GARA
GASTEIZ

Enpresak bertan errotzeko funts publiko bat sortu nahi du EH Bilduk

Oskar Matute EH Bilduren Bizkaiko hautagaia Euskaltelen egoitzaren atarian izan zen, eta bertatik nabarmendu zuen multinazionalen esku geratu den enpresa hori Urkulluren gobernuen «politika industrialik ezaren eta ikuspegi estrategikorik ezaren» adibidea dela. Halakoak ekiditeko, enpresa estrategikoetan inbertituko duen funts publiko bat sortzea proposatu zuen.

Ima Garrastatxu, Pello Otxandiano eta Arnaldo Otegi, Santurtziko arratsaldeko ekitaldian.
Ima Garrastatxu, Pello Otxandiano eta Arnaldo Otegi, Santurtziko arratsaldeko ekitaldian. (M. RAMIREZ | FOKU)

EAJren eta PSEren gobernuen politikek Euskaltel, Gamesa edo Ibermatika bezalako konpainien deslokalizazioa eragin dutela iritzita, EH Bilduk «industria politika aktibo» baten alde egin zuen atzo, ekonomiarentzat estrategikoak diren enpresak bertan errotuta manten daitezen. Horretarako modurik eraginkorrena inbertsio funts publiko bat sortzea dela deritzo, enpresetan «inbertsio eta partaidetza publikoa» sustatuko duena.

Koalizioak Zamudioko Parke Teknologikora eraman zuen goizean hauteskunde kanpaina, Euskaltelen egoitzaren aurrera, iritzi diotelako enpresa hau «politika industrialik ezaren, ikuspegi estrategikorik ezaren eta lidergo ekonomikorik ezaren ondorio eta adibide paradigmatikoa» dela, Oskar Matute diputatu eta Bizkaiko hautagaiak nabarmendu zuenez.

Matutek gogora ekarri zuen Euskaltel 1990eko hamarkadan sortu zela diru publikoaren bultzadarekin. Alabaina, gaitzetsi zuen denbora luzez Lakuako Gobernuak enpresa honen «erabateko pribatizazioa eta irabazi partikularrak bilatu» dituela eta, horren ondorioz, sektoreko erraldoi baten esku geratu dela.

«Gaur Euskaltel ez da existitzen enpresa independente gisa, marka komertzial bat baino ez da», ohartarazi zuen Matutek.

Atzerrira begiratu zuen hautagai abertzaleak, baieztatzeko antzeko kasuetan badaudela egiteko beste modu batzuk. «Gobernuen erantzuna bestelakoa izan da: aktibatu dira, halako operazioak eragotzi dituzte edo enpresen kapitalean sartu dira haien gaineko kontrola galtzea saihesteko eta errotzea bermatzeko. Hemen, aldiz, gure herriarentzat hain garrantzitsua eta hain sinbolikoa zen enpresa hori galtzea ekarri duen prozesuaren konplize izan da Jaurlaritza», adierazi zuen.

Euskaltelek soilik ez, beste konpainia estrategiko batzuek ere «deslokalizatu dituzte haien erabakiguneak edo produkzioa, Gamesa eta Ibermatica kasu», oroitu zuen Matutek.

EAJ eta PSEren gobernuen politika ekonomiko eta industriala gainditu behar dela uste du EH Bilduk, eta Matutek alternatibak jarri zituen mahai gainean. «Industria politika aktibo» baterantz egiteko premia azaldu zuen, funtsean, «enpresa estrategikoetan inbertsioa eta partaidetza publikoa edo erdi-publikoa ahalbidetzeko» finantza tresnak izango dituena. Horretarako, EH Bilduko diputatuak «finantza gaitasuna eta giharra izango duen inbertsio funts publiko bat» sortzea proposatu zuen. «Inbertsio egokiak egiteko ikuspegi eta planifikazio estrategikoa izango duena, horixe baita 2012tik eskatzen ari garena», gaineratu zuen.

Horren harira, gogorarazi zuen Lakuak Finkatuz funtsa duela lan hori egiteko, baina, koalizioaren ustez, «errealitateak erakutsi du» ez dela eraginkorra: «Finantza zuzkidura eskasa du, sortu zenetik bere baliabide ekonomikoen heren bat baino ez duelako aktibatu hiru operazio bakarrik egiteko, eta horietako bik, Kaikuren eta CAFen kasuek, ez zuten xedetzat arriskuan zeuden enpresak errotuta mantentzea, baizik eta Kutxabank-en desinbertsio prozesuek utzitako hutsunea betetzea».

KUTXABANK

Matutek «Finantzen Euskal Institutua banku publiko bihurtzea» planteatu zuen, «enpresei zein instituzioei finantza gaitasun handiagoa emateko». Eta iragarri zuen EH Bilduren asmoa dela «Kutxabanki buruzko debatea berriro abiatzea, euskal ekonomiari eta industriari egiten dion ekarpenaz, gure herrian daukan inbertsio ahalmenaz eta haren kontrol publikoaz eztabaidatzeko».