GARA
BILBO

Arina, usaintsua eta bizia... Bizkaiko sagardo denboraldi berria Itziar Lazkano aktorearen eskutik hasi da

Atzoko ekitaldiko argazkia.
Atzoko ekitaldiko argazkia. (BIZKAIKO SAGARDOGILEAK)

Bizkaiko sagardo denboraldiari hasiera emateko ekitaldia egin zuten atzo Amorebieta-Etxanoko Uxarte sagardotegian. Itziar Lazkano aktore eta antzerki zuzendariak izan zuen aurreneko tragoa hartzeko ohorea.

Amorebieta-Etxanoko Montorra auzunean, 400 urte baino gehiago dituen baserrian, eman zitzaion hasiera Bizkaiko sagardo denboraldi berriari. Bizkaiko Sagardogileen Elkarteak zehaztu zuenez, «2023ko uzta berezia» izan da, urriko tenperatura epelek aurreikusten zena baino sagar gutxiago biltzea eragin zuelako. Fruitua ohi baino lehenago heldu bazen ere, beranduago biltzea erabaki zuten sagardogileek, hasierako aleek nahi baino azukre gutxiago zutelako. Hala eta guztiz, 100.000 litro sagardo natural ekoitzi dituzte lurraldean, espero baino gehiago.

«Upelak gure sagardoarekin beteta daude, eta honen ezaugarriak oso markatuak eta biziak dira», nabarmendu zuen Jose Antonio Zamalloa Bizkaiko sagardogileen presidenteak. Azaldu zuen bi urte atzera ekoitzi zen sagardoaren antza duela aurtengoak. Iazkoa baino arinagoa da, usaintsua da, eta alkohol graduazio baxuagoa du (%6koa).

Aurtengo sagardo denboraldiko enbaxadorea Itziar Lazkano aktore eta antzerki zuzendaria izango da; berak jaso zuen Sagardoa Laguna izendapena.

«Niretzat ohorea da, eta nahiz eta denbora asko kentzen didaten proiektuetan sartuta nagoen, ezin nion ezetzik esan Bizkaiko sagardogileen proposamenari», esan zuen ekitaldian. Besteak beste, Estibaliz Urresolaren “20.000 especies de abejas” pelikulan lan egin du Lazkanok, eta “Egun zoragarriak” antzezlana estreinatu berri du.