Ziburuko badian desagerturiko bi marinelen aldeko omenaldia
Berrehundik gora lagun bildu ziren atzo arratsaldean Zokoako gotorlekuan antolaturiko ekitaldi xume bezain hunkigarrian. «Arrantzaleen izerdiarekin eraikia izan den Ziburuko herriaren» sostengua jaso zuten Karamo eta Mustapha N’Dong senegaldarren gertukoek.

Landetako Arcachon hiriko portuan izena emana zuen “Cycnos” arrantza-ontzia hilaren 21etik 22ra arteko gauean hondoratu zen Zokoako diketik ez oso urrun.
Istripu horren ondorioz, arrantza-ontziaren patroia larri eraman zuten Baionako erietxera. Zorionez, bere osasun bilakaera baikorra izan da. Alta, berarekin batera lanean ziren beste bi arrantzaleak itsasoan gelditu ziren.
Sokorri zerbitzuek ezin izan zuten deus egin jatorriz senegaldarrak ziren Karamo eta Mustapha N’Dong marinelak salbatzeko.
Atzo arratsaldean, berrehundik gora lagun bildu ziren Zokoako gotorlekuan itsas herriak bi arrantzaleei eskainitako omenaldian.
Lapurdiko kostako arrantza zerbitzuetako ordezkariak, Arcachonetik heldutakoekin batera, une hunkigarriz beteriko ekitaldira batu ziren.
Karamo N’Dongek 58 urte zituen, eta Mustapha N’Dongek, 30. Abizen berdina zuten biek ala biek, nahiz eta familia berekoak ez izan. Ez, bederen, agiri ofizialei erreparaturik. Alta, Mikel Epalza arrantzaleen omonierrak oroitarazi duenez, «itsas jendearen artean anaitasun hariak azkarrak dira».
«Ziburu bere arrantzaleen izerditik eraiki den herria da eta normala da marinel batzuk hiltzen direnean omenaldi bat egitea», gaineratu du, bere aldetik, Eneko Aldana-Douat Ziburuko auzapezak. Arcachoneko udalaren ordezkaritza izan du ondoan, baita hiriko senegaldar komunitatearena ere.
Kantuz eta lore eskaintza baten bidez betikotu dute Zokoan bildutakoek N’Dong marinelen memoria.

El PP amenaza con el exterminio político a EH Bildu y sin tener turno de palabra

El exalcalde de Hondarribia fichó por una empresa ligada a Zaldunborda

«Tienen más poder algunos mandos de la Ertzaintza que el propio Departamento»

Etxebarriazarragak jantzi du Bizkaiko txapela
