Estibalitz EZKERRA
Literatura kritikaria

Dekolonizazioa

Dekolonizazioaren artea da Nicholas Galaninek praktikatzen duena. Sydneyko biurtekorako James Cook sinbolikoki eta materialki hilobiratu zuen, kolonizatzaile zitalari eskainitako monumentu ezagunaren itzala lurrean zulatuta. New Yorkeko Brooklyn zubiaren inguruan ikusgai egon den “In Every Language There Is Land / Hizkuntza guztietan Lurralde bat dago”, berriz, kolonialismo egoiliarrak lurrari egindako indarkeriaren gainean gogoeta egiten du. Ameriketako Estatu Batuak eta Mexiko bezala ezagutzen diren kolonia egoiliarren arteko mugan eraikitako harresian erabilitako material berberekin eginda dago instalazioa. Robert Indianaren “LOVE” (maitasuna) eskultura ezagunari keinu eginda, “LAND” (lurra) hitza osatzen du. Keinu egin bai, baina hortxe amaitzen dira Indianaren eta Galaninen arteko lotura.

Estatubatuar ethos-a ospatu beharrean, deseraiki egiten du instalazioak, haren oinarrian dagoena azalarazi eta kontra egiteko. Ikuslearen kokapenaren arabera, instalazioak presondegi baten edo pasabide baten traza hartzen du.

Tlingit eta Unangax komunitate indigenetako kide da Galanin, Alaska izenez ezagutzen den lurraldekoa. Merritt Johnsonekin batera grabatu serie bat sortu berri du, dirulaguntza biltzearren Gazako palestinarrentzat. Grabatuek Palestinaren mapa azaltzen dute, loretan. Dekolonizazioa proiektu globala da.