XOLE ARAMENDI
DONOSTIA

«60ko hamarkadatik eredua da Sistiaga, Pollock edo Soulages bezala»

Ziburun elkar ezagutu zuten Pierre Bidegainek eta Jose Antonio Sistiagak. Arteak batu zituen. Galerista bata, artista bestea. Adiskidetasunak ez zuen luze iraun, margolariaren heriotzak amaiera ekarri baitzuen. Elkarri erakutsi zioten begirunearen eta konplizitatearen isla da Arte Bideak galerian maiatzaren 26ra arte ateak ireki dituen erakusketa. Bertan 25 lan aurkituko ditu bisitariak, egindako bide osoaren lagina.

Pierre Bidegain, Ziburun duen Arte Bideak galeriaren kanpoaldean.
Pierre Bidegain, Ziburun duen Arte Bideak galeriaren kanpoaldean. (Patxi BELTZAIZ)

Ez zuen luzaro ezagutu, baina lagunak izan ziren Jose Antonio Sistiagaren (1932-2023) azken urteetan. Pierre Bidegainek berea bezalako galeria txiki bati erakutsitako konfiantza eskertu nahi dio artista donostiarrari, honen ibilbidearen isla diren 25 obra galeriako hormetan eskegiz.

Sistiaga ez dute ahazteko Ziburun. Herri hau bizileku izan zuen lau hamarkada luzez. Iazko ekainanaren 25ean eman zuen azken hatsa Donibane Lohizunen, laster izango da urtebete. Arte Bideak galeriak omenaldia eskaini nahi dio maiatzaren 26ra arte ateak zabalik izango dituen erakusketaren bidez. Kronologikoki aurkeztuta, bost hamarkadatan landutako margogintzaren lagina ikus dezake bisitariak, XX. mendearen erditik hasi eta 2015. urtera arte egindako bidea.

«Gorkak, Sistiagaren semeak, artelan guztien inbentarioa egin du. Obra asko dago eta lan handia egin du. Horrela errazagoa izan da 50 urtetako garapena islatu nahi duten lanak aukeratzea», kontatu du Bidegainek, galeriaren jabeak.

BEREZKO KEINUA

Haren margogintzaren aldi guztiak ikusteko, 1959ko tindu batekin hasi dute erakusketa. «Ondoan mihise gaineko olioa jarri dugu, 2009koa. 50 urteko aldea dute biek, baina nabaria da beti keinu bera margotzerakoan. Oso bizkor margotzen zuen, energia handiz. Berak gustukoa zuen hitz hau, ‘keinua’», azaldu du.

Sortzaileak Parisen egin zuen egonaldiko lanekin abiatzen da erakusketa. Sistiaga 1959tik 1961era egon zen Frantziako hiriburuan.

Gorka semea lagun bizi izan zuen itsas abenturaren lekukoak diren obrak datoz segidan. «1973. urtea zen. ‘Bordatxoa’ kargaontzian egin zuen bidaiako obra magistral bat ikus daiteke. Zazpi hilabete pasatu zituen itsasoa margotzen. Gorkak 14 urte zituen bidaia hartan», gogoratu du. 90eko hamarkadako pastel eta argizariek ere badute lekua. “Reflexiones en mi jardín”, “En la noche”, “En el espacio” eta “Brumas” bezalako lanen aurrekariak. 2009. urtetik 2015. urtera doazen margoak ere hautatu dituzte. Itsas azpian sartzera gonbidatzen dute bisitaria, “Velocidad, luz color” seriearen aurrekari gisa.

Ziburuko herritarrek gogoan dute Sistiaga. Baita Bidegainek ere. Sistiagaz duen oroitzapenaz galdetu diogu. «Ziburun bizi izan zen Sistiaga 1981etik, etxe berean; erdigunean dago. Galeria ireki genuela ikustean, gure espazio txiki honetan zer gertatzen zen ikustera etortzen zen. Egun batean bere lanekin erakusketa egitea proposatu zigun. Gu bezalako arte galeria txiki bati konfiantza erakutsi zion. Zoragarria izan zen guretzat. Horrek ezagun egin gintuen beste hainbat artistaren artean, Iparraldean zein Hegoaldean», adierazi du.

«ADEITSUA ETA APALA»

Gertuko tratuan nolakoa zen Sistiaga? «Adeitsua eta apala zen. Konfiantza ematen zizunean, lagun bezala hartzen zintuen; Sistiaga laguna izan zen guretzat lau urtez», kontatu du Bidegainek.

Etxealdiaren ondoren eskaini zioten lehen erakusketa Sistiagari. Zumetaren lanak erakutsi zituzten lehentxeago. «Zoritxarrez erakusketa egin baino hiru hilabete lehenago hil zen», zehaztu du. «Usoa Zumetak esan zigun aitaren azken erabakia izan zela erakusketa egitea, eta aurrera egin genuen. Modu honetan Gaur mugimendutik bizirik geratzen ziren bi artisten lanak izan genituen gurean», nabarmendu du.

Zazpi urte dira Arte Bideak galeriak ateak ireki zituela. «Gaur egungo euskal arteari eskainitako espazioa da gurea. Iparralde eta Hegoaldearen artean muga dago kultur arloan. Hemengo herritarrek ez dituzte ezagutzen Hegoaldeko artistak, eta alderantziz ere gauza bera gertatzen da, ez dute beste aldean kultur mailan gertatzen denaren berririk. Margolari handi asko dago Hegoaldean. Zubi lana egitea da gure asmoa. Sistiagak egin zuen erakusketa Baionan duela hamar urte, baina geroztik ezer ez», aipatu du Bidegainek.

«IRAULTZA»

Sistiagak itzal luzea utzi du euskal artegintzan. Gure mugetatik kanpo ere ezaguna da margoa eta zinemagintza uztartuz egin zuen esperimentazio lanarengatik: «Hura izan zen Euskal Herriko arte adierazpenaren berritzearen aitzindaria. Teorikoa eta artista konprometitua, ideologoa eta Gaur taldearen bultzatzailea. 60ko hamarkadatik eredua da, jarraitu beharreko adibidea, Pollock New Yorken edo Soulages Parisen bezala».

«Oteiza eta Sistiagaren artean pentsatu zituzten Gaur taldera gehituko ziren artisten izenak. Chillida, Basterretxea, Mendiburu, Zumeta.... Benetako iraultza izan zen. 60ko hamarkadan abangoardiarik egon bazen Euskal Herrian, ez zen frankistek gustukoa zuten arte tradizionala bakarrik. Eta Pollockek ere bai, espresionismo abstraktuaren alorrean Ameriketan», esan du Bidegainek.

“Ere Erera Baleibu Izik Subura Aruaren” filma esperimentala nabarmendu du. «105.000 margo egin zituen piktogramen gainean. Ez sinestekoa da! Pompidou Zentroak badu Sistiagaren originala, Frantziako Zinematekak, eta MOMAn, New Yorken, ere filma erosi dute. Sistiaga oso ezaguna egin du filmak».

Bidegainek ez du zalantzarik: «Euskal artista handienetarikoa da Sistiaga, erreferentzia bat hurrengo belaunaldientzat ». Gazteek ezagutzen dutelakoan dagoen galdetuta, ohar egin du: «Ez dakit gazteak museoetara joaten ote diren. Kursaaleko Kubo Kutxa aretoak 2022. urtearen hasieran eskaini zion atzera begirako handia. ‘Ondo dago, baina beranduegi da’, esan zuen Sistiaga berak», adierazi du amaieran.