Amaia EREÑAGA

Benito Barrueta, galtzaile zintzo baten erretratu poliedrikoa

Benito Barrueta margolariaren (1873-1953) bizitza XX. mendearen isla izan zitekeen: bi Mundu Gerra bizi izan zituen, Parisko korronte artistiko berritzaileen bihotzean egon zen, erbestea pairatu zuen... Haren biografian aztarrika eginez ateratzen den erretratua ertz, erpin eta argi-ilunez beteta dago. Eta bitxikeria anitzez.

Erakusketan ikus daitezkeen objektu pertsonalak eta marrazkiak. 300 bat bildu dituzte, orain arte ezezagunak.
Erakusketan ikus daitezkeen objektu pertsonalak eta marrazkiak. 300 bat bildu dituzte, orain arte ezezagunak. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Bermeoko herriak bi artista handi eman ditu: Nestor Basterretxea (1924-2014) margolari, eskultore eta zinemagilea, eta Benito Barrueta margolaria (1873-1953). Basterretxea da bien artean, ezbairik gabe, ospetsuena; denborak nolabaiteko ahanzturarekin estali baitu Barruetaren itzala. Artista honen 150. urteurrenean, bidegabekoa den ahanztura horren kontra “altxatu” dira Bermeoko Arrantzaleen Museoan antolatu den erakusketa -sekula argitaratu gabe zeuden artistaren 300 bat marrazki berreskuratu ditu Benito Barrueta elkarteak; irailaren 3ra arte ikusgai daude- eta egunotan -atzo eta gaur- Udako Unibertsitateak bertan atondu duen ikastaroa.

Baina, agian, oker gaude; agian margolari apal, kultu eta bitxi honek gugan utzitako arrastoa ez da sekula ezabatu. Bermeon ez, bederen. Artista bera hil aurretik sortu zen Barrueta elkartea, eta hor dirau; 80 bat urte dituen elkarte artistikoa... ez da marka makala. Talaian ere Nestor Basterretxeak egur eta porlanez eginiko eskultura bat ezarri zitzaion, bere omenez, 70eko hamarkadaren hasieran. Basterretxearen aitona margolariaren kidea edo babeslea izan zen, Andone Narvaez ikertzaileak aipatzen duen legez.

Narvaezek berak 20 urte eman ditu Barruetaren lanetan eta bizitzan arakatzen. Baina zerk zuen gizon honek garai desberdinetako jende artean horrenbesteko leialtasuna, jakingura edo maitasuna erakartzeko? Gizon jantzia, ideia aurrerakoiak zituena, umila... eta burugogorra, gehituko genuke; oso argi baitzuen zer egin nahi zuen bere artearekin: XX. mendeko abangoardiako sorkuntzen bihotzean egon arren, klasikotasuna landu zuen Barruetak. Modernoen artean, “outsider” bat. «Oso gutxi ezagutua izan da baina, hala ere, artearen munduan arras ezaguna da. Bilboko Arte Ederretako museoaren bilduma iraunkorrean presente egon da beti, eta El Prado museoan ere baditu lan batzuk. Euskal artearen sorkuntzan funtsezko margolaria izan zen», esan du Andone Narvaezek.

Argitu dezagun, ordea: Benito Barrueta euskal artearen historian non kokatuko genuke? Jose Angel Lasa Garikanori, ikastaroaren zuzendariari, galdea egin diogu. «Ez da erraza -dio UPV-EHUko irakasleak-. Abangoardietan ez, zero, ez zelako hor kokatzeko norbait. Anakroniko bat zen bere garaian, nolabait esateko, hanka bat izan zezakeelako mende hasierako pinturan. Baina, nahiz eta paperetan zarata askorik ez atera, arte munduko jendeak asko maite dugu Barrueta; hain zuzen, sinisten dugulako egin duena. Bat dator bere zintzotasunarekin, sinesgarria delako. Ni arte munduan nabil eta badakit zein zaila den zintzo jokatzea zure lanarekin. Pintore ona izatea oso zaila da, eta pintore zintzoa izatea are gehiago. Beraz, Parisen zegoen, baina antzinako erara pintatu zuen, bi Munduko Gerra bizi zituen... Egoera poliedrikoa da. Benito, niretzat, ikosaedro bat da, hogei aurpegiko poliedro bat».

BERMEOTIK PARISERA

Nor zen Benito Barrueta? 1873ko martxoaren 21ean jaio zen familia xume batean, Bermeoko Ertzilla dorrean. Orduan alokairuzko etxebizitzetan banatuta zegoen eraikina. Aita egur zizelkaria zuen. Madrilen, soldaduska egin zuenean, El Pradon klasikoak aurkitu eta bere bizitza osoan hainbesteko eragina izan zuen Velazquezekin erabat maitemindu zen. Ordurako pintura ikasketak hasiak zituen Bilbon, baina, etxean sosik ez zegoenez, Bermeoko Udalari eskatu zion bostehun pezetaz hornitutako beka bat, Madrilen ikasi ahal izateko, Arte eta Ofizioen Eskolan. Sei urte eman zituen han eta, hori bukatutakoan, trasteak hartu eta 1900. urtean Parisera jo zuen, inolako babesik gabe.

Parisen bor-bor zegoen artearen mundua, eta argi zeukan Aurelio Arteta, Valentin Zubiaurre edo Juan Echeverriaren belaunaldiko kide honek. Montmartreko artista abangoardisten bizilaguna izan zen Ravignan plazako Bateau-Lavoir etxean; alegia, abangoardia artistikoen sorterritzat jotzen den eraikinean. Behin eta berriz margotu zuen plaza hura bermeotarrak. Picasso, Modigliani, Juan Gris, Brancusi... Andone Narvaezen aurkikuntzen artean elkarrizketa bat dago, non bermeotarrak hauxe aipatu zuen: «Pinturan zailena gezurretan ez ibiltzea da. Ondo esandako egia ederra osoa da. Velazquezek ez zuen sekula gezurretan egin. Artearen ismo [kubismoa, eta abar] osatu gabe zeuden, eta horregatik ez nintzen haiekin itsutu». Parisko Ducret galerian bakarka egin zuen erakusketaren katalogoa aurkitu du Narvaezek, eta han erakutsi ziren 50 bat lanetatik 28 katalogatu ahal izan ditu ikertzaileak. Horretan ari baita, hori baita bere lorpenik handiena: Barruetaren lanaren katalogazioa hastea.

Hirian hamarkada bat pasatu ondoren, Lehen Mundu Gerraren eztandarekin Bermeora itzuli zen margolaria. Han marrazketa katedra hartu zuen lanbidetzat, Nautikako eta Arte eta Lanbideen Eskolan. «Bizitza xumea aukeratu zuen, bere garaiko gizarte eta arte giroetatik urrun, eta hau askok alferrikako sakrifiziotzat jo izan dute. Aitzitik, borondatezko erretiratze horrek intimismo bikaineko pintura mota bat garatzea ekarri zion, eguneroko bizitza islatzen zuena. Haren margoetan haurrak, adinekoak, etxeko lanetan aritu ziren emakumeak eta antzekoak nagusi ziren. Eta argiaren erabileran ere maisua zen», dio Narvaezek.

BERMEOTIK IHESEAN

Sorterrian ezkondu zen, 47 urte zituelarik, Leandra Bilbaorekin. Haien bizitzako garairik politenak izan ziren, 1936ko Gerrarekin denak eztanda egin zuen arte. Zein eratako ideologia zuen?, galdetu diogu Unai Belaustegi historialariari. «Testuingurua ulertzeko, bere ideologia, bere pentsamendua, bere kosmogonia edo mundua ikusteko era nondik etor zitezkeen jakin behar dugu. Barruetari buruz informazio gutxi dago. Nolabait, bere arte produkzioa nahiko handia izan zen, baina bilakaera pertsonalari buruz datu oso konkretuak daude, eta bizitza politikoari buruz oso-oso gutxi».

Historialari honek Barruetaren bilakaera politikoari buruz lortu dituen lehen datuak 1930ekoak dira, Urte hartako ekainean Marcelino Domingok [politikari errepublikano katalana, Frente Popularreko ministroa izan zen] aipatu zuen eta, horren arabera, joera errepublikazaleak eta sozialistak zituela pentsa daiteke. Domingok aipatzen du “que se reunió con republicanos vascos”. Euskal Herriaren izaera berezi bat erreibindikatzen zuen errepublikanoa zela pentsa daiteke». Are gehiago, Bermeoko udal hauteskundeetan Bloke Antimonarkikoaren zerrendetan aurkeztu zen. «Bere bizitzaren bilakaera horretan, Gonzalo Nardizekin [ANVko militantea, Euskal Gobernuko kontseilaria] lotura nahiko estuak izan zituen ere, eta hortik pentsa daiteke ANVkoa zela edo ANVren inguruan ibili zela, bederen».

Gerra hasi zenean, beste askok bezala, alde egin zuen bikoteak. Lehenengo Kataluniara, gero Ipar Euskal Herrira. 1941ean itzuli ziren Bermeora, eta urte gutxiren buruan hil zen margolaria. «Horrek adierazten du, nire ustez, bigarren mailako politikagintza zela berea. Beste aldetik, frankismoa trebea izan zen, Erregimena nolabait zuritzeko edo ondo zetozkion pertsonaiak erakartzeko orduan. Artista asko onartu zuen Erregimenak, baldin eta Erregimena bera onartzen bazuten. Barrueta artista bezala ezaguna zen eta bere bigarren mailako profil politiko horrek erraztuko zion itzulera. Hala ere, horrek ez zuen salbatu, itzultzen zenean bere jabetza guztiak kenduta baitzeuzkan. Ezin izan zuen bere betiko etxera bueltatu, eta kontaktuen laguntza beharko zuen bizitza aurrera ateratzeko», dio historialariak. Desagerrarazi zizkioten objektuen artean: marrazkiak, olioak eta adiskide intelektualekin trukatutako gutunak.