Bizkaiko ostalaritza greban: «Dena doa gorantz, gure soldatak izan ezik»
Greba egiten ari dira Bizkaiko ostalaritzako langileak. Hirugarren eguna izan zen atzokoa. Salatu zuten 2018koa dela azken hitzarmena eta 2020tik ez dietela soldata igo. ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuak datorren astelehenean bilduko dira Bizkaiko Ostalaritza Elkartearekin, Lan Harremanen Kontseiluan.

«Dena doa gorantz, gure soldatak izan ezik», adierazi zion atzo Iranzu Castresanak GARAri. Jatetxe bateko langilea da eta Bizkaiko ostalaritzan ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek deitu duten hirugarren greba egunarekin bat egin zuen atzo. Bilboko Silken Indautxu hotelaren aurrean egin zuten elkarretaratzea, eta tentsio uneak ere bizi izan ziren, zuzendaritzak Ertzaintzari deitu baitzion.
Greba komiteak hotelera sartu nahi izan zuen, greba egiten ari ziren langileak ordezkatu zituztelako susmoa baitzuten, baina Poliziak ez zien sartzen utzi eta lan ikuskaritzara deitu zuten. Ondoren, Bilboko kaleetan barrena jarraitu zuen mobilizazioak.
LAB sindikatuko Iñigo Alonsok patronalaren jarrera salatu zuen, sindikatuek deitu behar izan baitute datorren astelehenean egitekoak diren bilerara. ELAko Marije Fernandezen arabera, otsailetik ez dira Bizkaiko Ostalaritza Elkartearekin batu, eta sindikatuek eskaerak mahai gainean jartzeko premia dute.
Besteak beste, KPIaren araberako soldata igoera eskatzen dute. «Eskaintzen digutena %5eko igoera da, eta ez gara horrekin konformatuko», azaldu zuen Fernandezek. Izan ere, KPIaren araberako igoera akordiora heltzeko gutxienekoa da alde sozialarentzat eta, Alonsok aditzera eman zuenez, %12ko igoera ekarriko luke neurriak.
«2018koa da azken hitzarmena, eta 2020ra arte igoerak aurreikusten zituen», esan zuen Alonsok. Horrenbestez, 2020tik ostalaritzako langileei ez dizkiete soldatak igo, nahiz eta pandemiaz geroztik sektoreak gorakada handia izan duen.
Castresanak azaldu zuen ez dela soldata sektoreko langileek duten arazo bakarra: «Nahi dugu ordutegiak ahal den neurrian errespetatzea, hortik kanpora egiten ditugun orduak kontrolatuta egotea eta etxez etxeko banatzaileak ere hitzarmenean sartzea, egun autonomo bezala ari direlako».
Halaber, Castresanak salatu zuen pandemiaz geroztik sektoreak gora egin duen arren, langileen baldintzek okerrera egin dutela: «Lehen ordutegia aldatu behar bazizuten, 72 ordu lehenago abisatu behar zizuten; orain bi egun lehenago egin dezakete». Era berean, kritiko azaldu zen jendarteak gaiarekiko duen jarrerarekin, uste baitu «normaltzat» jotzen dela ostalaritzan baldintza oso txarretan lan egitea.
BILERA PATRONALAREKIN
Datorren astelehenean bilduko dira ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuak Bizkaiko Ostalaritza Elkartearekin, Lan Harremanen kontseiluan. Fernandezek argi utzi nahi izan zuen negoziatzeko borondatea badaukatela eta patronalak jarrera bera agertu ezean urriaren 11n eta 12an greba egingo dutela.
LABeko zein ELAko ordezkariek adierazi zuten sektorea konplexua dela antolaketa sindikalistari dagokionez, eta greba bereziki lantoki handietan eta Bilboko hoteletan eragiten ari dela, baita Loiuko aireportuko kafetegietan ere. Era berean, itunpeko hainbat eskolatako jantoki zerbitzuari ere eragin dio lanuzteak, Gasca eta Baska bezalako enpresetan ere grebara deituta baitzeuden.
Ziurtatu zuten %60-70 inguruko jarraipena izan zuela grebak, nahiz eta, atomizatutako sektorea izanda, zaila den datu zehatzak ematea.

El PNV cesa a tres ediles de Getxo imputados por el derribo del palacete

Euskal Estatua helburu, egitekoa eta zuzendaritza eraberritu ditu Sortuk

«A esta generación le toca poner las bases del Estado vasco»

«La única certeza es que el realismo de Trump nos lleva a la destrucción»
