GARA
DONOSTIA

Ibaiak eta EPEk beren fusioa onartu dute

Ibaia ekoizle burujabeen elkartea eta Euskal Produktoreen Elkartea (EPE) batu egin dira. Epe-Ibaia izenpean jardungo dute eta Marian Fernandez arituko da behin-behineko presidente lanetan.

Epe-Ibaiako kideak, ostiraleko biltzarrean.
Epe-Ibaiako kideak, ostiraleko biltzarrean. (EPE-IBAIA)

Ibaia Ikus-entzunezkoen Euskal Ekoizle Burujabeen Elkarteak eta Euskal Produktoreen Elkarteak (EPE) iragan den ostiralean egin zuten Ezohiko Batzar Orokorrean erabaki zuten bi zuzendaritza organoek aurkeztutako fusio-proiektua onartzea. Beraz, hemendik aurrera Epe-Ibaia izenpean ariko dira lanean. Orotara, sektoreko 65 enpresa bateratuko ditu elkarteak.

Prentsa ohar bidez azaldu zutenez, «bizi dugun une honetan modu aktiboan lankidetzan aritzea eta ahots bakarra izatea garrantzitsutzat» jotzen dute, «betiere gure enpresek eta gure sektoreak aurre egin beharreko erronkak gainditzeko helburuarekin».

Behin-behineko zuzendaritza batzordea Marian Fernandez (Txintxua Films; presidente lanetan), Carlos Juarez (Basque Films; presidenteordea), Iker Ganuza (Lamia Producciones), Koldo Zuazua (Kowalski Films), Ricardo Ramon (Dibulitoon Studio), Miren Berasategui (Lotura Films), Eduardo Carneros (Euskadi Movie AIE), Francisco Ruiz (Sonora Estudios), Xabier Berzosa (Irusoin) eta Idurre Cajaravillek (Baleuko) osatuko dute. Bi hilabeteko epean hurrengo urteetarako gobernu organo berri bat aukeratuko dute.

EUSKAL EKOIZPENEN ORDEZKARI

Epe-Ibaiak adierazi zuen azken bi urteotan ekoitzi diren 60 film baino gehiago (besteak beste ‘‘20.000 erle espezie’’, ‘‘Cinco Lobitos’’, ‘‘Unicorn Wars’’ eta ‘‘Irati’’) elkarteko kideen eskutik sortu direla, baita ‘‘Karpeta Urdinak’’, ‘‘Maldita’’ eta ‘‘A Love Song to Sarajevo’’ dokumentalak ere.

Telebistarako, ‘‘Balenciaga’’, ‘‘Itxaso’’ eta ‘‘Goazen’’ gisako telesailak ekoitzi dituzte elkarteko ordezkariek, eta baita telebista saioak ere, EITBrako (‘‘Herri txiki, infernu handi’’, ‘‘Piztu Telebista’’) eta Estatu espainoleko telebista kateetarako (‘‘Karlos Arguiñano’’, ‘‘Cifras y Letras’’).

Horrekin, elkarte berrian diren enpresek «Euskadiko ikus-entzunezkoen produkzio ia osoa» ordezkatzen dutela ziurtatu dute. «Integrazio honen bidez lider rola bere gain hartuko du Epe-Ibaiak euskal ikus-entzunezkoen sektoreak erakundeekin eta sektoreko agenteekin izan beharreko elkarrizketan, lankidetza publiko-pribatuari bultzada bat eman nahian, gure sektorea garatzeko une giltzarri honetan», adierazi zuen Epe-Ibaia elkarteak.