GARA
HENDAIA

Zubia irekitzeko eskaria abiatu dute Hendaian, prefetari zuzenduz

Etorbidea zubia itxita mantentzen dutela egiaztatu ondoren, Pirinio Atlantikoko prefetari gutuna igorri diote 30 hendaiarrek. Sinadura gehiago batu nahi dituzte, muga ondoan dauden herrien artean bereziki. Haserrea bertan irudikatu zuten atzo goizean.

Zubia irekitzeko atzo egindako protesta.
Zubia irekitzeko atzo egindako protesta. (Guillaume Fauveau)

Hendaia eta Irun lotzen dituen Etorbidea zubia behingoz berriz ireki dezaten exijitzeko kanpaina ekimen bat abiatu da astearte honetan; kasu honetan, Hendaiatik, eta Pirinio Atlantikoetan Gobernu frantsesak duen prefetari zuzenduz. Lehenengo sinatzaileen artean izen-abizen ezagun batzuk daude, eta besteak, herritar xumeak dira.

Gutun batean bildu dute beren aldarrikapena, eta berari igorriko diote. Salatu zuten 2021az geroztik, nahiz eta «berritze lan luze eta garestiak egin», oinezkoentzat eta txirrindularientzat Avenida delako zubia itxita egon dela Hendaia eta Irun artean, «erabaki administratibo batengatik”. Baina duela gutxi izandako salbuespena azaldu nahi izan dute, eta horrek sortutako haserrea helarazi prefetari: «Salbuespenez, 2023ko uztailaren 3an Frantziako Tourrerako ireki zen, eta uztailaren 4an itxi zen, goizez. Itxiera berri horrek gure nahasmen izugarria eta gure etsipena hazten ditu».

BESTE ZUBIAK IREKITA

Inguruan irekita dauden beste zenbait zubi eta pasagune irekita egoteak eta Etorbidea zubia itxita egoteak zentzurik ez zuela esan zuten, eta beraien ulertu ezina adierazi zuten: «Guk, herritarrok, Hendaiako biztanleok, ez dugu ulertzen erabaki administratibo hori, zentzugabea da; ondoko zubiak, autoenak eta trenbideenak, batzuetan zaintzarik ez dutenak, irekita daude».

Lehenagotik ere eskaera bera egin izan dutela azpimarratu zuten, eta eskaria egiten ari diren herritarren ikuspegia gaineratu zuten: «Gure hautetsiek bezala, zubi honen behin betiko irekitzea eskatzen dugu, azpimarratuz, gure eskaera urrats herrikoi, humanista, baketsu, apolitiko eta akonfesional baten baitan kokatzen dela».

OROIMEN KOLEKTIBORAKO ZUBI

«Prefeta jauna, zubi honen historia gure zainetan doa, sufrimendu izugarriz, baina bake, gizatasun eta askatasun gogoz egindako oroimen kolektibo bat irudikatzen du», gaineratu zuten atzo goizean irakurritako gutunean.

Amaitzeko, zubiaren izaera aldarrikatu eta irekiera galdegin zuten: «2023an, oinezkoentzat eta txirrindularientzat nazioarteko zubiaren bokazio nagusia zirkulazio lasai batena da. Zubi horrek bidea eman behar digu elkar lotzeko, ibiltzeko, joan-etorri ezak garatzeko, topaleku bat eskaintzeko... Zentzua eta bihotz-berotasuna eman behar die zubi hori segurtasu