Maider IANTZI GOIENETXE
ELHUYAR FUNDAZIOAREN MAHAI-INGURUA ADIMEN ARTIFIZIALAREN INGURUAN

«Ez dago etika neutrorik, Soluzioa aniztasuna da»

«Teknologia etiko eta sozialki arduratsuak» sortzeko lanean ari da Elhuyar Fundazioa. Informatika eta filosofia uztartuz, adimen artifizialean islatzen diren alborapenen edo gizarte bazterketaren gaiari heldu zioten asteartean adituek solasaldi batean. Denontzako adimen artifiziala (AA) lortzeko bidea aniztasuna dela aldarrikatu dute guztiek.

Ezker-eskuin, Olatz Arbelaitz, Xabier Saralegi, Itziar Irigoien eta Gorka Julio.
Ezker-eskuin, Olatz Arbelaitz, Xabier Saralegi, Itziar Irigoien eta Gorka Julio. (Gorka RUBIO | FOKU)

Gizarte talde baten bazterketari erraten zaio alborapena. Konstante bat izan da gizartearen historian; beraz, ez da adimen artifizialarekin etorri den arazo bat. Arazoa da teknologietan alderdi negatibo horiek ez detektatzea eta, antzematen direnean, garaiz ez heltzea.

Baikorra da Xabier Saralegi Urizar, Orai adimen artifizialeko zentroko ikertzailea, gaiari garrantzia ematen ari zaiola eta alborapenak zuzentzeko ahalegin handia egiten ari dela ikusten duelako. Itziar Irigoien Garbizuk, EHUko Informatika Fakultateko irakasle eta UEUko kideak, kontatu zuen adimen artifizialeko gradua abiatu zutela duela lau urte eta aurten aterako dela lehendabiziko promozioa, 40 ikaslerekin. «Ez dut baikortasuna galdu nahi. Zerbait martxan jartzen denean arreta jarri behar da ea justua den».

Elhuyarrek Donostian, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Etorkizuna Eraikiz espazioan, antolatutako solasaldian informatikariak batu ziren. Hala da Gorka Julio Hurtado ere, baina baita irakaslea, kooperatibista eta gizarte ekintzailea ere. «Botere harremanen ondorio bat da AA bera. Ertzetan dagoen jendeak, subalternoak, egon beharko luke AA egiten, edo behintzat sesgo horiek mugatzen».

Guztiz bat dator Olatz Arbelaitz Gallego, EHUko Informatika Fakultateko irakasle eta ikertzailea eta UEUko kidea. Teknologietan etika eta filosofia txertatzea defendatu zuen. «Beharrezkoa da gizarte talde guztiak egotea galderak egiten sortzen diren sistemen egokitasunari buruz».

Guillermo Roa Zubia Elhuyarreko zientzia komunikatzailea eta “Norteko ferrokarrila” Euskadi Irratiko saioko gidariak egin zituen moderatzaile lanak, honako zalantzatik abiatuta: «Posible da alborapenik gabeko sistemarik?».

ADITUEK IKUSKATU

Saralegik azaldu zuen ataza sinpleak direnean, zuzendu beharrekoa begi bistakoa dela. Adibidez, aseguruentzat arriskua estimatzen duen sistema batean ijitoei arrisku handiagoa jartzen zaienean. Baina «ataza konplexuetan, AA sortzaileko sistemetan kasu, alborapen soziala balio moralen isla da eta onargarria denaren eta ez denaren marra oso lausoa da». Halere, bi muga jartzea ezinbertzekoa dela uste du: Pentsamendu bakarra saihestea, eta nabarmen txarrak diren alborapenak zuzentzeko betebeharra ezartzea.

Arbelaitz kezkatua dago «AAren sortzaileei ematen zaien sinesgarritasunarekin. Aditua banaiz, gai izango naiz sortzen duena egokia den edo ez ikusteko. Bestela ez. Ezin dugu ahaztu teknologiek ez dutela ulertzen, eta sortzen dutena jasotzen duten materialaren konbinazio bat dela».

Juliok aniztasunaren alde egin zuen berriz. «Oso modelo gutxi daude, eta zentralizatzen doaz. Hizkuntzan eta kulturan dagoen aniztasuna behar genuke. Burujabetza ikuspegia, guretik egindako ekimenak».

Orai zentroko ikertzailea ados dago. «Ez dago etika eta moral neutrorik. Soluzioa aniztasuna da; ez dago besterik. Alborapena beti egongo da». Hala, erantzunda gelditu zen Roaren galdera.

EZKERREKO BOTOI BAT

Kazetariak duda gehiago zituen, ordea: «Litekeena da AA batean alborapen bat handitzea?». Bai, algoritmoek datuetan dagoen alborapena handitu dezakete. Juliok jakinarazi zuen Gazan AA erabiltzen ari direla ustez Hamasekoak diren militanteak akabatzeko. «AA iraganean oinarritzen da aurreikuspenak egiteko». Gizarte ekintzaileak «ezkerreko botoi bat» proposatu zuen, «Euskotreneko lokomotorran gizaki bat dagoela adierazteko pedal bat dagoen bezala».

Moderatzaileak galdera filosofikoak egin zizkien, eta filosofikoki aurreratzea ongi datorrela baloratu zuen Juliok. «Euskal Herrian ikerketan egin den bidea egin ez balitz, beste era batera ariko ginateke AAz hitz egiten, modelo irekirik gabe, handiek diotenari so bakarrik. Sortutako hizkuntza teknologiak AAn balia daitezke. Asmatu zen, eta bide hori jarraitu behar da».

Publikoak ere parte hartu zuen. Hauteskundeak izaki, nolako AAren politikak egin behar diren jakin nahi izan zuen lagun batek. «Denontzako AA nahi badugu, baliabide publikoak jarri beharko ditugu», erantzun zuen Arbelaitzek. Irakasleei zer mezu emanen lieketen galdetuta, argi erran zuen: «Klasean ordenagailu gutxiago erabiltzeko esango nieke». Adimen naturalaren apologia batekin amaitu zen, hortaz, adimen artifizialaren mahai-ingurua.