Asier AIESTARAN
PILOTA

Oso gertu izan arren, Peio Etxeberriak Ezkurdia menderatu ezinik jarraitzen du

Etxeberriak oso gertu izan zuen garaipena.
Etxeberriak oso gertu izan zuen garaipena. (Iñigo URIZ | FOKU)

Peio Etxeberriak Joseba Ezkurdiari irabazi ezinik jarraitzen du. Atzo Logroñon jokatu zen Lau eta Erdiko San Fermin Torneoko kanporaketan, inoiz baino gertuago izan zuen hesi psikologiko hori gainditzea, markagailuan 15-20 aurreratu zenean. Baina luzeegi atera zuen sake baten ondoren, Ezkurdiak azken zazpi tantoak segidan egin zituen, eta 22-20 nagusitu zen arbizuarra.

Azkenaldian bi nafarren arteko neurketetan gertatu ohi denez, atzoko norgehiagoka ere oso gogorra izan zen. Adarraga pilotalekuan egiten zuen bero sargoriak are gogorragoa bilakatu zuen 288 pilotakadako lehia, eta pilotariek nabaritu egin zuten nekea. Une gehienetan Ezkurdia izan zen fisikoki larriago sumatzen zena, baina azken txanpan burua altxa, eta bere bertsiorik onena ematen asmatu zuen.

Takada handiko neurketa batean, Etxeberriak 11-6koari buelta eman zion, zortzi tanto jarraian eginda, 11-14 agintzera pasatzeko. Inoiz baino hobeto sakatzen ikusi genuen zenoztarra tarte horretan, eta erremate sorta bikaina sinatu zuen sake-erremateari esker.

Ezkurdiak txapara bidalitako pilota batekin 15-20 aurreratu zen Peio, baina orduan garesti ordaindu zuen akatsa egin zuen: sake luzeegia atera zuen. Eta Ezkurdiak ez zuen oparia alferrik galtzen utzi. Asko arriskatuz, azken zazpi tantoak segidan egin zituen, Peioren etsipenerako.