GARA
ARBERATZE

Gorka Urbizu, Anari, Ezezez, Meule, Ahuen... EHZ jaialdiak kartela osatu du

Gorka Urbizu, Anari, Ezezez, Meule, RTZ kolektiboa, Broken Brothers Brass Band, Bloñ, U, Vox Low, Auhen, Raimundo el Canastero eta Katoum. Hauexek dira, besteak beste, Euskal Herria Zuzeneanen egitaraura gehitu diren izenak. Ekainaren 28, 29 eta 30ean lehen aldiz jaialdia hartzeko prestatzen ari da Arberatze.

Gorka Urbizu GARAren 25. urteurreneko festan, joan den urtarrilean, lan berria aurkezten.
Gorka Urbizu GARAren 25. urteurreneko festan, joan den urtarrilean, lan berria aurkezten. (Aritz LOIOLA)

Euskal Herria Zuzenean jaialdiaren kartela osatuko duten musikariak eta taldeak dira Gorka Urbizu, Anari, Ezezez, Meule, RTZ kolektiboa, Broken Brothers Brass Band, Bloñ, U, Vox Low, Auhen, Raimundo el Canastero eta Katoum.

Lehendik iragarritako Su Ta Gar, Süne, Pelax, Old School Funky Family, Rüdiger, Janus Lester, Octopussy, Belako, Nakar, Benizze, Lysistrata eta Vincen Garcia bezalako izenei gehituta, Euskal Herria Zuzenean jaialdiak kartel osoa iragarri zuten atzo.

Ekainaren 28, 29 eta 30ean, lehen aldiz Arberatze herrian eginen da EHZ. «Broken Brothers Brass Band txarangak festibalari hasiera emanen dio ostiralean Arberatzeko plazan. Pentzean, afrikar soinuak punk eta rock doinuekin nahasten dituen Tshegue bikoteak joko du, besteak beste, eta Meule taldearen musika hipnotikoak hetsiko du gaualdia», iragarri zuten.

«Larunbatean, urririk izanen den Arberatzeko plaza afrikar dantza tailerrarekin abiatuko da eta ondotik bertso musikatuak errimaz jantziko du herriko plaza. Antzerki gunean, Cie ZeC zirku eta musika konpainiak bere ikuskizun berria aurkeztuko du. Arratsaldean, Anari artistak eta Buuzbu taldeak kantatuko dute. Tartean, hainbat txarangek eguna animatuko dute. Pentzean, RTZ Ipar Euskal herriko rap kolektiboak bere lehen EPa aurkeztuko dio publikoari. Gorka Urbizu ere gurekin izanen dugu, beste zenbait artisten artean. Rave eta post-punk kulturatik hurbil den Vox Low laukoteak gaualdiari bukaera emanen dio», azaldu zuten.

Urtero bezala, Gaitero eta Ziganteekin hasiko da igandeko eguna. «Arratsaldean, Beethoven artistaren akrobaziek publikoari bertigoa emanen diote, eta Pantzo Man Showk aktualitatea jorratuko du bere umorearekin antzerki gunean. Par-Allèles konpaniak ‘Face à face’ hip-hop dantza ikusgarria eskainiko du plazan, eta ondotik Cocanha okzitaniar talde famatua oholtzara igoko da. Arratsean, orain arte iragarri taldeez gain, Katoum, Ezezez, Bloñ eta Ü taldeak ariko dira», esan zuten. Haurrek ere egitarau berezia izanen dute haientzat atondutako Xokoan. Larunbatean eta igandean puzgarriak, jokoak eta hainbat animazio izanen dira.

«Arberatzeko eskola publikoan, aktualitateko gaiez eta erronkez eztabaida eta mintzaldiak antolatuko dira, hala nola Palestinaren egoera, Europako paktua eta immigrazio legea, laborarien urte hastapeneko mobilizazioak, musika festibalen ereduaren inguruko hitzaldia, Ertzaintza eta teknologia berrien erabilera, Marrazkirri erakusketa, Euskara iniziazioa... Eztabaida xokoko programazioa aurrerago zehaztuko dugu», aipatu zuten antolatzaileek.

Urtero bezala, ehunka laguntzaile lanpostu ezberdinetan txandakatuko dira festibala gauzatzeko. «Denen beharra dugu», nabarmendu dute. Izen ematea webgunean egin daiteke. Hiru eguneko bonuak -60 eurotan- eta sarrerak ere eskura daitezke. Kanpalekuari dagokionez, «bertan lo egiteko aukera izanen dute festibalariek, baina soilik festibaleko pass-a ukanen dutenei irekia izanen da», ohartarazi zuten. Aurten iparraldeko leku ezberdinetatik autobusak antolatuko dira. «Atarratze, Baigorri eta Baionatik, egunero iriste eta partitze tenore desberdinekin. Bidaia bakoitza 1,20 eurotan izanen da eta ekainaren 3tik goiti salgai izanen dira», ezagutarazi zuten.