GARA
IRUÑEA

Nafarroan euskararen aldekotasuna emendatzeko aliantza berriak

Azken bi inkesta soziolinguistikoetan «datu kezkagarriak» ageri dira Nafarroan euskara sustatzeari buruzko jarreretan. Horretan oinarriturik, Topaguneak ikerketa bat gidatu du askotariko jendearekin: Erriberakoak, Iruñerrikoak eta Iparraldekoak, euskaltzale, euskaldun zein erdaldun. Jardunaldi batean partekatu zituen ondorioak.

Oskar Zapata eta Iñaki Sagardoi Topaguneko kideak, «Aldeko gero eta gehiago» goiburuarekin egin zuten jardunaldian.
Oskar Zapata eta Iñaki Sagardoi Topaguneko kideak, «Aldeko gero eta gehiago» goiburuarekin egin zuten jardunaldian. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Euskaltzaleen Topaguneak euskararen aldeko jarrerak sustatzeko aliantza berriak ehundu behar direla ondorioztatu du bere ikerketan. Azken bi urteetan egin du azterlana, kolore eta pentsamolde anitzeko jendearekin: Erriberakoak, Iruñerrikoak eta Iparraldekoak, euskaltzaleak, euskaldunak zein erdaldunak. Berau plazaratzeko jardunaldia egin zuten atzo, Iruñeko Kondestablearen Jauregian, “Gero eta aldeko gehiago” goiburuarekin. Diskurtso berriak eta argudioak aurkeztu zituzten, bestelako kontakizunak osatzeko asmoz, Oskar Zapata Nafarroako Topaguneko zuzendariak azaldu duenez.

2016an eta 2021ean egindako bi inkesta soziolinguistikoetan datu «kezkagarriak» ageri ziren Nafarroan euskara sustatzeari buruzko jarreretan. Azkenekoan, partaideen %30 alde agertu ziren, %33 ez alde ez kontra, eta %37 kontra. Kezka horretan oinarriturik hasi ziren lanean.

Helburua azpimarratu zuen zuzendariak: «Etorkizun hurbil-ertainean nafar gehienek euskararen aldeko neurriak propio sentitzea eta babestea. Ezaxola direnak edo urrun daudenak euskararen aldeko jarreretara hurbiltzea, eta aliatuen sarea handitzea».

JARDUNBIDE EGOKIAK

Lanaren lehenbiziko atalean jardunbide egokien zerrenda bat proposatu dute. Horien artean batzuk nabarmendu zituzten: «Heterogeneotasun kulturala, ideologikoa eta geografikoa kontuan hartzea funtsezkoa da, betiko gure jendeaz harago maizago begiratzea».

Aliatuak zaintzea onuragarria izanen dela gehitu zuen Iñaki Sagardoi Topaguneko kideak: «Aniztasunaren eta berdintasunaren defentsan aitzindariak izan behar dugu, zubigintzan jardun eta kulturartekotasuna praktikatu».

Beste jardunbide bat azaldu zuen: «Euskara alderdien jokoetatik at kokatu behar dugu. Euskara nafar identitatearen irudi moderno, inklusibo eta konplexuarekin lotu behar dugu».

«UNIFORMIZAZIOA VERSUS ANIZTASUNA»

Ikerketaren bigarren atalean, euskararen eztabaida parametro berri batzuetan kokatzea proposatu dute: «Uniformizazioa versus aniztasuna; autoritarismoa versus bizikidetza». Zapata: «Garrantzitsua da gizarte nafarrak euskararen aldeko jarrera izatea, abertzaleen kontu bat izatetik harago, posizio politiko gisa: aniztasunaren aldekoa, autoritarismoaren eta inboluzioaren kontrakoa».

Kontakizunak eraikitzea helburu, bi kategoria nagusitan banatu dute materiala. Hizkuntza ekologiari dagokionez, Nafarroaren ezaugarri gorena aniztasuna bada, «euskara Nafarroako aniztasun eta aberastasun kulturalaren isla da», adierazi zuen Sagardoik. Hezkuntzari ere aipamena egin zaio atal honetan: «Euskaraz eta gaztelaniaz bizi ahal izateko jakintza nahikoa bermatzen duen kalitatezko eredu inklusiboa da egokiena».

Bizikidetzan, euskara biziberritzeko prozesuaren gainean gatazka dagoela aipatu zuen Zapatak: «Ikuspegi ezberdinak daude; beraz, gatazka egotea naturala da». Gatazka horiek «era demokratikoan» kudeatu behar dira. Halaber, Nafarroan «euskarak eta gaztelaniak estatus bera eduki behar lukete. Onuragarria da Nafarroan euskara osasuntsu egotea, gizarte hobea izaten laguntzen baitu: aberatsagoa, pluralagoa», eta, horrenbestez, «nafar orok etorkizunean euskaraz jakiteak herritarren arteko eskubide berdintasunean lagunduko luke».

Beste aditu batzuek ere euskararen aldekotasunaren bueltan hausnartu zuten. Eduardo Apodakak eta Marina Massegerrek, besteak beste. Azkenik, “Ongi egiten dugu Iruñekoak izateko” podcasta zuzenean grabatu zuten.