafarroaren zonifikazioa eta banaketa salatu nahi dira».

SANFERMINETAN

Abestiarekin batera, aurtengo Oinez Txokoaren nondik norakoak eta sanferminetarako prestatutako kontzertu eta bestelako jardueren berri ere eman zuen Maider Ansak, Jarduerak batzordearen arduradunak.

«Kontzertuetan Brigade Loco, Sofokaos, Nafarroa 1512, Onki Xin, Xskara, Dj Bull edo Beietz! taldeak ariko dira. Jrduerak, hala ere, publiko guztietara egokitu dira; hala, haurrentzako ekimenak, bertsolariak, jolasak... ere izanen dira», iragarri zuen.

Ansak gogorarazi zuenez, urtero bezala, «Takoneran kokatutako txosnan ez da jana eta edana faltako. Mota guztietako ogitartekoak eta jai giro desberdinak: lasaia eta familiartekoa goizean, eta gazteei zuzendutakoa iluntzean».