DemoSHAT proiektuak aerosorgailu flotatzailea jarri du Armintzan
Ingeniaritza lan zaila gaindituta, Armintzako kostaldearen aurrean aerosorgailu flotatzailea jarri dutela iragarri dute ostiral honetan, DemoSATH egitasmoaren barruan. Hurrengo fasean bi gehiago instalatzeko asmoa dute, baina 50era edo 100era ere heldu daiteke etorkizunean itsas parke eolikoa.

Saitec Offshore Technologies euskal ingeniaritzak, RWE Offshore Wind eta Kansai Electric Powerrekin (KEPCO) elkarlanean, DemoSATH 2 MW-ko itsas aerosorgailu flotatzailea instalatu duela iragarri zuen atzo, Bilbon egindako aurkezpen ekitaldian. Gainera, 2026. urterako beste bi ezartzeko asmoa duela jakinarazi zuen.
Agerraldian nabarmendu zuenez, «epe ertain-luzean» euskal kostalde osoan 50 eta 100 aerosorgailu arteko parkea osatzeko asmoa du. Oraingo legediak ez duela baimentzen aitortu zuten bultzatzaileek, eta ondorioz, «ez dago bermatuta», baina aukera izanez gero, aurrera egingo dutela ziurtatu zuten.
Windstaller Aliantzak egindako operazioak Normand Sapphire itsasontzia erabili zuen, tokiko atoiontziekin batera, DemoSATH plataforma Bilboko Portuko Sollana lurmuturretik Armintzako BiMEP entsegu eremura, 11 miliako distantziara, eramateko.
Haize sorgailua 85 metroko sakonera duen eremu batean ainguratuta geratu da Kantauri itsasoan, kostaldetik bi miliatara. Horretarako erabilitako ainguratze sistema DemoSATHen brankako dorretxoari konektatu zitzaizkion sei lerro hibridoz osatuta dago (katez eta zuntzez osatuak).
Itsasoko plataforma flotatzaileetan haize-errotak instalatzeko proiektu berritzaile honen garapenean 100 ingeniarik hartu dute parte zazpi urtez, eta horiek fabrikatzeko beharrezko osagaien % 75 tokiko enpresek eman dituzte, David Carrascosa euskal ingeniaritzako CEOak atzo komunikabideei egindako aurkezpenean zehaztu zuenez.
2.000 ETXEBIZITZETARAKO
Kable dinamikoaren konexioa amaitzeko BiMEP eremuko lanek aurrera jarraitzen dute. Horrek, sortutako energia lurreko sare elektrikora isurtzea ahalbidetuko luke. DemoSATHek 2.000 etxebizitzen elektrizitate kontsumoaren baliokidea den elektrizitatea sortzea espero da. Munduan instalatzen den mota horretako hirugarren plataforma da, prozedura jakin bera jarraitu duena, Carrascosak zehaztu zuenez. Eta Espainian sare elektrikora konektatuko den lehena da. Bertan, 2 MW-ko aerosorgailuak sortutako energia elektrikoa irauliko da.
Irati Larrinaga proiektuaren arduradun teknikoak zehaztu duenez, azpiestazio horrek haizearen indarra jaso eta energia elektrikoa banatuko du. Horretarako, segundoko 3 eta 25 metro bitarteko haizearen indarra energia elektriko bihurtzeko prestatu dute itsas aerosorgailua.
BI URTEKO PROBALDIA
Konexioa egun batzuk barru bukatzea espero da, eta irailean bi urteko probaldia hastea, itsas instalazio horiek Kantauri itsasoko ingurune meteorologiko gogor batean duten portaera frogatzeko eta neguko zein udako galernek nola astintzen duten ikusteko.
Bertako baldintza klimatologiko gogorrak jasateko, itsas ekaitzei buruzko datu historikoak kontuan hartuta diseinatu da plataforma, eta 17 metrorainoko olatuak jasatea aurreikusten da, Carrascosak zehaztu duenez.
Plataforma eoliko flotatzailea kostaldeko ur sakonetan (85 metro arte) haizearen energia aprobetxatzeko diseinatu eta hornitu da, eta hori mugarri bat da energia-aprobetxamendu mota honetan. Izan ere, orain arte, sakontasun txikiko kostaldeko uretan baino ez ziren instalatzen, Ipar Itsasoan, Itsaso Horian (Asia) eta Estatu Batuetako mendebaldeko kostaldean. Armintzakoarekin beste urrats bat egin dela aitortu zuten bultzatzaileek.
Carrascosak azaldu zuen plataforma flotatzaile horiei esker, Kantauriko uretako probaldia amaitzen denean, itsas aerosorgailu mota horien instalazioa sakonera handiagoko kostaldeetara zabaldu ahal izango dela.
Fase honen amaierak berarekin ekarri du proiektuaren helburu den itsas haize energiaren garapenean aurrerapen handia egitea, eta baita jasangarria den energia sortzea ere.

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak

ASKE TOMA EL TESTIGO DEL HATORTXU EN ATARRABIA

Un ertzaina fue jefe de Seguridad de Osakidetza con documentación falsa

Aerosorgailu bat zure esne kaxan
