ELA: «EBZk langabezia handitu nahi du langile klasea gelditzeko»
ELA sindikatuko idazkari nagusiak gogor kritikatu zituen atzo Europako Banku Zentralak hartutako erabakiak. «Lagardek, hipotekak garestitzeaz gainera, langabezia igo nahi du, langile klasearen negoziazio boterea ahultzeko», nabarmendu zuen Mitxel Lakuntzak.

«Lagardek, hipotekak garestitzeaz gainera, langabezia igo nahi du, langile klasearen negoziazio boterea ahultzeko». Hala adierazi zuen atzo Mitxel Lakuntzak, ELAren idazkari nagusiak. Salatu zuenez, Christine Lagarde Europako Banku Zentraleko (EBZ) presidenteak «langabezia handitzeko interes tasak igo behar» direla proposatu du, eta, «horrela, langile klasearen negoziazio boterea murriztu, soldatak gutxiago hazteko». Lakuntzak Lagarderen aurka jo zuen «Egoeraren Azterketa» 145. txostenaren aurkezpenean. Dosierrak egungo egoera ekonomikoa aztertzen du, bai nazioartekoa, bai Euskal Herrikoa, eta arreta berezia jartzen du bizitzaren garestitzean.
Ikerketa Bulegoko kidea den Aitor Murgiak nabarmendu zuen prezioak handitzen jarraitzen dutela. «Elikagaiak %25 garestitu dira bi urtean, eta urte arteko KPIa %2,6an badago ere, berriz ere handituko da; urte amaieran %4tik gora kokatuko da», esan zuen.
Bere hitzetan, «ez da benetako kausetara jotzen, eta langileria pobretzeko politikak aplikatzen jarraitzen dute, hala nola tasen igoera». «Analisi guztiek adierazten dute inflazioa enpresa mozkinen gorakadak eta espekulazioak eragin dutela batez ere».
Nabarmendu zuenez, Enpresa Marjinen Behatokiaren arabera, Estatu espainoleko enpresek marjinak handitzen jarraitu dute 2023ko lehen hilabeteetan, %14raino handituz, eta energia eta garraio enpresak izan dira marjina handiena izan dutenak, %25etik gora. Baita bankuak ere.
«2023ko lehen seihilekoan, Ibex-35eko bankuek, Unicajak izan ezik, 12.500 milioi euro baino gehiago lortu dituzte 6 hilabetean. Kutxabankek eta Laboral Kutxak ere iazkoak baino emaitza askoz hobeak izan dituzte», gaineratu zuen. Hori guztia EAEko ohiko gastuei aurre egiteko diru sarrera nahikorik ez duten pertsonen ehunekoak gora egin duenean.
«2022ko Gizarte Premiei buruzko Inkestak adierazten du EAEko biztanleen %22,3 -ia 500.000 pertsona- ez direla iristen gizartean espero diren gutxieneko ongizate eta erosotasun mailari eusteko beharrezkotzat jotzen diren diru sarreretara», azaldu zuen.
JOERA NEGATIBOA
Murgiak adierazi zuenez, aztertutako datuek erakusten dute ekonomia moteltzen ari dela eta datozen hilabeteetan joera negatiboan jarraituko duela. «Errealitate hori indar handiagoz eragiten ari da industrian, hiruhileko arteko %0,6ko jaitsiera izan baitu bigarren hiruhilekoan, eta urte arteko %0,5eko jaitsiera EAEn», esan zuen.
Europako ekonomia industrializatuenei ere eragiten die, eta horien bilakaera txarra azaltzen du, Alemaniaren kasuan bezala. «Zerbitzuen sektoreak eta etxeen eskariak BPGren hazkundeari eusten badiote ere, aurrezkien amaierak eta interes tasen gorakadak familien kontsumoan eragina izango dute», ohartarazi zuen. Europa «inflazio handiko geldialdira» hurbiltzen ari dela erantsi zuen.
LAN ERREFORMA
Bestetik, Lakuntzak lan erreforma salatu zuen: «Negoziazio kolektiboaren estatalizazioari eusteaz gain, ez ditu iragarritako ondorio positiboak ekarri». ELAren arabera, azken hiruhilekoan 22.100 pertsona gehiago daude aldi baterako kontratuekin, eta iraupen mugagabekoak 13.700 gehiago. Behin-behinekotasuna %20,5era igo da. Gainera, «emakumeek prekarietate handiagoa jasaten dute: behin-behinekotasuna %24,2ra iritsi zen, eta gizonena, berriz, %16,8ra. Horri guztiari gehitzen badiogu %77 aldi baterakoak direla, argi geratzen da elkarrizketa sozialaren akordioarekin patronala garaile izan dela», adierazi zuen.

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak

ASKE TOMA EL TESTIGO DEL HATORTXU EN ATARRABIA

Un ertzaina fue jefe de Seguridad de Osakidetza con documentación falsa

Un esquiador de Irun, entre los tres fallecidos por un alud en Panticosa
