IRAITZ MATEO
DONOSTIA

San Temo Museoak euskal artearen areto berria aurkeztu du

"100 urte. Modernoa edo/eta garaikidea" erakusketarekin San Telmo Museoak euskal arteari buruzko areto berria aurkeztu zuen atzo. Peio Aguirreren komisariotzapean dagoen erakusketa iraunkorra izango da, baina bi urtetik behin aldatuko da, euskal artearen ikuspegi garaikidea ez galtzeko eta egungo artisten obrek lekua izateko. Azken irekiera honekin museoko aretoen berrikuntza amaitutzat eman du San Telmok.

Euskal artearen aretoa berriturik aurkeztu zuen atzo San Telmo Museoak, Peio Aguirrek apailaturik.
Euskal artearen aretoa berriturik aurkeztu zuen atzo San Telmo Museoak, Peio Aguirrek apailaturik. (Jon URBE | FOKU)

San Telmo Museoak euskal arteari buruzko areto berria aurkeztu zuen atzo. Izenburutzat “100 urte. Modernoa eta/edo garaikidea” duen erakusketarekin ireki ditu ateak, Peio Aguirre komisario duela. Horrekin museoko arte aretoen berrikuntza amaitu eta planteamendu berri bati ekin dio museoak.

Peio Aguirre komisarioarekin batera, Susana Soto San Telmoko zuzendaria eta Jon Insausti Donostiako Kultura eta Hizkuntza zinegotzia ere atzoko aurkezpenean izan ziren. Insaustik San Telmoren eta bereziki euskal artearen aretoaren helburua gogoratu zuen: «Ondarea jaso eta gizartean zabaltzea. Gizarte bezala bizi izan dugunaren isla izan nahi du».

«Planteamendu berri» baten hasiera markatu dela adierazi zuten, izan ere, erakusketa honekin museoak bere erakusketa iraunkorraren amaiera markatzen zuen 80ko hamarkadako muga gainditu du, «sorkuntza garaikideari lekua egiteko eta egungo artisten lanak ere sartzeko». Sotok azaldu zuenez, «iraupen luzea du Aguirreren erakusketak». Hartara, ziurtatu nahi dute museoa begirada eta obra berriekin eguneratuta egongo dela.

OBREN ARTEKO ELKARRIZKETAK

Helbururua 1920tik abiatu eta gaur egunera arteko euskal artearen obrak barnebiltzea da, «bisitariari euskal artearen azken ehun urteko sintesi bat eskainiz». Museoko zuzendariak erronka gisa proposatu zion erakusketaren komisariotza Aguirreri: areto txiki batean ehun urteko hautaketa egitea. Emaitzarekin oso pozik agertu zen zuzendaria, eta artista emakumeei emandako espazioa nabarmendu zuen. Aguirrek bere komisariotzaren azalpena izenburutik abiatu zuen, “100 urte. Modernoa eta/edo garaikidea”. «Bi terminoekin indartu nahi nuen ehun urteko bidaia hau, eta izenburuak deskripzio bezala balio zidan, 1920ko hamarkadatik hasi eta orain artekoetaraino».

Sotok esan bezala, espazioa izan da erronka handietako bat, artearen historia modu kronologikoan kontatzearen logika aldatu nahi izan baitu Aguirrek: «Obren arteko elkarrizketa bultzatu nahi nuen eta, horretarako, arkitekturarekin jolastu dut». Aretoa irekia da, eta ikusleak erabaki dezake nondik hasi. Esleitutako aretoaz gain, museoko beste esparru batzuetara ere zabaldu du erakusketa. Sarrerako hallean, dorrean, industrializazioaren aretoan eta koroan ere obrak badira. «Obra asko dago. Zaila izan da espazio mugatu batera eramatea, horregatik zabaldu ditut batzuk museoan barrena».

100 URTEKO IBILBIDEA

1924an hasi ziren «euskal artea» definitzeko oinarriak jartzen, eta horien zenbait obra jaso ditu Aguirrek.

XX. mendeko mugimendu berriei heldu zieten artistek hasiera ematen diote erakusketari. Oteiza, Lekuona, Zelaia edo Balenciagaren obrak daude, adibidez. Gaur Taldearen eta «euskal kulturaren pizkundea» bultzatu zutenen lanek eta 70eko hamarkadakoek segida ematen diote erakusketari: «Kutsu onirikoko figurazio berriaren eta espresionismoaren ordezkariekin, baita Cardenas eta Valverde bezalako artistekin ere».

Euskal Eskultura Berriko Elena Mendizabal edota Miren Arenaza bezalako artistek ere badute lekua, XX. mendearen amaierako eskulturarekin.

Erakusketaren berrikuntzetako bat San Telmo Museoak erositako euskal arte berriena ikusgai jartzea izan da: «Erakusketa honek berretsi egiten du museoak iraganaren memoriarekin eta orainarekin duen konpromisoa».