20.000tik gora sinadurez, eredu orokortua eskatu du Kontseiluak
Legebiltzarkideei hizkuntza eredu zaharkituak gainditzea eta euskara ardatz duen eredu orokortu eta inklusiboa ezartzea eskatu die Kontseiluak. Hezkuntza Lege berriak euskarazko ikasteredua orokortzearen aldeko 20.348 sinadura jaso dituzte ikas-komunitateko eragileek.
Idurre Eskisabel Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusiak eskaera gutun bat helarazi zien Araba, Bizkai eta Gipuzkoako legebiltzarkide guztiei atzo, 20.000tik gora herritarren babesarekin, eskatzeko Hezkuntza Lege berriak euskarazko ikasteredua orokortu dezala eta etorkizuneko belaunaldiak euskalduntzeko tresna izan dadila.
Gogorarazi zuenez, 2022ko abenduaren 3an, hezkuntzako, kulturako eta euskararen munduko 211 aditu eta profesionalek sinatutako proposamena plazaratu zen, Hezkuntza Lege berriak jaso beharreko hiru alderdi proposatuz: euskarazko ikasteredua orokortzea, euskal kultura ardatz izango duen curriculuma, eta hezkuntza ez-arautua osorik euskaraz garatzea.
Joan den irailaren 12an, proposamen horren gainean hezkuntza komunitatearen arloko sinadura bilketa zabala abiatu zuten Kontseiluak, Euskal Herriko Ikastolak, EHIGE, HEIZE eta Hik Hasi hezkuntza eragileek eta Steilas, LAB eta ELA sindikatuek, hainbat gurasoren, langileren, ikasleren eta irakasleren babesarekin.
Bada, hilabetez luzatu den kanpainak 20.348 herritarren babesa jasotzea lortu du. Legeak eragina izango duen hezkuntza komunitatean presentzialki zein sarean jaso dira gehienbat sinadurak: Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ikastetxeetan, irakasleen eta gurasoen bitartez, bai eta euskalgintzaren eta kulturgintzaren arloko eragileen artean ere.
Legebiltzarrak Hezkuntza Legearen berrikuntza abiatzea erabaki zuenetik, Kontseiluak «hurbiletik eta arreta bereziz» segitu du prozesua, euskararen normalizazioan aurrera egiteko eta etorkizuneko ikasle guztiei euskalduntzeko eskubidea bermatzeko neurriak proposatuz, betiere hezkuntza arloko eragileekin, sindikatuekin eta adituekin batera.
Lanketa horren emaitza da Kontseiluak mahai gainean jarri duen proposamena, etorkizuneko hezkuntza sistemaren hizkuntza eredua jasotzen duena: «Euskara, berezko hizkuntza, hezkuntza sisteman irakats hizkuntza normalizatua izango da, eta jardueretan erabilera normal eta orokorreko hizkuntza izango da; are gehiago, hizkuntza eredu orokor eta inklusiboa izango da, eta ez ditu ikasleak banatuko hizkuntza ofizialen arteko aukeraketaren arabera».
Laburbilduz, «ikasleen hizkuntza segregazioa eragiten duten gaur egungo eredu zaharkituak gainditzea eta euskara ardatz duen eredu orokortu eta inklusiboa inplementatzea» proposatzen dute, «euskara gutxien dutenei gehiago ematea izan dadin iparra».