GARA
GASTEIZ

Arabako anbulantzietako bi langileren kontrako erasoa salatu dute

Arabako larrialdietako anbulantzia bateko bi langileri eraso egin zien paziente batek asteartean, atzo LAB, ELA, ESK eta CCOOk jakinarazi zutenez.

112 koordinazio zentrotik dei bat jaso ondoren, beharginak pazientea artatzera joan ziren, eta, han zeudela, eraso egin zietela kontatu zuten Arabako Osasun Garraio Azpikontratatuaren langile-batzordea osatzen duten sindikatuek. Langileei «babesa» helarazi zieten.

LAB, ELA, ESK eta CCOOk agertu zuten anbulantzietako profesionalen lanak «arrisku handiagoa» duela «osasun publikoko profesionalen multzoak berez jasaten duena baino», hein handi batean ospitaleetatik kanpo egiten delako. Hori kontuan hartuta, «anbulantzien sektoreko langileen segurtasun protokoloak berrikusi eta betearaztea» eskatu zioten Lakuako Osasun Sailari.