IRAITZ MATEO
DONOSTIA

Hilekoa ardatz, Goiatz Labandibarren gazte literaturako lehen eleberrian: «Putzua»

Goiatz Labandibarrek gazte literaturako bere lehen eleberria argitaratu du, “Putzua” (Erein). Neska nerabe baten esperientzia kontatzen du, baita haren ingurukoena ere: Lagunek ba ote dute hilekorik? Zer ote daki bere lagun Xabatek hilekoari buruz? Aitari kontatu nahi al dio? Nolakoa izan zen amonaren lehenengo hilekoa?

Labandibarrek atzo aurkeztu zuen Donostian bere lan berria.
Labandibarrek atzo aurkeztu zuen Donostian bere lan berria. (Andoni CANELLADA | FOKU)

«Ume izatetik nerabe izatera pasatzen ari den neska baten istorioa da ‘Putzua’», azaldu zuen atzo Goiatz Labandibar idazle oiartzuarrak liburuaren aurkezpenean. Laure da haurtzarotik nerabezarora doan protagonista, eta bere lehen hilekoa duen eguna kontatzen da ehun orrialdetan.

Irakurleak Labandibarren eleberri berria gazte literaturaren apalategian aurkituko badu ere, irakurle asko izan ditzakeela esan zuen Inazio Mujika Ereineko kideak. Izan ere, bere ustez, hainbatetan isildua izan den gaia da hilekoarena, eta lehen aldiz hilekoa duten nerabeez gain, horien lagunei zein gurasoei lagun diezaieke liburuak. «Hilekoarena ez da gai bakarra, harremanak ere jorratzen dira; komunikazioa edo inkomunikazioa azken finean», azaldu zuen Mujikak.

Egun bakarra kontatzen du narrazioak, Laureri hilekoa etorri zaion eguna. Baina egun horretako «sentimendu koktela» zabala eta askotarikoa izanik, horiek denak bildu nahi izan ditu idazleak. Hilekoa «gauza fisiologiko-biologikoa izateaz gain konnotazio soziologiko handikoa da», azaldu zuen Labandibarrek, eta koktel horri nola aurre egiten dion protagonistak jaso du berak liburuan.

Mezu positiboa duen istorioa da, Labandibarren esanetan, horrelako gaiek ikuspegi hori ere landu behar baitute, bere ustez; eta zuzenki ahizpatasunari eta laguntasunari loturikoa: «Ahizpatasunari dagokionez, amak, ahizpak eta amonak ere presentzia handia dute; beraiek ere hilekoa nola bizi duten jakin nahi du Laurek. Eta, bestetik, laguntasunaren garrantzia ere oso garrantzitsua da; beraien harremanak aldatzen ari dira».

Kuleroak odolez zikinduta ikusirik, Laurek zalantzak eta beldurrak ditu, «sentimendu koktel» handi batean dago, ez du kontatu nahi. Abiapuntua hori izanik, alde positiboa gailentzeko ahalegina ere egin du idazleak: «Laurek hilekoarekin bizitzen ikasiko du, baita hilekoari buruz hitz egiten eta are, ospatzen ere».

NERABEEN ERREALITATETIK GERTU

«Idatzi dut neska nerabeentzat, baina ez dut neskentzat bakarrik idatzi, hilekorik ez dutenentzat ere bada, eta inoiz izango ez dutenentzat; beraiek ere Laureren azalean jartzeko ariketa bat da», adierazi zuen Labandibarrek. Baina gazteentzat izateaz gain, helduentzat ere badela uste du; izan guraso, irakasle edo hezitzaile: «gazteen bidelagun izatea ere badagokigulako».

Gazteek hilekoa gaur egun nola bizitzen duten galdetu du inguruan idazleak, irakasleei batez ere, gazteen errealitatera ahalik eta gehien hurbildu nahi izan baitu. Horretarako, nerabeen hizkera ere erabili du. Aitortu zuenez, bere oroitzapen eta bizipenetatik ez da gehiegi aldatu lehen hilekoaren esperientzia, «lotsak, ezezagutzak, sineskeriak… berdin jarraitzen du».

Mujikaren iritziz, liburuaren azalak ere arreta emango du. Hanka batzuk ageri dira komunean eserita, kuleroak odolez zikinduta eta lorez beterik, eta izenburua behealdean. Azala Ane Narbartek egin du; ilustratzailea izateaz gain, Loregorri kolektiboko kidea da, ziklizitatea eta hilerokoa lantzen duten kolektibokoa. Labandibarrek kontatu zuen ez zuela ausaz jo harengana, eta testua eman ostean nahi zuena egiteko askatasuna eman ziola. Oso pozik dago emaitzarekin.