Iker BIZKARGUENAGA
EAE-KO HEZKUNTZA LEGE BERRIAREN EZTABAIDA

Hezkuntzaren aurka, edukaziorik gabe

Denbora luzez ondutako akordioa, lan handiz altxatutako zubiak eta, batez ere, hezkuntza sistema hezkuntza komunitateak, euskalgintzak eta sen onak eskatzen duten bidean jartzeko aukera zapuztu ei da. Iñigo Urkulluk esan zuen PSE besterik ez zuela behar (nahi) Lege berria onartzeko, eta horretan tematu dira jeltzaleak. Baina, antza, lehendakariari bueltan etorri zaio azkenean bere jarrera zekena.

(Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Une honetan alderdien artean dagoen giroa oso ona da». Lerroburu honekin laburbildu zuen GARAk 2021eko irailean Jokin Bildarratzi egindako elkarrizketa. Ordurako gauza jakina zen hezkuntzaren esparruan bazebilela zerbait, eragileen arteko elkarrizketak eta harremanak ugariak zirela, eta orrialde hauetan baieztatu zuen sailburuak berak Lege berri baterako bidean pauso batzuk dagoeneko emanda zeudela. Bide hori, ordea, oso luzea egin zaio, eta helmugara iritsi baino lehenago atzean geratu zaizkio giro ona eta bidaideak.

Bi urte igaro dira elkarrizketa horretatik, eta Hezkuntza Lege berriaren gaineko eztabaida azken txanpan sartu da. EAJ eta PSEk boto nahiko dute legea aurrera ateratzeko, baina 2021eko udazken hasieran sailburuak buruan zuen irudiak ez dauka batere antzik prozesuaren azken emaitzarekin. Legea onartuta ere -eta oraindik ikusteko dago hori- porrot bati buruzko istorioa da hau.

HEZKUNTZA KOMUNITATEAN ASPALDIKO USTEA DA EAEN LEGE BERRI BAT EZINBESTEKOA DELA

Lege berri bat egungoak dituen gabeziei buelta emateko -euskararen ezagutzan, segregazioan...-, hezkuntzak parez pare dituen erronka handiei erantzuteko -demografikoa, teknologikoa...- eta, zergatik ez, duela 30 urte onartutako Euskal Eskola Publikoaren Legeak gizartean eragindako zauriak ixteko. Hausnarketa horrek hauspotuta, bilera asko egin dituzte hezkuntzaren esparruan aritzen diren norbanako zein eragile ugarik, eta, orbelak bezala, eztabaidaren zorua ongarritu dute.

Testuinguru honetan, Bildarratzen taldea eta EH Bildu duela hiru urte hasi ziren hizketan, akordio baten peskizan, eta tarte horretan bi aldeen artean konfiantza esparru bat harilkatzea lortu dute. Galdetuz gero, biek nabarmentzen dute mintzakideen seriotasuna. «Aukera bat egon daiteke», aipatzen zuen elkarrizketa horien berri zuen lagun batek.

Koalizioak hezkuntza-sistema publiko burujabearen norabidean mugarri gisa irudikatzen zuen EAEko prozesua, trantsizio-bide egingarri gisa. Eta hor txertatzen zuen legea.

Hezkuntza Sailak, aldiz, Politika Orokorreko Bilkuran lehendakariak finkatutako helburuari erantzunez, legealdia bukatzerako Lege berria onartzea izan du xede. Berebiziko helburua, hiru legealditan azpimarratzeko ekimenik -non geratu da Estatus Berriaren eztabaida?- egikaritu ez duen Urkulluren Gobernuarentzat (laugarrenik ez da izango).

Abiapuntu eta helburu desberdinekin, baina tarteko mugan bat egin zezaketela pentsatuta, EH Bilduk eta EAJk akuilu lana egin zuten Parlamentuan, eztabaida bideratu eta 2022ko apirilaren 7an Hezkuntza Akordioa onar zedin. «Akordio historikoa». Horrela izendatu zuen legebiltzarkide batek baino gehiagok. Trajea, ordea, handiegi geratu zaio.

GANBERAREN %90EN BABESA ZUELA, ZENBAIT HAMARKADATARAKO HEZKUNTZA SISTEMAREN OINARRIAK EZARTZEKO JAIO ZEN HEZKUNTZA AKORDIOA.

Bilkura horretan EAJko eta EH Bilduko eledunek, Leixuri Arrizabalagak eta Ikoitz Arresek, adostutakoaren garrantzia azpimarratzeaz gain ez zuten esker on hitzik gorde bestearen lana baloratzeko.

Askoz zuhurragoak izan ziren Elkarrekin Podemoseko ordezkari Miren Gorrotxategi eta PSEko Eneko Andueza. Biak ala biak azken orduan eta ia ezinbestean sartu ziren akordioan, eta lehenengoek ez zuten denbora asko behar izan trenetik salto egiteko. Anduezarenek, ordea, bazekiten komodina zutela, udazken mugitu honetan argi geratu denez.

Egia esan, hasieratik agerikoa izan da bi gobernukideen arteko harremana baldintzatzaile nagusia izan zitekeela.

«Gobernuan gai honek arrakalarik sortzeko arriskurik ikusten al duzu?», galdetu zion egunkari honek Bildarratz sailburuari 2021eko elkarrizketan. Erantzuna, biribila: «Ez, hasiera-hasieratik Alderdi Sozialistarekin adostasun zabal bat dago honen inguruan». Errealitatea oso bestelakoa izan da.

2022ko apirileko bilkura horretan PSEko idazkari nagusiak dagoeneko onartu zuen Akordioa adosteko bidean «turbulentziak» izan zirela, eta alderdi horrek ez du aukerarik pasatzen utzi desadostasunak publikoki adierazteko.

Hala gertatu zen, adibidez, Hezkuntza Sailak lege proiektua aurkeztu zuenean. «Gure babesa izan dezan zenbait gauza konpondu beharko dira», abisatu zuen, eta argi utzi zuen bere ezinegonaren zergatia: «Ez dugu bat egiten hizkuntza-ereduak baztertzearekin». Apirilaren 25a zen, eta hitz horiek etor zitekeenaren iragarpen modukoa izan ziren.

GOBERNUKO BAZKIDE “TXIKIAK” EZ BEZALA, EH BILDUK NAHIAGO IZAN ZUEN PROIEKTUAREN ALDE ONAK ETA POTENTZIALITATEAK AZPIMARRATU

Gauza batzuk «hobetu daitezkeela eta hobetu behar direla» uste arren, dokumentua «bide onean» ikusi zuen koalizioko programa-zuzendari Pello Otxandianok hurrengo egunean. Baina hobetu zitezkeen eta hobetu behar ziren gauzak okertu baino ez dira egin.

Uda heltzerako EH Bilduk kezkaz ikusten zuen eztabaidaren bilakaera. PSEk bere marra gorria lodi-lodi marraztu ondoren, ikusteko zegoen zein jarrera hartuko zuen EAJk; ordura arteko bideari -eta Hezkuntza Akordioak finkatzen zuenari- eustea, edo gobernukidearen interesei men egitea.

Eta, bidegurutze horretan, ikasturte hasieran Iñigo Urkulluk esandakoa argigarria izan zen. Lehendakariak esan zuen EAJ eta PSE gai zirela beren kabuz legea onartzeko, eta, nahi izatekotan, besteek bat egin beharko zutela beraiek erabakitakoarekin. Argigarria, eta, errespetu eskasekoa hiru urtez bidelagun izandakoarekin. Hezkuntzan aritua izanagatik, edukazio gutxi erakutsi zuen Lakuako maizterrak, zeken.

Hortik aurrerakoa ezaguna da. Urriaren 3an, lege proiektuari zuzenketak aurkezteko epea bukatzear zegoela, gobernukideek elkarrekin erregistratu zituzten eurenak. Horien artean, egungo hizkuntza ereduak bere horretan mantentzearen aldekoa. Sinesgaitza, legean finkatutako helburuekin kontrajarria delako eta euskalgintzak zein hezkuntzako eragileek eskatutakoaren kontrako norabidean doalako.

Hain zuzen, aurreproiektuari egindako ekarpenetan, Kontseiluak eta “Euskaraz hezi, berdintasunean hazi” adierazpena sinatu zuten antolakunde eta sindikatuek legeak euskarazko «eredu orokor eta inklusiboa» jaso dezala eskatu zuten, eta urriaren 20an, Kontseiluak berak eta beste 30 eragilek Lege berria datozen belaunaldiak euskalduntzeko berme eta giltza izan dadin «arduraz jokatzeko» deia egin zioten Gobernuari. Alferrik.

Joan den ostegunean, Radio Euskadin egindako elkarrizketan, Bildarratzek esan zuen «zioen azalpenean jasotako ñabardura batek» ezin duela «Hezkuntza Legearen onarpena eragotzi», baina berak badaki ñabardura izatetik urrun dagoela auzia. Bestela PSEk ez zukeen halako zalaparta sortuko lege proiektua aurkeztu zenean, eta ez zukeen hain modu deigarrian ospatuko zuzenketa hori aurkeztu izana. Legearen helburuekin talka egiten du zuzenean, eta legearen irismena auzitan jar dezake. «Zuzenketa horrek ziurgabetasun juridiko handia eragiten du», esan zuen EHUko Zuzenbideko irakasle Iñigo Urrutiak urriaren 23an GARAn.

Gainera, zuzenketa hori ez da giroa mikaztu duen elementu bakarra. «Orain arte interlokutore izan ez denak hartu ditu azken erabakiak hez- kuntza eztabaidan», esan zuen asteazkenean Arresek NAIZ Irratian. Izan ere, ereduekin izandako ika-mikaz aparte, EH Bilduk salatu du ponentzian ez dela eztabaidarako eta gogoetarako tarterik izan eta eurek aurkeztutako 146 zuzenketetatik soilik «txikiak edo teknikoak» onartu dituztela gobernukideek, Hezkuntza Akordioan «nuklearrak» zirenak baztertuz -finantzaketari buruzkoak, kasu-.

EAJK PSEK MARRAZTUTAKO BIDETIK JOATEA ERABAKI DU, ITSU-ITSUAN,

jakin badakien arren hezkuntza komunitateak eta euskalgintzak ez dutela euskalduntze prozesuan halako atzerapausorik onartzen. Botereari eusteko PSE makulu gisa behar du eta, ataka horretan, hautua argia izan da.

Sabin Etxean alderdiak herriak baino gehiago kotizatzen duela esan ohi da, eta jeltzaleak tematuta daude topikoari arrazoia ematen. Besterik da, asmoak asmo, honek guztiak EAJri mesede edo kalte egin dion. Urak ez doazelako bare.

Hizkuntza-ereduen zuzenketaz bi sinatzaileek egindako irakurketa desberdinak erakusten du gobernukideen adostasuna hala moduzkoa izan dela, eta Urkullu hain modu argian PSEren alde lerratzea sailburuari egindako gutxiespen gisa uler daiteke. Halaber, Anduezak Bildarratzekiko erakutsi duen jarrera adeigabeak lehendakariaren erantzunik ez izatea oso esanguratsua izan zen. Ez da giro.

Gainera, estrategikoa izateko bokazioa duen legeak gobernuko alderdien babesa bakarrik lortzea eta hezkuntza komunitatea aurka izatea, ez da aurkezpen-gutunik onena eta ez da kudeatzeko erraza izango. Baten batek pentsatuko du horrela onartzeak merezi ote duen. Eta %90en babesa izan ostean, horrela bukatzeak ez du leku onean uzten sailburua. Triste edo haserre egoteko arrazoiak baditu. Eta errua nori bota, ziurrenik ere bai.

«Hezkuntza parametroetatik at dauden erabakiak hartu dira aste hauetan», adierazi zuen Ikoitz Arresek NAIZ Irratian, erraz ulertzeko moduan.

Dela gobernurako ezinbestekoa duen bazkidea gertu eta pozik nahi zuelako, dela EH Bildu lege garrantzitsu honetatik kanpo ikusi nahi izateagatik, erabakiak hartu dituenak urteetako lana zapuztu, zubiak lehertu, sailburuaren rola eta etorkizuna auzitan jarri eta, larriena, kalte egin die hezkuntza sistemari eta euskarari. Bada marka. Hori bai, apurtutako guztiaren faktura berari pasatu diotela dirudi.