Joxemari CARRERE
Ipuin kontalaria

Txirritak

Ezaguna da oso ‘‘Inurria eta Txirrita’’-ren fabula. Inurri langileak udan janaria bilduko du neguan gosez ez hiltzeko. Txirritak, berriz, uda kantari pasako du, eta negua heldutakoan ez du jatekorik izango. Samaniego arabarraren fabulak lanaren eta prebisioaren goraipamena egiten du; artistaren alferkeria gaitzetsiz. Alabaina, galdera datorkit burura: inurri langileak, negu gorrian inurritegian gordeta, jan eta lo besterik ez zuen egiten?

Euskal bertsolaritzak emandako erreferenterik handienetakoa Jose Manuel Lujanbio “Txirrita” da; bertso sortzaile aparta. Alfer handiaren ospea ere bazuen; baina gure aitonak, langile porrokatua, buruz zekizkien haren bertso asko. Baserrietako negu gauetan kontatzen ziren ipuinak gabe bizitza latzagoa izango zen.

Txirritaren kanturik gabe inurriaren bizitza askoz ere aspergarriagoa eta tristea izango zen, ezbairik gabe. Zertarako sortzaileak zaindu? Liburu batekin gozatzean, antzezlan batekin liluratutakoan, aspaldi zaharrean gertatutako ipuin batekin harritzean edo kantuan eta dantzan aritzean, gogoratu horren atzean sortzaile bat dagoela, txirrita bat, udan ez ezik, urte osoan lanean diharduena guztion gozamenerako. Zarautzen, Lanartea sortzaileen elkarteak “Inurria ttirrikittaka” agerraldiarekin erakutsiko du hala dela.