GARA
DONOSTIA

Aldarrikapenak hauteskundeen agendan jarriko dituzte pentsiodunek

Gasteizko Legebiltzarrerako hauteskundeen aurretik, pentsiodunek beraien aldarrikapenak Gasteizera eramango dituzte datorren astean, zenbait mobilizaziorekin. Ekimen nagusia ostegun goizean izango da, 11.00etan, Bilbo plazatik abiatu eta Katedral berriraino, eta asteazkenerako «deriba» feminista antolatu dute.

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak mobilizazioen berri emateko egindako prentsaurrekoa.
Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak mobilizazioen berri emateko egindako prentsaurrekoa. (Jon URBE | FOKU)

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak «mobilizazio garrantzitsua» egingo du datorren ostegunean Gasteizen, gutxieneko pentsioen osagarria 1.080 euroraino eta 14 ordainsaritan defendatzeko beharra datorren apirilaren 21eko hauteskundeetan parte hartzen duten alderdien agendan jartzeko.

Atzo Donostian eskainitako prentsaurreko batean ekimen hauen berri eman zuten. Bertan azaldutakoaren arabera, Gasteizko Legebiltzarrerako hauteskundeetatik ateratzen den gehiengo parlamentarioak konpromiso hori bere egitea da xedea, ahalik lasterren aplika dadin, 2023ko urtarrilera arteko atzeraeraginarekin.

Hauteskunde kanpainaren azken astean pentsiodunek bi mobilizazio egingo dituzte Gasteizen; izan ere, asteazkenean “deriba” feminista bat izango da, kolektiboko emakumeek antolatuta, eta hainbat tokitan ibiliko da «pentsio duin eta zaintza sistema unibertsal, duin eta publiko baten aldeko konpromisorik eza salatzeko».

Mobilizazio nagusia, manifestazio bat, egun bat geroago izango da, ostegunean, 11.00etan, Bilbo Plazatik abiatu eta Katedral berriraino, Arabako hiriburuko erdialdeko kale nagusiak zeharkatuz eta Gasteizko Legebiltzarraren aurretik igaroz.

149 MOZIO ONARTUTA

Gainera, mugimenduak hainbat erakundetan erregistratu dituen mozioen balantzea ere aurkeztu zuten atzoko agerraldian.

Udalerriei dagokienez, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 149 udalek onartu dute mozioa -70ek Gipuzkoan, 59k Bizkaian eta 20k Araban-, eta 33k baztertu dute -14k Gipuzkoan, 15ek Bizkaian eta 4k Araban-. Iturri berak ziurtatu zuenez, EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek babestu dute aukera hori ordezkaritza duten udalerri guztietan, «udal talde independente askok» egin duten bezala.

Zehaztu zuenez, hiriburuetan eta herri garrantzitsuen kasuan, «salbuespen batzuk kenduta», EAJk, PSEk eta PPk, «mozio horien aurka bozkatu dute, haien «gaitzespen politikoa» adierazi dutelako.

«Udalerri ertain eta txikietan jarrera askotarikoa izan da, kasu batzuetan aldeko botoa emanez, beste batzuetan kontrakoa, edo abstenituz», azaldu zuten pentsiodunek.

Nafarroan, EH Bilduk aldeko botoa eman du ordezkaritza duen herri guztietan. Horietako askotan Geroa Baik ere hala egin du. Contigo Zurekinek alde azaldu da presentzia duen orotan, baita independente batzuek ere, eta askotan alde bozkatu du UPNk.