EDITORIALA

Doinu berriak, euskararen aldeko jarrerak hauspotzeko

Iragan den astean, Athleticek irabazitako Koparen ospakizunetan, Asier Villalibreren hitzek euskaldunen kontzientziak piztu zituzten. Hizkuntzak duen garrantzia gogoratu zuen “Bufaluk”, eta euskaraz hitz egitea, ikastea eta irakastea eskertu zuen. Euskal Herri osoko hamaika herritarrek irudi horiek ikusi eta partekatu zituzten, athletizaleak izan ala izan gabe. Testuinguruarengatik eta kontrastearen eraginez, jokalariak euskaraz aritzea nabarmendu zen, azpimarragarria izan zelako. Gernikarraren mezuari, ordea, ez zitzaion behar beste arreta jarri. Izan ere, bere diskurtsoa bereziki positiboa, zaindua eta enpatikoa izan zen. Horregatik izan zen hain hunkigarria, ziur asko. Ez da erraza asmatzea, are gutxiago hain egoera berezian, eta Villalibrek lortu zuen.

Euskarak asmatzea behar du. Norabide horretan, Euskaltzaleen Topaguneak Nafarroako jendartearen gehiengoa euskararen alde jartzeko estrategia berritua aurkeztu zuen atzo Iruñean. Hainbat ikerketa kontuan hartuta, eta Erriberako, Iruñerriko eta herrialdearen iparraldeko partaideak izan dituen ikerketa batean oinarrituta, Topagunearen proposamenak euskararen aldeko diskurtso eta aliantza berriak sortu nahi ditu. Horretarako, garrantzitsua da herri eta eskualdeetako errealitatea kontuan hartzea, gai gatazkatsuak lantzean tentuz aritzea, euskal komunitatearen beharrak ondo azaltzea, enpatiaz jokatzea, lehentasunak ezartzea, baita aliatuak bilatzea eta zaintzea ere. Euskararen aldeko mugimendua pluraltasunaren eta berdintasunaren defentsan aitzindaria izango da, eta, aldi berean, Nafarroako nortasunaren irudi modernoa, inklusiboa eta konplexua eman behar du, hizkuntza alderdien arteko lehiatik kanpo kokatzen ahaleginduz.

Ekologiarekin partekatutako balioekin eta elkarbizitzari ekarpena egiteko gogoz, euskararen defentsarako eta garapenerako estrategia eraginkor baten oinarriak aurkeztu zituzten. Zenbait eskema eta diskurtso aldatu beharko dira, eta gatazka berriak kudeatu beharko dira. Jakina, asmatu beharko da. Proposamenaren muinean diagnosi zorrotz bat eta errealismo anbiziotsua dago, eta ez da gutxi. Aditu behar den soinu bat dago hor, Villalibrerekin gertatzen den bezala, indartzen joaten den tronpeta baten soinuaren antzeko zerbait.