IRAITZ MATEO
DONOSTIA

«Persepolis», Marjane Satrapiren komiki autobiografikoa euskaraz

Marjane Satrapik bere autobiografia idatzi zuen komiki bidez, ‘‘Persepolis’’, eta atzo aurkeztu zuten euskarazko bertsioa. «Irandar baten istorioa da, baina ez hori bakarrik, jende asko identifikatuko da, egiaren indarra daukalako kontakizunak», esan zuen Irene Arrarats itzultzaileak.

Irene Arrarats arduratu da Marjane Satrapiren lana euskaratzeaz.
Irene Arrarats arduratu da Marjane Satrapiren lana euskaratzeaz. (Gorka RUBIO | FOKU)

«Askatasuna garesti zegoen», idatzi zuen Marjane Satrapik, bere autobiografia komiki bidez kontatu zuenean, “Persepolis” liburuan. Irene Arraratsek euskaratu du, eta Elkar etxeak argitaratu.

Itzultzailearen hitzetan «orri bakoitzean daude perlak». Satrapiren bizitzan oinarrituta, kontakizun historiko eta politikoa biltzen dela azaldu zuen. Frantsesetik itzuli du Arraratsek, nahiz eta egun beste hainbat hizkuntzetan eskuragarri egon.

Arraratsek kontatu zuen «urre gorria» topatu zuela narrazioan, «bizipenak kontatuz ekartzen digu historia, eta historia kontatuz agertzen dira bere bizipenak». Bi elementuak «modu egokian txertatuta eta txirikordatuta» daudela txalotu zuen. Esan zuen ez dela «batere panfletarioa», eta bikain kontatzen duela Irango zein Europara joandakoan aurkitutako testuinguru politiko-soziala.

Itzultzaileak aipatu zuen Satrapik bere bizitzaren bidez gai asko lantzen dituela: jendarteko harremanak, emakumeen egoera, herrialde ezberdinetako bizimodua, politika, zapia jartzearen derrigortasuna, erlijioa…

«Irandar baten istorioa da; baina ez hori bakarrik, jende asko identifikatuko da, eta batez ere sinetsiko dio, egiaren indarra daukalako kontakizunak», nabarmendu zuen Arraratsek. Gaur egun «pil-pilean dauden gaiak» barnebiltzen direla adierazi zuen.

BIZITZA BAT, LAU ATALETAN

Haurtzaroari dagokiona da lehen atala: «Oso imaginatiboa. Ume naif baina irudimen handiko baten munduan sartzen da, jakin-min handikoa. Eskolan zapia jartzera behartzen diote… Egoera berezia da», esan zuen Arraratsek.

Bigarren atala gordinagoa dela azaldu zuen, Iran-Irak gerra piztu zen momentuan kokatuta baitago: «Irudikatzen ez zituen gauzak ikusten ditu Marjanek. Heriotza, tortura, oso hurbil mota guztietako bortizkeria, bonbardaketak…». Aurkezpenean kontatu zuen ume «matxinoa» zela, eta gurasoek «Europa zibilizatura» bidaltzea erabaki zutela.

Hirugarren atala Vienan kokatuta dago. Satrapik nerabezaroari aurre egin beharko dio. «Edozein nerabek izan ditzakeen gorabeherak ditu, eta horri gehitu erbesteak sortzen dituen nortasun arazoak. Berak ere halako eten bat du nortasunarekiko; hainbestekoa izan zen gainbehera, kale gorrian lotan pasatuko dituela egun batzuk». Drogak, sexuak eta politikak leku berezia dute atal honetan, eta batez ere ezkerreko ikuspegi batetik «desilusionatuko» da pertsonaia.

Laugarren atalarekin amaitzen da liburua. Iranera itzuliko da, «askatasuna galtzearen truke, familiaren babesera», esan zuen Arraratsek. Itzulera horretan, berdin zaio zapia janztea, eskubide zibilak galtzea... Ezkondu ere egingo da, eta ondoren dibortziatu, baina familiaren babesa bilatzen du. Azkenean, handik ere alde egitea erabakiko du.

BILUZTEA ETA UMOREA

«Bere burua biluzten du, ez du edertzen, ez du idealizatzen, begiak zabalik begiratzen du kanpora. Egiaren indarra du kontaerak», adierazi zuen Arraratsek. Umorea agertzen dela aipatu zuen, «gordinena eta garratzena umorez kontatzen ditu», eta umorearen beraren gogoetak ere aurkitzen direla nabarmendu zuen.

Itzultzaileak bere «momentu kutunenetako bat» zein den aitortu zuen: Descartes eta Marx hizketan jartzen dituenekoa. Esan zuen filosofia lezio laburra eman eta barre eragin ziola. Irudiak, zuriak eta beltzak dira, «oso espresionistak» Arraratsen ustez: «Ematen du oso soilak direla, agian infantilak, baina egon behar duena bakarrik dago».