Iraia OIARZABAL
Edukien erredakzio burua
2018

18/98: amesgaizto haren azken gatibua kartzelatik irten da

Joxean Etxeberria, 18/98 makroprozesuan auzipetua, Oiartzungo plazan askatasuna berreskuratu ostean.
Joxean Etxeberria, 18/98 makroprozesuan auzipetua, Oiartzungo plazan askatasuna berreskuratu ostean. (Juan Carlos RUIZ | FOKU)

Egunkariaren goialdeko mantxeta gorrian 300 zenbakia ageri da. «Free them all» leloari eutsiz, badoa beherantz espainiar eta frantziar estatuetako espetxeetan gatibu diren euskal herritarren zifra. 2018ko urtarrilaren 4arekin, Joxean Etxeberria izan da horietan azkena. 19/98 makrosumarioan auzipetutako eta espetxeratutako emakume eta gizonen zerrenda luzeari askatasun osoa itzuli zaio horrela. «Bidea urratzen ari gara; akats asko izango ditugu, baina saiatzen denak egiten ditu akatsak eta hori ezin zaio ukatu ezker abertzaleari. Benetako bakea eraiki behar dugu denen artean», horiek izan ziren oiartzuarraren lehen hitzak espetxea atzean utzi eta gero. 20 urteko bidegabekeria bizkar gainean: 1998an aurrenekoz atxilotua, epaiketa prozesu gogorra eta 11 urte eta hiru hilabeteko espetxe zigorra. Bere askatasunarekin amaitzen da makrosumario honen amesgaiztoa.

Memorian geratzen dira ezordutan kolpatutako ateak, azala eta erraiak urratutako tratu txarrak, itxitako egunkariak, «Arerioaren Zuzenbide Penala», epaiketa prozesu luze bezain gogorra, «dena ETA da», kartzela, urruntzea, isolamendua... Zenbat sufrimendu eta injustizia utzi zituen bidean Baltasar Garzon epaileak abiatutako prozesu hark. Beste hainbat unetan bezala, euskal jendarteak bere alderik onena ere erakutsi zuen elkartasun eta konpromiso olatu batean.

«DENA ETA DA»

Baltasar Garzonek irekitako diligentzia batzuek abiatu zuten sumarioa, eta 1998an gertatu ziren lehenengo atxiloketak. Delituak, Xaki, Ekin edo Joxemi Zumalabe Fundazioarekin lotura izatea edo “Egin” egunkarian eta hari lotutako enpresetan lan egin izana. 2005ean hasi zen hamasei hilabete luze iraun zituen epaiketa. 478 egun Madrilgo Casa del Campon. Milaka kilometro bidaietan, galera ekonomiko izugarria eta osasun arazoak. Prozesua bera zigor bilakatu zen 50 auzipetu baino gehiagorentzat. Bizia galdu zuenik ere izan zen. Jokin Gorostidi eta Ramon Aranguren prozesuan zehar hil ziren.

«Astero ostera hastera», kantatuko zuen Zea Mays taldeak auzipetuei elkartasuna adierazteko hainbat artistak elkarlanean argitaratutako “18/98 auzolanean” diskoan. Bilboko kaleak ere leporaino bete ziren «Eskubide zibil eta politikoen alde» lemapean egindako manifestazio nazionalean. Ezberdinen arteko batura ekarri zuen bidegabekeria haren aurkako erantzunak. Gerora ikusiko genuen fruitu berriak emango zituela konponbide demokratiko baten aldeko lehen ale honek.

Alez ale eta fruituak aldiro jasoz egindako bidea izan da. Sasi eta langa artean egin behar izan dena. Ezker independentistaren kontrako gurutzada horretan, justiziaren erabilera ankerra ohikoa izan du Madrilek. Auzitegietan eta kalabozo ilunetan ere gertatu zen hura dena. Inkomunikazioa. Tortura. «Lauren artean biluztu eta bortxatu egin ninduten». Itzaliko ez den oihartzuna eta desagertu ezin den ikara utzi dute Nekane Txapartegiren hitzok. Epaiketan entzundako testigantza da, entzungor ziharduten epaile batzuen aurrean. Atzealdean, bihotza uzkurturik berotasuna eman zioten kideak. Eta herri bat. Isiltasunak hartu zuen epai gela. «Silencio en la sala». Ez epaile hotz eta ziniko batek agindutakoa, entzundako testigantzak eragindako inpotentziak sortua baizik.

«Ez daukat arantzarik leundu zait azala

zure hatz-mami baten azpian natzala...

Ahots arrotz batek hots: Silencio en la sala!

Orduantxe jaso dut ezker betazala.

Herraz so egin diot: Suak har dezala!

Sei hilabeteotan goizero»

Doctor Deseok disko berean abestutako hitzok ezin hobeto deskribatzen dute auziaren gogortasuna. Angela Murillo epaimahaiko presidenteak zerikusi handia izan zuen horretan. Gezurraren gainean, akusatuen defentsak erakutsitako irmotasun eta zorroztasunak, kazetaritza konprometituak eta gizarte zibilaren lan eskergak jarri zioten honi kontrapuntua. Minari aurpegia, gezurrari egia.

Prentsa eta adierazpen askatasunaren kontrako kolpe gogorra ere izan zen, eta halaxe gogoratzen du oraindik ere herri honek. Ez zen azkenekoa izango. Garzonek berak agindu zuen “Egin” egunkariaren itxiera, 1998an, eta buruan iltzatuta gelditu ziren hitzak utzi zituen Jose Maria Aznar orduko presidenteak: «Uste zuten ez ginela ausartuko». Itxi zuten, bai, baita orduan egunkariaren zuzendaria zen Jabier Salutregi -in memoriam- eta beste kazetari eta langile batzuk atxilotu eta baita auzipetu ere. «Egingo dugu», huraxe izan zen herriaren erantzuna, eta injustizia haren errautsetatik sortu zen GARA, egunero prentsa independente eta irizpidedun bat egitearen konpromisoari eusten diona.

Euskal Herriaren alde lan egiten zuen oro zigortu nahi zuen 18/98 sumarioak. Zigor gogorrak ezarri zituen epaileak eta sufrimendu izugarria eragin zuen auzipetuengan, euren inguruarengan eta herri honengan. “Berriz min hau” kantua entzutean atzera bidaia hori egiten du batek aise.

Zaurietatik azalberritzen ikasi dugu, eta hori da besterentzat kondenarik handiena.



[1998] Teresa Toda relata las vivencias de aquel atropello judicial

Teresa Toda, subdirectora de “Egin”, procesada en el macrojuicio 18/98 y portavoz de los encausados durante aquel largo y tortuoso proceso, escribe para GARA y NAIZ sobre lo que supuso aquella experiencia. En un texto acompañado por una galería de fotos sacadas por ella misma durante los meses de viajes y sesiones judiciales en Madrid, Toda relata sus vivencias en lo que se consideró el inicio de la ofensiva judicial contra la izquierda abertzale en su conjunto.

Un proceso iniciado por el juez de la Audiencia Nacional Baltasar Garzón que atrapó a 47 ciudadanas y ciudadanos vascos. El juicio concluyó con cientos de años de prisión que los encausados fueron cumpliendo hasta el último día de cada condena. Largos viajes durante el periplo judicial a Madrid, una sangría económica y que también provocó daños en la salud de los procesados que cumplieron condena bajo la política de dispersión.

Quien fuera subdirectora de “Egin”, diario clausurado por Garzón, recuerda a los compañeros fallecidos y los lazos de unión entre quienes sufrieron aquel atropello judicial.