Xole ARAMENDI
DURANGO
DURANGOKO AZOKA 2023

Azokak bost egun bakarrik iraun ez dezan, benetako fantasia

Aluzinazioa, ilusioa, ametsa, utopia… Belaunaldi gazteei Durangoko Azokak egindako keinua da aurtengo leloa, fantasia. Euskal kulturgintzaren urteroko festa eta aldarrikapena oasia izan ohi da urte osoko errealitatean, baina ez da ilusio optiko bat, euskal kulturaren gihar erakusle ere bai baita. Gerediaga Elkartearen nahia fantasia Durangoko Azokara bakarrik ez mugatzea da.

Izaskun Ellakuriaga, atzo, Landako gunean.
Izaskun Ellakuriaga, atzo, Landako gunean. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Kulturgintzaren festa eta aldarrikapena Azokaz harago gauzatzea litzateke benetako fantasia? Izaskun Ellakuriagari atzo egin genion galdera hori. Gerediaga Elkarteko komunikazio arduraduna da eta Azokako komunikazio taldeko kide ere bai. Landakok ateak ireki bezperan galtzak bete lan izanagatik, adeitsu egin zion tarte bat GARAri. «Azokak nahiz zentralitatea izan, euskal kulturgintzan urtean zehar gertatzen denaren erakusleiho nagusi modura, izugarri poztuko ginateke herri ezberdinetan Azokaren itzalean edo Azokaren arrastoari jarraiki beste azoka batzuk -ez derrigorrez ‘klon’-ak- egingo balira. Hemen sortzen den sinergia, indarra eta bizi-gogoa baliatuz nik uste euskarazko sorkuntza ardatz hartuta ekimen asko egin daitezkeela. Sortzen den guztia ez dadila izan bost egunez bakarrik ikusi eta gozatzekoa. Herritarrek erantzuten badute, horrek aberastu egingo du hurrengo urteko Azoka eta ekosistema guztia. Durangoko Azokaren unibertsoan denetariko eragileak daude. Sortzaileek hartzaileak behar dituzte ekosistemak bizirauten jarraitzeko. Hori bai izango litzatekeela fantasia. Eta espero dezagun fantasia hutsean ez geratzea», adierazi zuen.

BI HAMARKADA LANDAKON

Hogei urte dira Azokak Landako gunera jauzi egin zuela. «Urteko buruko min bat gainetik kentzea» suposatu zuen Gerediagarentzat. «Urtero-urtero Durangon libre zegoen eta erabilgarri izan zitekeen orubearen bila ibiltzen ginen», gogoratu du. Garai hartan egun duen dimentsioa, guneen dinamika eta elkarlana irudikatzen al zuen galdetuta, erantzuna garbia da: «Ez, inola ere ez. Beti egon da saltoki hutsa izatetik haragoko asmoa baina modu koordinatuan, elkarlanean, duela 15 urte edo ekin genion bideari hainbat eragilerekin batera».

Aurrera begirako erronkei heldu diegu. Azken urteotan gazteenganako transmisioak duen hutsuneaz kezka agertu du sektoreak. Eta aurten leloa bera ere gazteei eginiko keinua da. «‘Fantasia’ leloaren bidez zuzenean gazteei zuzendu gatzaizkie. Eurek erabiltzen dute zerbait itzel gustatzen zaiela adierazteko. Gazteek Azoka bertatik bertara bizitzea da nahi duguna. Bertara erakartzen baditugu, lortuko dugu errepikatzea eta, fantasia bezala bizitzen badute, ahoz ahokoari esker zabalduko da. Eurak dira etorkizuneko hartzaileak eta Azokari eutsiko diotenak. Hartzaileak behar ditugu eta egin behar ditugu».