Ane URKIRI ANSOLA
1998

Espioitza kasuak: «Hoditeria berriak, baina betiko estoldak»

Sortu, Ernai eta LABen agerraldia, 2013an, polizia espioitza salatzeko.
Sortu, Ernai eta LABen agerraldia, 2013an, polizia espioitza salatzeko. (Juan Carlos RUIZ | FOKU)

Hogeitalau urteko diferentziarekin, “Egin”-ek eta GARAk espioitza kasu bana ekarri zuten azalera, 1998ko eta 2022ko apirilaren 19an, hurrenez hurren: «Espioia aurkituta» zioen batek, 1998an; «Otegi eta buruzagi katalanak Pegasusekin zelatatuak izan ziren», 2022an, kasu honetan bezperako berria jasoz. Bi albisteetan, agerikoa da protagonista bat: Arnaldo Otegi bera, egun EH Bilduko koordinatzaile nagusia eta, bi kasuetan, espioitzaren biktimetako bat.

«Ni espiatua izan naiz eta ez dut zalantzarik egiten, badakit espiatzen nautela oraindik ere. Hau Euskal Herrian betidanik gertatu da, ondo ezagutzen dugu». 2022ko apirilaren 19ko edizioan, GARAk gogora ekarri zuen hiru urte atzera Arnaldo Otegik EHUn emandako hitzaldi batean egin zuen gogoeta. Pegasusen auziak hitzok berretsi zituen.

Egitate hori beti presente izanagatik ere -ez da gutxiagorako, 1998an Cesidek Herri Batasuna oso gertutik zelatatu baitzuen-, gaurko egunez duela bi urte Pegasus auzia azaleratzeak sekulako burrunba eragin zuen. Alegia, agerian geratu zen Estatu espainolak sistematikoki zelatatzen dituela euskal militanteak eta alderdi politikoak. Hain zuzen ere, GARAren editoriala bide horretatik abiatu zen eta «Hoditeria berriak betiko estoldentzat» titulua jarri zion.

Apirilaren 18an egin zuen eztanda Pegasus auziak. Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusia, Jon Iñarritu Madrilgo Kongresuko koalizioko diputatua eta zenbait buruzagi katalan (zerrendan 60 telefono pasatxo zeuden) zelatatu zituztela egiaztatzen zuen Kanadako Citizen Lab laborategiak. “Spyware” israeldarra erabili zuten espioitza hauek egiteko, eta Kataluniako prozesu independentistan parte hartu zuten auzipetuak zituen jomuga, baita horien abokatuak ere.

1998aren tankeran, Gobernu espainolean «sismoa» eragin zuen. Euskal Herritik, Jon Iñarrituk zehaztu bezala, segituan egin zen lotura Pegasusen eta Espainiako Estatuaren artean, eta Europatik ere Estatu espainola seinalatu zuten. EH Bilduko diputatuak adierazi zuen bere telefonoa 2020tik zegoela kontrolatuta, orduan PSOEk eta Unidas Podemosek gobernatzen zutelarik.

«Ilegalizatu egin gintuzten, torturatu egin gintuzten, hauteskundeetara aurkeztea eragotzi ziguten, gerra zikina praktikatu dute, eta Estatuaren hilketa. Norbait harritzen al da gu zelatatu izanagatik? 78ko erregimena da, bere purutasunean. Zoru-azpi etikoa!», argitaratu zuen Arnaldo Otegik sare sozialetan.

«DENA DA ZILEGI DISIDENTZIAREN AURKA»

Buruzagi katalanek, bitartean, Europako auzitegietara joko zutela adierazi zuten, alderdi politiko ezberdinetako ordezkariek Bruselan eginiko prentsa agerraldian. JxCat, ERC, CUP, ANC eta Omnium Culturalek bat egin zuten. Hauekin batera, Citizen Labeko ikertzaileek ere hartu zuten hitza, Israelgo “spyware” honek, Pegasus izenekoak, nola funtzionatzen duen azaltzeko. Zehaztu zuten Espainiako Gobernuak 2016an kontratatu zuela zerbitzua, orduan agintean Mariano Rajoy (PP) zegoela, eta bere puntu gorena 2017an hartu zuela, Kataluniako “proces”-ean.

Estatu espainolean, hasieratik «legezkoa eta demokratikoa» izan zela nabarmendu nahi izan zuten, baina egunak igaro ahala, argia baino ilun gehiago zituen auziak, eta iluntasunean protagonista, beste behin, ezker abertzalea, legezkoa denaren eta legezkoa ez denaren hari tenkatu batean. «Estatuarentzat, dena da zilegi disidentziaren aurka baldin bada», esan zuen Otegik, Pablo Iglesiasen “La Base” saioan.

«Ez da izan behar Sherlock Holmes, Pegasusen atzean CNI dagoela atzemateko», esan zuen Pere Aragonesek, Kataluniako Generalitateko presidenteak. Europako Parlamentuan aztertu zenean ere, CNI seinalatu zuten.

Lotura bai, bazegoen, baina erantzuleak ziren Felix Sanz Roman -Pegasus “spyware” erosi zenean, espioitzako zuzendari zena- eta Margarita Robles Defentsako ministroa lasai antzean zeuden, jakitun baitziren, ikerketa batzorde bat sortuko balitz ere, CNIren batzorde kontrola Kongresuan blokeatuta zegoenez, auzia ez aurrera ez atzera mantenduko zela.

Paz Estebanek, 2020tik CNIko zuzendari zenak, agintari katalanen gaineko espioitza «berme judizialarekin» egin izana berretsi zuen, eta 29 bat izen azaleratu zituen. Bestalde, Citizen Lab laborategiak aztertutako zerrendan agertzen ziren ezker abertzaleko kide Arnaldo Otegiren eta Jon Iñarrituren gainean «iceberg handi bat ezkutatzen» zela nabarmendu nahi izan zuen NAIZek.

Hauen telefonoetan Pegasusen aztarna egotea «extra-legal, alegal edo ilegala» izan zela zioen, «nahi bezala deitu». Alegia, azaleratzen den icebergaren puntan katalanen izenak agertzen baziren, ur azpian, «ilegalizazioan», auskalo zer egon zitekeen. Moncloatik CNIko zuzendariaren hitzaurrea «gardentasun keinu» bezala agertu nahi bazen ere, modu batean, muturreko eraso politikoaren egiletzaren autoretza ere onartua izan zen: «Are gehiago, buruzagi independentista gehiago zelatatu dituzten edo ez, izan legalki edo ilegalki, zalantza berpiztu zuen».

KRONOLOGIA

«Ilegala, baina errepikatua eta bermatua», zioen Iñaki Iriondoren lerroburuak, Pegasus auzia oinarri hartu eta ezker abertzaleak historian zehar jasan dituen espioitza kasuak zerrendatu asmoz. Aipatu 1998ko kasuarekin abiatzen da, Herri Batasunaren Gasteizko egoitzaren goiko solairuan Cesidek instalatua zuen dispositiboarekin, hain zuzen ere.

“Egin”-ek atera zuen informazioa, martxoan, Herri Batasunak, bere egoitza garbitzen ari zela, zerbait arraroa sumatu baitzuen. Hortik, hariari tiraka, Cesid ezker abertzalea zelatatzen ari zela atera zen argitara, eta egunkariak aurkitu zuen Gasteizko Ramiro Maeztu kaleko solairuan bizi zen pertsona ere.

Orduan ere, ETAren borrokarako «funtsezko» neurria zela esanez -«Cesiden misio zehatza ETAren aurkako borroka da, herrialdearen eta oreka demokratikoaren mehatxu nagusia»-, zilegitzat jo nahi izan zuten espioitza kasu hura, eta Otegik 24 urte beranduago berriro errepikatuko zituen hitzak esan zituen: «Euskal Herriaren aurka dena zilegi dute», esan zuen egungo EH Bilduko koordinatzaile nagusiak, Juan Joxe Petrikorenarekin emandako prentsaurrekoan.

Herri Batasunak «independentziarako beharrizana» nabarmendu zuen orduan, eta Jone Goirizelaia abokatuak ohartarazi zuen espioitza hori Gobernukide ororen «zilegitasunarekin» egin zela; are gehiago, baita gobernukideak ez ziren alderdi batzuen babesarekin ere.