Garazi CASTAÑO
AMURRIO
Elkarrizketa
Iñaki Ibarluzea
Amurrioko AEK-ko kidea

«Bihotzean iltzatua dut 22. Korrikan lehen kilometroko lekukoa eramateko unea»

Lekukoa eramaten edo eskualdeko autoa gidatzen. Edozein lanetan aritzeko prest dago Iñaki Ibarluzea amurrioarra. Pozik eta harro dago, ez soilik Korrika bere eskualdetik igaro zelako atzo. Aiaraldeko euskalgintza, proiektu garrantzitsuak esku artean, urteetako lanaren uzta jasotzen ari dela azaldu zuen atzo, lasterketak Urduña igarota, autoa gidatzen ari zen bitartean GARAri eskainitako elkarrizketa honetan.

(GARA)

 

Iñaki Ibarluzea Amurrioko AEK-ko kidea eta «saltsero bat» da. Hala baieztatu ziguten harekin batera Korrikaren buruan doan furgoneta txikian doazen eskualdeko kideek. Urduña pasatu ostean, lasterketa aurreratu eta Iñakirekin batera egin genuen bidaiaren zatitxo bat.

Zer moduz Aiaraldean bidea zabaltzen?

Oso gustura, hunkituta hainbeste jende ikusita, hainbeste ezagun. Noski, ikusgarria da hainbeste jende ikustea Korrikaren alde eta euskararen alde egiten.

Zein da zuen funtzioa eskualdeko autoan?

Amurriok Artziniega, Aiara, Urduña eta Amurrio arteko ibilbidea antolatzeko ardura dauka. Eta gero Laudiokoei emango diegu lekukoa. Beraz, gure egitekoa ibilbidea markatzea da, Korrikako furgoneta lasai joan eta ibilbidea argi izateko.

Etxeko lanak egin behar izan dituzu edo ondo ezagutzen dituzu hemengo errepideak?

Hainbestetan pasa denez eta hurbileko lekuak direnez, aparteko lanik ez dago. 23. Korrika da eta guztietan aritu gara langintza berean. Hala ere, beti ibili behar gara erne despisteren bat egon daitekeelako edo leku arriskutsuren bat. Artziniega inguruan, esaterako, kaleetan barna ibiltzeak badu berea; baina tira, dena kontrolpean dago.

Hogeita hiru direla esan duzu, baina zuk 22.ean ez zenuen autoa hartu, lekukoa baizik.

Bai, hala da. Izugarria izan zen. Ez dago hitzik nik eta nire lankideek sentitu genuena adierazteko. Zaila da topatzea benetan hainbeste jende inguruan biltzen duen Korrika bezalako kontu erraldoirik. Eta guk ohore hori izan genuen: lehen kilometroan lekukoa eramatea. Betiko iltzatuta, bihotzean grabatuta geldituko den zerbait izan zen. Zoragarria, izugarria, eta nahi dituzun “garri” guztiak jar ditzakezu testuan.

Aiaraldeko eta Amurrioko euskalgintzari egindako aitortza horrekin zer sentitzen duzu zuk, hainbeste urtetan zehar eskualdean euskaraz bizitzeko lanean ibili ostean?

Beste bat gehiago naizela. Jende asko aritu da nirekin batera, nik bezainbeste edo gehiago egiten. Talde erraldoi horren parte sentitzen naiz. Ni ez naiz beste inor baino ez gehiago, ez gutxiago. Baina ezin ahaztu sentsazio hori: ni gainditzen nauen beste “mobida” erraldoi horren parte izatea zoragarria da. Azken batean, nire ekarpena egin dut ahal izan dudan moduan eta nik bezala beste askok eta askok gauza bera egin dute.

Eta zein egoeratan dago une honetan euskalgintza Aiaraldean?

Egia esateko, proiektu garrantzitsuak abiatu ditugu eskualdean: Aiaraldeko Euskalgintza Kontseilua, Ekintzen Faktoria Laudion... Motore izan dira eta nabaritu da eragina. Proiektuak martxan jarri direnetik beste egoera batean kokatu gara eta, egia esan, aurrerapauso izugarriak izan dira.

Aspalditik dator ahalegin hori, milaka pertsonak egindako ahalegina da, euskaltegietatik eta baita AEK-tik ere. Edota eskola eta ikastolek... denek egin dute euren ekarpena. Baina, egia esan, une politean gaudela esango nuke, hain justu, aipatu ditudan egitasmo horiek martxan jarri izanagatik.